Euskal Monetak mugaz gaindiko tresna amankomuna gogoetatzen

  • Euskal Monetak garapen handia ezagutu du azken urteotan Ipar Euskal Herrian. Europako tokiko moneta indartsuena bilakatu da. Sortu zenetik, Hego Euskal Herrira hedatzeko asmoa integratu zen proiektuan. Mugaz gaindiko tokiko moneta osagarri baten sortzea lantzen hasia da Euskal Monetaren elkartea, Hego Euskal Herriko hainbat eragilerekin batera. Cynthia Lamothe, Euskal Moneta elkarteko Gidaritza Batzordeko kideak Enbataren galderei erantzun die.

Cynthia Lamothe, Euskal Moneta elkarteko Gidaritza Batzordeko kidea
Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2024ko apirilaren 09an - 17:10

Gogoeta: Nondik heldu da Hegoaldera garatzeko xedea?

Cynthia Lamothe: Oroitarazi behar da elkartearen sorreran, estatutuetan idatziz integratu zela aukera hori. Egia da lehen urteetan, Ipar Euskal Herrian proiektuaren gauzatzea eta egonkortzea genuela helburu. Baina Hegoaldera pasatzeko ideia ez da sekula baztertua izan.

Duela zenbait urte, COVID pandemiarekin, egoera ekonomikoaren azterketa bat egin genuen eta pentsatu memento aproposa zela mugaz gaindiko tresna amankomun bat sortzeko. BIHAR formakuntza elkartearen baitan eta Euskal Elkargoak, Akitania Berriko Eskualdeak, Gipuzkoako Diputazioak eta Udalbitzak diruztaturik, ikerketa lan bat abiatu zuen ikertzaile eta aditu talde batek (Hemen, Bihar, MIK, Université de Bordeaux – CNRS, UPPA, UPNA): « Barter » sistema baten eginkortasuna aztertu zen, enpresen arteko trukaketa ekonomikoak laguntzeko xedearekin. 2023ko udan argitaratutako lehen emaitzen arabera, baldintza guziak ez ziren beteak mugaz gaindiko Barter euskaldun bat sortzeko.

Baina ez zen dudarik mugaz gaindiko tresna amankomunak bazuela zentzua eta balio zuela gogoeta sakontzea. Zentzu horretan, lantalde bat sortu dugu egitura desberdinetako ordezkariak bilduz, eta erabaki dugu urrunago eramatea gure ideia.

Gaur egun zertan zarete?

Erran bezala, lehen lantalde bat indarrean sartu da proiektua zehazteko. Pentsaezina da Euskoaren esperientzia errepika daitekeela deus aldatu gabe. Baina erran gabe doa, Euskoak duen esperientzia elementu klabea dela.

Orain ber mahai inguruan ezarri ditugu Baztango herriko etxea, Garalur garapen agentzia, Olatukoop kooperatiba eta Euskal Moneta noski. Oinarri amankomunak adostuak dira eta aitzina segitzeko erabaki dugu lanpostu baten sortzea. Horretarako, diru laguntzak eskatu dizkiegu baliozko partaide batzuei eta erantzun baikorrak ukan ditugu ere bai. Hala nola, tokiko instituzioek laguntzen gaituzte diruz: Nafarroako Gobernuak, Euskal Elkargoak, Gipuzkoako Diputazioak, Udalbiltzak…

Gure plangintza segituz, lanpostua sortu da eta udaberri honetan lankide bat hasiko da, denbora osoz, gurekin proiektu hau garatzen.

Geografikoki zertaz mintzo gara mementoko? Zazpi probintzietan garatuko den proiektua da?

Goizegi da horrela aurkezteko. Mementoan gure lehen helburua da esperimentazio piloto bat bultzatzea Donostialdean eta Baztanaldean. Lehen erronka izanen da enpresen sare bat osatzea, baita biztanleen artekoa ere. Urratsez urrats aitzinatzeko asmoa dugu. Bi lurralde horietan ikusi beharko dugu zer harrera egiten zaion proiektuari eta baldintzak beteak baldin badira espero dugu erabilpen fase batera pasatzea. Esperimentazio fasearen emaitzen arabera, noski, buru xoko batean dugu tokiko moneta Hegoalde osora hedatzea.

 

‘Eusko Barter’ proiektuaren inguruko ikerketen sustatzaileak

Eta konkretuki ondoko hilabeteetako lana zein da?

