Euskara ez da oztopo izan behar, aukera baizik


2021eko urtarrilaren 07an - 10:58

Zorigaiztoko pandemia honetan murgildurik, euskarazko zerbitzuak bermatzeko ezinbestekoak diren arreta-zirkuituak garatu ezinik, Osakidetzak aurrera jarraitzen du Itzulbide proiektu malapartatuarekin. Gure garuna gupidarik gabe bonbardatzen du, adimen artifizialaren onurak goraipatuz etengabe. Teknologiaren gomutaz, gazteleraren aurrean apalik, osasun langileok historia klinikoan euskara erabiltzeko oztoporik ez izatea du xede Itzulbidek. Euskaraz lan egitea oztopo gisa ikusten baitu Osakidetzako zuzendaritzak, baita Euskara Zerbitzu korporatiboak ere.

Euskarak aukera izan behar luke, osasungoaren eta hizkuntzaren arloan lidergoa eskuratzeko aukera. Osakidetza mundu mailan erreferente izateko aukera; ikerkuntzan, prestakuntzan, sorkuntzan eta ezarpenean. Osasun-zerbitzuak bi ele ofizialetan eskaini eta emateko gaitasuna erakuts dezakeen nazioarteko liderra.

Zoritxarrez ez da horrela eta, esan bezala, bere ezintasunaren frogagarri gisa, Euskara Zerbitzuak berak, bere burua sustatzeko erabiltzen duen Osatuberri aldizkarian, euskara arriskutsutzat jotzen du. Hitzez hitz, “arriskua sor daiteke euskara hutsean idatzitako testu edo txostena beste profesional batek larrialdi-egoera batean irakurri behar badu eta euskara ulertzen ez badu, historia klinikoa, besteak beste, profesionalen arteko komunikazio-tresna garrantzitsua baita.”

"Osasungintzan euskaldun izatea traba bat dela da helarazten zaigun mezua. Itzultzailerik ezean euskaraz idaztea, euskaraz lan egitea, arriskutsua izan daitekeela"

Profesionalen arteko komunikazioa da, orain, euren lehentasuna. Ez zaie bururatu, edo hobe esanda, ez dira ausartu, paziente eta profesionalen arteko komunikazioari buruz txintik ere esatera. Ez dituzte inoiz aitortu, are gutxiago salatu, euskaldunei arreta gaztelera hutsean emateak sortu dituen gaizki-ulertuak, alboko edo kontrako ondorioak, kalteak eta negarrak. Osasun arreta pazientearen lehentasunezko hizkuntzan ematea nahitaezkoa, derrigorrezkoa dela, ez dute esango. Hizkuntza, euskara, ez baita osagarri bat, nahierara piztu eta amatatu daitekeen gailua, arreta-prozesuaren parte baizik, banaezina guztiz. Izan ere, pertsonengan ardazturiko arreta da, edo izan behar luke, gure eredua. Pertsonengan, eta ez profesional batzuen apetan edo interesetan zentraturikoa. Medikua naizenez, gogoraraziko dut berriro: hau osasun arreta da. Pertsonek pertsonak artatzea. Euskaldunak badira, euskaraz.

Ez dio batere onik egiten arretaren normalizazioari, ezta euskararen normalizazioari ere, horrelako mezu uzkur, ezkor eta kikilak zabaltzeak, arreta euskaraz eskatzerako orduan herabeti, lotsati eta beldurrez agertzeak. Arerioari arrazoia ematea baita. Eta arerioak, egon badaude. Higuinaren pedagogia dakarkigu gogora, zeinak pazientea, kasu honetan euskalduna, bere izaera eta jarrera ukatzera daraman. Ziurgabetasun linguistikoa indartzen duen hizkuntza-politika baino ez da, euskalduna estereotipoz eta estigmaz zamatzen duena. Osasungintzan euskaldun izatea traba bat dela da helarazten zaigun mezua. Itzultzailerik ezean euskaraz idaztea, euskaraz lan egitea, arriskutsua izan daitekeela eta, beraz, saihestu beharreko zerbait dela jakinarazten zaigu, leuntasunez edo irmoki, ozenki edo isilpean. Eta hori, argi eta garbi, onartezina da.

Horrelako mezuak igortzea pertsonen duintasunari eragin diezaiokeen kaltea kontuan hartu behar luke Osakidetzako Euskara Zerbitzuak. Ahuldade egoeran dauden paziente euskaldunen aurka sor ditzakeen jarrera ezkorrak eta baztertzaileak aldez aurretik eta tentuz pentsatu. Ez da etikoa, ez da bidezkoa horrelakorik adieraztea erakunde publiko batean.

Hau guztia kontuan hartuta, medikua izateak ematen didan zilegitasun eta ahalmenaz baliaturik, baina batez ere medikua naizenez behartuta nagoelako, ez naiz isilduko. Kalterik ez egitea da gure lehendabiziko araua, eta egindako kaltea onar dezala eskatzen diot Euskara Zerbitzuari.

Osasun arreta euskaraz eskaini behar da, ahozko eta idatzizko harremanetan, maila guztietan, edonon eta edonoiz. Eta euskaldunok euskaraz idazteko eta lan egiteko eskubide osoa daukagu. Itzultzailerekin edo itzultzailerik gabe. Eta oztopo izan beharrean, pazienteak eta langileak erruz ito beharrean, aukera dela esan behar da. Euskal osasun zerbitzua munduko onenetarikoa izateko aukera, euskarari esker eta euskararen bitartez.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Zainduta

Umea gelan eranzten utzi, eta ni lau minutuan jantzi naiz, bi pasa behar izan ditudalako pulamentuzko kulerorik ez dudala ohartzeko, eta souvenir moduan gordeta nituen norbaiten kaltzontziloak janzteko. Nik bakarrik jakingo dut galtzen azpian Spiderman daramadala. Hogeita bost... [+]


2024-05-12 | Diana Franco
Teknologia
Norbera izatea ahaztu

Oso gogoko dut zientzia fikzioa, genero honetan istorioak oso modu aldrebesean kontatuak izaten badira ere. Fikzioa erabiliz, dugun errealitate konplexua azaltzeko edota eraldatzeko modu berriak lantzen dira. Ocativa E. Butler zientzia fikziozko idazleak, elkarrizketa batean,... [+]


Israel ahulduta eta Iran boterea hartuta

Azkeneko hamarkadan Frantziak, Erresuma Batuak eta AEBek Siria inbaditu zuten nazioarteko legedia hautsita. 2024an oraindik Washingtonek Siria okupatzeko dozena bat base militar inguru ditu eta herrialdearen petrolioaren zati handia lapurtzen du. Israelek Siriako eta Palestinako... [+]


Hamaika

Ez dakit zure herrira helduko den Hamaika diziplina anitzeko proiektu artistikoaren erakusketa.

Artelanekin batera, hamaika lekukotasun. Bertan denetarik dago: beldurra, mina, amorrua, esperantza, etsipena, indarra... Maitasunez idatzitako testigantzak. Garondoan mehatxuaren... [+]


Eguneraketa berriak daude