Euskara ikasteko eskubidea bermatzeko dirulaguntzak handitu ditu Nafarroako Gobernuak

  • Norbanakoentzat 300.000 euro eskainiko ditu, eta euskaltegientzat 2,1 milioi euro; iaz baino ia milioi bat euro gehiago izango dira. Euskara ahora kanpaina ere aurkeztu dute, helduak euskara ikastera bultzatzeko asmoz, “batez ere gazteak”.

"Euskara ahora" kanpaina abiatu dute, helduak euskalduntzera animatzeko.

2022ko irailaren 1ean - 09:46
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

“Jarraitzen dugu urratsak ematen doakoa izan dadin helduentzako euskararen irakaskuntza”. Halaxe laburbildu du Euskarabideako zuzendari Mikel Arregik Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak handitu izana. Ultzamako Udaleko zinegotzi Izaskun Anduagarekin batera aurkeztu ditu datorren ikasturterako laguntzak, abuztuaren 30ean. Guztira pasa den ikasturtean baino 956.000 euro gehiago emango ditu gobernuak.

Norbanakoei bideratutako deialdian 300.000 euro emango dituzte, iaz baino 56.000 euro gehiago. Gogorarazi dutenez, 2020-2021 ikasturtean gutxienez 800 pertsonak eskuratu zuten laguntza hori, eta 2021-2022koan, 1.000 pertsonak. Gainera, euskaltegiei zuzendutako laguntzak 2,1 milioi eurokoak izango dira; iaz baino 900.000 euro gehiago, hain zuzen. “Herritarrek euskara jakiteko duten eskubidea” bermatzea dute xede.

Izaskun Anduagak, toki erakundeen izenean, jakinarazi du euskara ikastea “ia doakoa” dela kasu askotan, zeren Euskarabidearen laguntzekin 380 euroraino eskuratu daitezke, eta horrekin bateragarriak dira udal askok eskaintzen dituzten dirulaguntzak. Urriaren 1etik azaroaren 30era bitartean eskatu ahal izango dira laguntza horiek, www.euskaraikasi.nafarroa.eus atarian edo 012 zenbakira deituta.

“Euskara ahora” kanpaina

Sustapen kanpaina berria ere aurkeztu dute, “Euskara ahora” izenekoa. Horren bidez helduak euskalduntzera animatu nahi dituzte, “bereziki gazteak”. Azaldu dutenez, euskara ikastea “aukera erakargarri gisa” aurkeztu nahi izan dute kanpaina honetan. Irailean ikusiko da kanpaina hainbat tokitan: sare sozialetan, markesinetan, aldizkarietan, irratietan eta NUPeko Arrosadiako campusean. Horretarako gobernuak 54.000 euroko inbertsioa egin duela zehaztu dute.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2025eko abenduaren 8
Tranbian

2025eko abenduaren 4
Zenbat Garak 30 urte
Arnasgune bat, Bilboko basamortuan

Eguneraketa berriak daude