(ARGIAren oharra: Testuaren luzera dela-eta, hiru zatitan argitaratuko dugu Joseba Barriolaren lana. Honakoa duzu lehen zatia, irakurle)
Euskalgintzaren Kontseiluak dokumentu bat argitaratu du “Hizkuntza Politiketan Eragiteko Adostasun Soziala” izenekoa. Dokumentuak hiru zati ditu:
*** Sarrera (Atarikoa, Kokapena, Printzipioak, Helburua)
*** Norabidea eta Helburuak (Euskararen erabilera eroso erabiltzeko jomuga eta baldintzak): maila indibidualeko baldintzak eta maila kolektiboko edo egiturazko baldintzak {ezagutzaren unibertsalizazioa eta erabilpen erosorako eremuak sortu-garatu-elkarlotu}
*** Arlokako norabidetzea: administrazioa, hezkuntza, eremu sozioekonomikoa, hedabideak ingurune digitala.
*** Dokumentuaren amaiera: normalizazio prozesuarekin konprometituta dagoen eragile ororekin… partekatu, eztabaidatu, adostu nahi da eta horrez gain konpromiso eta urratsetan jartzen da azpimarra.
Euskalgintzaren Kontseiluaren “xede nagusia euskararen normalizazio-prozesua azkartzea da” eta horri begira “hizkuntza-politika aurrerakoiak garatzea du helburu”. Horrela, egitasmoaren kokapena egin ondoren eta printzipio batzuen arabera, “euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea da helburu nagusia”. Horretarako deia luzatzen die “gizarte eragileei”.
A) Hizkuntza-normalizazioa saski-naski bat da. Zer da normalizazioa? Zein prozesuaz ari da? Prozesu horren akatsa mantsoa dihoala al da eta horregatik azkartu beharra dagoela?
Normalizazioa. Askorentzat ingelesa, gaztelera edo frantsesa dira hizkuntza normalizatuak. Horien egoera normala, erosoa al da normalizazioaren iparra? Bere espazio propioan hizkuntzei buruzko pentsamendu bakarra (harrokeria propioa eta besteekiko mespretxua) hedatzen eta beste hizkuntzen espazioa inbaditzen duten hizkuntzak ez daude normalizatuak, gaixotasun batez joak daude. Ez dute hizkuntzen berdintasuna eta aniztasuna aintzat hartzen. Ehunka hizkuntza lurperatuak izan dira (baita euskaldun jendearen partizipazioarekin ere) hizkuntza “normal-gaixotu” horien hedapenarekin eta beste milaka hizkuntza gutxituak balioetsiak izaten dira gaur egun. Hori ezin da normalizazio eredua izan. Hizkuntza horien erabilera erosoa da dominatzailearen erosotasuna. Zer da, orduan, Kontseiluarentzat “normalizazioa”?
Izan ere euskararen, orain artekoa, zer izan da? Prozesu bat edota izan dira prozesu-egitasmo ezberdinak? Erantzuna, nola ez, “hainbat buru hainbat aburu”, anitza izango da. Kontrako norabidetan doazen ahaleginek ere, denek, “euskararen normalizazioa” dute aldarritzat. Euskaraz edo euskararen izenean edo alde, egiten den guztia ez da, besterik gabe, prozesu bat eta bakarra. Are gutxiago euskararen normalizazio-prozesua. Zertaz zehazki ari da Kontseilua?
"Arnas-gune linguistiko kontrolatuen eta mugatuen hesiaren barnean euskara ere kolapsora edo heriotzara kondenatua dago. Zentzu honetan, dugun problematika ez da, dagoena azkartzea, norabidea aldatzea baizik"
Eta definitzen ez den prozesuaz, esaten da, “azkartu” behar dela. Adibide bat: Jaurlaritzak sustatzen duen “normalizazio prozesua” (diruz, lege eta arauez eta euskaltzale batzuen prestigioa erabiliz) zer izan da: mantsoa? Eta horregatik azkartu beharrekoa? Edo Jaurlaritzak bultzatutako normalizazio prozesuaren norabidea bera da oker dagoena, eta orduan, dagoen premia norabide berri bat hartzea da?
