Euskaltegi publiko eta homologatuentzako diru laguntzak emateari ekingo dio berriz Jaurlaritzak. Horretarako, 700.000 euroko aurrekontua gorde duela azaldu du Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura sailburuak. Aurreko Gobernuak laguntza horiek kendu zituen eta gogor kritikatu zuten.
Sailburuak euskararen garrantzia nabarmendu, eta aurrekontuetan harekiko hartu duten konpromisoa “ikusi eta frogatu” daitekeela esan du. Izan ere, euskarazko hedabideak sustatzeko diru sailak ere mantenduko dituzte Uriarteren arabera.
2013rako aurkeztutakoak 294 milioi euro gutxiago baditu ere, Uriartek “aurrekontu sozialak” direla azpimarratu du. Izan ere, haren ustez “ez dira murrizketak, diru faltaren ondorioa baizik”. Sailburuak dioenez, helburua oinarrizkoena bermatzea da.
Oposizioa, dena den, ez da ados agertu. Hezkuntza publikoan mozketak egin eta itunpeko ikastetxeei laguntza mantendu izana leporatu dio EH Bilduko Juanjo Agirrezabalak Uriarteri. Bekak ere murriztu direla salatu dute, baina Jaurlaritzaren ustez, iaz erabili zen diru kopuru berbera bereizi dute.