Euskaldun izateko eskubidearen defentsan


2021eko abuztuaren 12an - 11:42
Azken eguneraketa: 13:48

Badira egun batzuk Arnas Dezagun deitzen den guraso talde batek nolabaiteko poztasuna sortu zidana. Ez baina Ez sakabanatu eskolan haur euskal hiztunak! artikuluan idazten zutena berria zelako edo harritu ninduelako, guztiz identifikatua sentitu nintzelako baizik.

Bikotea eta biok Altsasuko eta Bakaikuko euskaldunak gara (euskaradunak, hau ere esplikatu behar omen da eta), gure seme-alabak ere bai, noski, eta euskaraz bizi nahi dugu, atrebentzia ez bada.

Ez genuen uste, garai honetan, Sakanan zailtasun berezirik izango genuenik horretarako. D eredua da nagusi Sakanako ikastetxeetan (publikoetan zein itunpekoetan), halere, bada oraindik A ereduan dabilen gutxiengo bat. Hau horrela, guztia alde genuela zirudien.

"Euskaraz bizi nahi dugu, atrebentzia ez bada. Ez genuen uste, garai honetan, Sakanan zailtasun berezirik izango genuenik horretarako. D eredua da nagusi Sakanako ikastetxeetan"

Eskualdeko ikastetxe publikoetan Haur eta Lehen Hezkuntza eskola txiki edo gertuko eskoletan izaten da. Gure kasuan umeak Etxarri-Aranatzeko San Donato ikastetxe publikoan izan ziren eta hirugarrena ere bertan da. Eskolak, irakasle taldeak alegia, bereak eta bi borrokatu zuen A eredua desager zedin, erdaldunak euskalduntzen izugarrizko lana egin zuten, aisialdia euskaraz bultzatu zen (egun gauzak okerrera egin du arlo honetan) eta atsedenaldian umeak euskaraz ari zitezen programa ezberdinak zituzten (jolas bideratuak, txartel jokoak,…) Iritsi da baina, institutura joateko unea.

Taldeak egiteko garaian institutuko orientatzailea ikastetxe bakoitzarekin harremanetan jarri eta ikasleen arteko harremanak eta bestelako informazioa elkar banatzen dute, eta horren arabera taldeak osatzen dituzte... Baina euskararen erabilera ez da taldeak osatzeko unean irizpide bezala kontuan hartzen. Eta ondorioak halakoxeak. Gure alabaren kasuan, D ereduan matrikulatuta egon arren hizkuntza ohiturak guztiz aldatu zituen, institutuan eta kalean solasaldi guztiak gazteleraz egiten zituen, etxean ere gaztelera erabiltzen hasi zen…desastrea.

Esperantzara kondenatuak gaudela dio Garik eta hori izango da akaso, baina argi izpi bat ikusi dut alabarengan azkenean. Institututik kanpo jada, 16 urterekin, Etxarriko eskola garaiko lagunekin euskaraz hitz egiteko ohiturari eusten dio, ikastetxe hura harendako arnasgune ederra izan zelako. Altsasuko Institutuan ez zuen aukera hori izan, bertan sortu ziren harreman berriak gazteleraz sortu ziren eta hala jarraitzen dute izaten, erdaraz.

Gurea adibide bat besterik ez da, ezagutzen ditut gehiago nire inguruan eta Euskal Herri zabalean horrelako makina bat izango dira, ziur.

“Eskolak ezin du dena egin” haurrak euskalduntzeko garaian, ados nago, irakasle izanik errealitatea zein den ezagutzen dut, baina eskola ezin daiteke izan haur euskaldunak erdaldun bilakatzeko gune. Alde ederra ikusi nuen nik Etxarriko eskolaren eta Altsasuko institutuaren artean horretan, tamalez.

Gure seme-alabek euskaraz naturaltasunez eta eroso egiteko aukera izan dezaten baldintzak sortu behar dira ikastetxeetan, deitu arnasgune, arigune edo deitu nahi bezala. Horretarako , gure etxean, gure herrian, eskubidea daukagu.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


Transhumanismoa: arazo guztien konponbide ote?

Mondragon Unibertsitateko Humanitate Digital Globalak (HDG) graduan, etorkizunari buruzko hausnarketa eguneroko zerbait da, eta gogoeta horretan transhumanismoa saihestu ezin den gaia da.


Eguneraketa berriak daude