Baina, norabidea ezin da izan “gaurko bizimoldea euskaraz ere egitea”. Gaurko bizimoldea, bizitzaren aniztasun biologikoarekin, bizitza duinarekin, bizitza erdigunean jartzearekin, hitz batez bizitzaren jasangarritasunarekin inkonpatiblea den bezala, gaurko bizimoldea inkonpatiblea da hizkuntzen aniztasunarekin, euskararen bizitzarekin, gizakiok dugun hitz egiteko ahalmenarekin.
Oximoron bat da euskarari bizitza eman nahi izatea eta esplotazioa, patriarkatua, ekozidioa, genozidioa euskaraz praktikatzea. Sistema glotofagiko mundialak eta horren barnean Espainiako eta Frantziako estatu glotofagikoek baimentzen duten arnas-gune linguistiko kontrolatuen eta mugatuen hesiaren barnean euskara ere kolapsora edo heriotzara kondenatua dago.
Zentzu honetan, dugun problematika ez da, dagoena azkartzea, norabidea aldatzea baizik.
B) Hizkuntza-politika aurrerakoiak garatzea
B.1..- Zer da hizkuntza-politika? Dokumentua irakurrita, eta kontutan hartuta proposatzen diren neurriak, gehienbat Autonomiako instituzioek praktikan jartzeko proposamenak direla, ondoriozta daiteke hizkuntza-politika dela instituzio politikoek egiten dutena.
Galderak: Kontseiluak berak egiten du hizkuntza-politika? Merkatuek (Bankuek, Farmazeutika globalizatuek, Digitalizazioaren erraldoiak, Petronor eta Iberdrola…) egiten dute? AEKrena zer motatako hizkuntza-politika da? Eta Ikastolena? Eta Diario Vascok egiten duena? Eta areago joan da: Espainiako Parlamentuak edo Frantziakoak egiten al dute hizkuntza-politika, eta horrekin baldintzatzen al dute ez soilik espainolaren/frantsesaren anormalidadea, baizik eta euskararen eta beste hizkuntzen bilakaera? Eta ez da horretaz ezer esan behar? Autonomiara mugatzeak erren uzten du planteamendua.
2.- Nola definitzen da hizkuntza-politika aurrerakoia eta atzerakoia? Non kokatu Jaurlaritzen eta Nafarroako Gobernuen hizkuntza-politikak? Hizkuntza-politika bat izan daiteke aurrerakoia ahazten badu aurrera goazela, zentzu batean, kolapsora eta baita, noski, hizkuntzen (euskara barne) kolapsora?
3.- Zein da goia jo duen hizkuntza-politika? Zein da agortu dena? Gehiago eman ezin duena? Autonomien hizkuntza-politikak? EAEkoa? Nafarroakoa? Iparraldeko Elkarte berriarena? Orain artekoa (demagun EAEkoa) egokia izan da eta orain, azken denbora honetan, goia jo al du, baina lehen egokia zen? Bere problema soilik zen mantsoa zela eta horregatik azkartu behar dela? Abiadura kontua soilik da eta ez moduen eta edukien eta norabidearen kontua? Edo hasieratik euskararen bizi-indarra moteltzeko eta otzantzeko diseinatu ziren? Herriaren eskakizunari nolabait erantzun beharrez abian jarri al zen autonomia linguistikoa, ezarrita dagoen sistema glotofagikoaren {Estatuak (Espainiako Estatuarena konstituzioan bortizki ezarria) eta Merkatuko Botere Handiak} mugetara egokitzeko antolatua? Autonomiak, dirua, lege-arauak eta prestigioa erabiliz, euskararen komunitatearen autopertzepzioa faltsutu al du? Euskararen bihotzetik (eta hizkuntzen berdintasunetik eta bizitzaren duintasunaren eta aniztasunaren defentsatik...) urrunen dagoen jendeak hartu al du “normalizazio-prozesuaren” gidaritzaren eskumena? Erdaraz bizi den Jaurlaritza euskararen bizitzaren buruzagi? Euskaraz ez dakien Buesa hezkuntzako Kontseilaria hezkuntza euskalduntzearen arduradun? Azkuna erdaldunak agintzen du Osakidetzaren euskalduntze plana? Adibidetxoak baizik ez dira.