Baitezpadakoa da behar den oinarri sendoa eraikitzea. Beraz urte bateko fase garrantzitsua irekitzen da orain, non identifikatu behar ditugun proiektuarekiko interes bat ukan lezaketen eragile guziak: enpresa pribatuak, instituzioak zein entitate publikoak, garapen agentziak, elkarteak, herritarrak… Horiek dituzte beharrak, oztopoak, ideia, eta abar adierazi eta banatu beharko, egitasmoa gauzatu ahal izateko. Horretarako, ondoko hilabeteetan, Olatukop eta Garalurren bilkura publikoak, komunikazioa eta saretze lana egitea izanen da lehentasuna. Euskal Moneta hor izanen da laguntzaile edo aholkulari gisa. Tokiko moneta bat, izenak dion bezala, tokiko proiektua da. Beraz Hegoaldeko eragileek dute asmatuko beharrezkoa duten tresna eta beren errealitate ekonomikoari eta sozialari erantzun diezaiokeen moneta sortuko.

Noiz baliatzen ahalko dira Euskoak Euskal Herri osoan?

Goizegi da galdera honi erantzuteko. Ulertu duzuen bezala, gogoeta fase batetik, orain, terrenoko lan batera pasatzen ari gara. Baina oraindik proiektuaren ezaugarritze fasean gara eta proiektua egunerokoan biziaraziko dutenen saretze lanean. Orain arte kontaktatu ditugun eragile guziek begi onez ikusi dute proiektua, beraz baikor izan gaitezen. Baina harrera ona izatea garrantzitsua baldin bada ere, oraindik etapa gakoak gainditzekoak dira. Euskal Moneta sortzeko Ipar Euskal Herrian denbora hartu zen duela 10 urte baino gehiago. Hor ere urte batzuk beharko dira lehen “Hegoaldeko euskoak” ikusteko ostatuetan, saltegietan edo zerbitzuetan.

Euskoa Hegoaldeari begira jarri da baina badu zer egin Ipar Euskal Herrian oraindik, ezta?

Bai dudarik gabe. Garapen handia ezagutu dugu sortu ginenetik baina oraindik bide luzea egitekoa dugu Euskoaren erabilera sustatzeko. Gaur egun, 4 milioi eusko baino gehiago ibiltzen dira Ipar Euskal Herrian zehar. Erronka handiak ditugu gero eta jende gehiago interesatzeko Euskoari. Tresna egokia da tokiko ekonomia sustatzeko, bertako produkzioa eta kontsumoa laguntzeko. Oroitarazi behar da ere, Euskoaren proiektuaren oinarrian direla trantsizio ekologikoa eta euskararen garatzea. Balore guzi horiek, gaur egun bizitzen dugun testuinguruan, garrantzi berezia dute. Ez da dudarik Euskoa etorkizunerako tresna bat dela eta denen esku dela haren garapena laguntzea.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskoa
Euskal Monetak ia 70.000 eusko banatu ditu erabiltzaileek babestutako 44 elkarteren artean

Biarritzen egin dute larunbatean Eusko Elkarteen Eguna. Guztira 69.672 euro banatu dituzte tokiko moneta babesten duten elkarteen artean. AEK izan da iaztik gehien hazi den elkartea, 2.531 eusko jasota.


2023-04-17 | Enbata
1.500 pertsona Ezpeletan, Euskoaren hamargarren urtebetetzea ospatzeko

Apirilaren 15ean, larunbatean, Ezpeletan, tokiko monetaren besta herrikoi handia iragan zen: Eusko Eguna. Hiru urtez falta izan ondoan, azkenean, Eusko Eguna berriz antolatu ahal izan genuen. Gainera, aurten, Euskoaren hamargarren urtebetetzea ospatzen ari gara! Horregatik, egun... [+]


Euskoaren 10. urteurrena ospatuko dute larunbatean Ezpeletan

Europako tokiko monetarik handiena bilakatu da Euskoa 10 urtetako ibilbidean. "Elkartasuna sustatu eta lurraldea pentsatzeko boterea berreskuratzeko" tresna izatea da Euskal Monetaren asmoa.


2022-10-05 | Enbata
Euskal Monetak 61.281 eusko eman dizkie 58 elkarteri

Eusko monetaren "% 3ko emaitza" baliabideari esker, orotara 61.281 eusko emanak izan dira 58 elkarte hartzaileri. Tokiko monetaren izaera solidarioa berresten da errekor berri honekin; izan ere, iazko 50.540 euroak aise gainditu dira aurten.


2022-09-29 | Euskal Irratiak
"Laster 3.500.000 Eusko izanen dira zirkulazioan"

Larunbat honetan iraganen da Miarritzeko Surfrider fundazioan Eusko ekimenak antolatzen duen Elkarteen eguna. Lekuko moneta bat plantan ezartzearen parte bat elkarteei bideratzen die sistemak eta aurten ere, diruaren birbanaketa solidario horri esker, elkarte batzuk sarituak... [+]


Eguneraketa berriak daude