"Ikasi dugu instituzioetan egoten, planak onartzen, dirua gastatzen…baina bizitzaren, euskararen bizitzaren muinetik, nukleotik urruntzen ere ikasi dugu"
Esaten da dokumentuan azken urte hauetan asko ikasi dela soziolinguistikari buruz. Eta bai, asko idatzi da. Baina soziolinguistika al da bizi-indarra ematen diguna, edo bera da ilusio faltsuak egiteko edota etsipenean murgiltzeko datuak eskaintzen dizkiguna?
Bai, ikasi dugu instituzioetan egoten, planak onartzen, dirua gastatzen…baina bizitzaren, euskararen bizitzaren muinetik, nukleotik urruntzen ere ikasi dugu. Osakidetzak euskalduntzeko planak egin ziren… baina, euskaldun osoak bilduz eta motibazioa landuz hasi beharrean, dekretu-agindu-mehatxu batekin hasi zen. Zuzendaritzatik hasi beharrean, behe mailako administrariekin hasi ziren.
Aurrera pausuak eman dira. Nola ez? 60 hamarkadan eman zen kontzientziaren eztandaren oihartzunak gure egun hauetaraino iritsi dira. Izan dira aurrerapen garrantzitsuak. Eta horiek izan dira euskaltasunaren kalitatean eman zen jauziaren fruituak. Eta orain, garaiak aldatuak, Autonomia ponposoa edukita ere zer gertatu da? Zergatik daude ahuleziak erabileran, euskarazko kultura kontsumoan, ezagutzan eta motibazioan? Hori aztertu beharra dago. Eta ez naiz inozoa pentsatzeko horren errua instituzio autonomikoena dela. Ez dute horretarako botererik. Arazo sakonagoa da eta globala da. Baina Autonomia ez da gai, ez daki edo ez du nahi, nola egin aurre hizkuntzen kolapsoari. Ez da konturatu (edo ez du horretaz konturatu nahi), bera delako kolapsora garamatzan sistemaren defendatzailea.
Baina aldi berean, instituzioetatik kanpo eta ertzetan, ematen ari dira aurrera pausu kualitatiboak: aurrerapen handiak eta sakonak ematen ari dira zenbait komunikabideetan, hausnarketa teoriko ekologikotan, feminismoan, kultur sormenean eta komunitate euskaldunak eratzean (kooperatiba mugimendu eraldatzaile berria, adibidez…). Kontzientziaren eztanda berri baten premian gaude. Euskara bizia da bizitzaren hizkuntza deklinatzen duena.
Ezagutu dugun Euskal Elkarte Autonomikoaren boterea. Botere mugatu eta menpekoa, baina boterearen esperientzia berri bat izan da. Egin ditu gauza asko, itxuraz ikusgarriak izan direnak (dirua, legeak eta arauak eta planak, euskaltzaleak kooptatu ditu...). Neurketa kuantitatiboak egin dira, subentzionismoa elikatu da, lege-arauak ezarri dira, baina inoiz ez da ikusi euskararen bizi-indarraren muina. Honi dagokionez, egiaz, guztiz eskasa, penagarria, desastrea izan da. Ez baita “eremu” horren existentzia eta lehentasuna ikusi ere egin.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Usaiako "süjetik" gabea, esku andana batek idatzia, errejent multzo batek zuzendua, gertakizun askoren kontari, gisa guzietara kolektiboa da.
Abuztuan 411.000 hektarea baso eta lursail erre dira León, Asturias, Ourense, Cáceres eta Zamoran. Bizkaiko eta Gipuzkoako azalera osoa beste. Irmotasunez esan dezakegu muturreko baldintza meteorologikoek sutu zituztela suteak, berotze global antropogenikoaren... [+]
Euria ari du. Ekaitza. Egun beroegi baten ondorengo bustialdia. Eta tenperatura jaitsiera bedeinkatua. Ez dakit Galizia aldean euririk egin duen azken aldian, ez dakit suteak itzalita diren jada, eta etxetik irten behar izan zutenak itzuli ahal izan diren.
Komunikabideetan... [+]
Oporretan nengoela, gorputza eta burua gozatzera bideratu ditut. Turista bilakatu naiz, eremu digitalean zenbait trebezia dugunontzat, oso erraza. Motxila hartuta familiarekin handik hona ibili naiz, poltsikoan dibisa asko barik, mapa fisiko barik, plan asko barik…... [+]
Gizonezkoak ziren gehienak Sanferminetako entzierroetan; gizonezkoak ia denak Frantziako Tourrean; gizonek hartu dute udako musika jaialdietako oholtza eta backstage-a; gizonezkoak dira nagusi bertso-plazetan; gizonezkoak dira Donald Trump, Vladimir Putin eta Benjamin Netanyahu... [+]
Chocón, Kolonbiako hiri batean, beltzak, indigenak eta mestizoak elkar bizitzari eusten saiatzen dira. Beltzek txoloak deitzen diete embera indigenei, eta emberek beren hizkuntzan hitz egiten dutenean, kristauez hitz egiteko esaten diete bai mestizoek eta bai beltzek... [+]
Akordatzen naiz Blanca Llum Vidal poeta maitasunaz hizketan entzun nuen lehendabiziko aldiaz. Bere esperientziaz aritu zen, besteak beste. Esan zuen bere ordura arteko bizitzan maitasuna beti amaitzen zela, baina maitasunak ez lukeela amaitu beharko sentituz bizi dela. Ez dela... [+]
Hilotan, euskara sarritan izan dugu albiste. Txarrerako, euskaltzaleon artean nagusi den aldarte ezkorra ikusita. Baina euskararen egoera txarra dela ez da kontu berria, datuen bitartez beste zerbait iradoki den arren.
Har dezagun, adibidez, hizkuntzak irabazi ei dituen... [+]
Dena ongi doa. Nola izan liteke bestela opor garaian, gora eta behera, ase arte ibili ondoan? Zeregin zehatzik gabe alderrai ibili gara, gogoa ematen zigun leku eta jendeen artean. Gustukoa baizik ez dugu egin, ez-atsegina zena ahantzi eta baztertu, jainko tipiak bagina bezala,... [+]
Lanbidean urteak daramatzagun basozainok, gogoan ditugu 1989. urtean Euskal Herria bortizki kolpatu zuten mendiko sute handiak. Urtarriletik luze zetorren lehorte latza udazkenean lehertu zen haize bortitzen bultzadaz. Dozenaka sutek beltzez jantzi zuten lurraldea, bereziki... [+]
Donostia arpilatua, bortxatua eta propio erreta Espainiako independentziaren alde 1813ko abuztuaren 31n.
1808an Napoleon enperadoreak Baionan bildu zituen elkarren aurka borrokatzen ari ziren Espainiako errege aita-seme borboiak, Carlos IV.a eta Fernando VII.a, biek nahi... [+]
Sarriegi jokatzen dugu erreaktiboki Euskal Herrian eta Euskalgintzan. Albiste bat, elkarrizketa bat, epai bat, eraso bat. Ondoren, erantzuna. Tamalez, berriro ere inertzia berak nakar Ander Gurrutxagaren elkarrizketa euskarafoboa aztertzera. Gustura gelditu zen, tartean zera... [+]
Euskararen (euskaldunon) aurkako oldarraldiak ertz ugari ditu; horietako bat fronte mediatikoa da, Voxento taldea buru eta PSOE-CCOO-UGTko kide ezagunak ekintzaile nagusi. Sarri eskaintzen digute idatziren bat, barnera dezagun Euskal Herriko hizkuntza ofizialetatik zein diren... [+]
Hamar minutu igaro dira lur hartu dugunetik. Bizkaiko kostatik sartu, Leioa gainetik igaro eta gurpilek ordeztu dituzte hegalak Loiun. Bosteko ilaretan irten behar omen da hegazkinetik eta gu hogeita zazpigarrenean gaude zain. Estatubatuarren ikerlanek diote istripu bat egonez... [+]