Europako Parlamentuak immunitatea kendu die Puigdemont, Comin eta Ponsatiri

  • Espainiako Auzitegi Gorenak eskatutako suplikatorioaren alde bozkatu du Europarlamentuaren gehiengoak. Eurodiputatu izango dira aurrerantzean ere presidente ohiak eta bi kontseilari ohiak, baina Espainiak euroagindu eskariak aktibatu ahal izango ditu.

Clara Ponsati, Carles Puigdemont eta Toni Comin. Argazkia: Vilaweb

2021eko martxoaren 10an - 09:01

Espero zena baieztatu du asteartean Europako Parlamentuak. Carles Puigdemont, Toni Comin eta Clara Ponsatiren kontrako suplikatorioaren inguruko bozketa egin zuten astelehen arratsaldean, eta asteartean jakinarazi du ganberak onartu egin dutela. Aldeko 400 boto, aurkako 248 eta 45 abstentzio izan dira. Europarlamentari izateagatik, hiru politikariek izoztuta zituzten haien aurkako estradizio eskariak, baina asteleheneko bozketaren emaitzak aukera emango dio Espainiari horiek berriz aktibatzeko. Behin-behinean immunitatea galduko badute ere, Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik ez diote utziko eurodiputatu izateari. David Sassoli ganberako presidenteak emaitzaren berri eman beharko dio lehenbailehen Espainiari, baina baita Belgikari eta Eskoziari ere —azken horri dagokio Ponsatiren kasua aztertzea—, horiek erantzun beharko bailiekete estradizio agindu posibleei.

Bozketaren emaitza orokorrean baino gehiago, suplikatorioaren aurkako boto kopuruan zuten begia jarrita hiru politikari independentistek. Ehun parlamentari inguruk kontra egingo zutela jakina zen, Europako Alderdi Berdeak —73 eurodiputatu— eta GUE/NGL Europako Ezker Batua - Ezker Berde Nordikoak —39 eurodiputatu— hala egingo zutela esana baitzuten. Aurka zituzten EPP Europako Alderdi Popularra, Europako Alderdi Sozialista, eta Europa Berritu taldeko liberalak. Hiru talde horien artean 459 eurodiputatu dituzte. Azken emaitzak erakusten du, ordea, hasieratik immunitatea kentzearen alde bozkatzeko jarrera hartu zuten taldeen barnean ere izan direla posizio desberdinak.

Hori zen independentisten itxaropen nagusia, immunitatea kentzearen aurkako botoa handitu zezakeelako horrek, eta emaitza orokorrari zilegitasuna kendu. Bozketa sekretua egin zuten, gainera, eta horrek talde berean boto desberdinak izateko aukera handiagotu zezakeela uste zuten. Hala gertatu zen, hein batean, Europako Parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordearen bozketan. Aldeko hamabost boto, aurkako zortzi eta bi abstentzio izan ziren orduan, eta horrek esan nahi du legebiltzarreko hiru talde nagusietako diputatu batek baino gehiagok ez zuela bete bere taldeak jarritako irizpidea.

Helegitearen iragarpena, segidan

Emaitzaren berri izan eta gutxira egin du agerraldia Puigdemontek, parlamentuan bertan, eta aurrez hainbatetan errepikatutakoa berretsi du: suplikatorioaren auzia Europako Justizia Auzitegira eramango dutela. «Arrazoi politikoengatik Europako demokraziari eragin zaion minetik osatzeko modu bakarra da Luxenburgora jotzea», nabarmendu duenez. Helegitea prestatzen ari direla jakinarazi du.

Suplikatorioa bertan behera uzteko eskatuko dute, haren prozedura hutsegitez eta irregulartasunez betea izan dela uste baitute. Argudiotzat jarri izan dituzte Auzi Juridikoen Batzordeko presidentearen partzialtasuna, batzorde horretako kideek egindako filtrazioak, eta Clara Ponsati kontseilari ohiari egindako akusazioan izandako akatsak —diru publikoa bidegabe erabili izana leporatu zioten hasieran, nahiz eta Espainiako Auzitegi Gorenak sedizio delituagatik soilik epaitu nahi duen—. Luxenburgok horren inguruan ebatzi bitartean Puigdemont, Comin eta Ponsati babesteko neurriak ere eskatuko dituzte haien abokatuek, estradizio eskaririk egiten bada etenda gera daitezen.

Halaber, Puigdemontek aitortu du Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak zer egingo duen begira ere badaudela. Izan ere, euroagindu eskariak egin aurretik, baliteke Llarenak beste urrats bat egitea aurretik. Epailearen asmoa da judizio aurreko eskaera bat egitea Europako Justizia Auzitegiari, auzitegiak argitu dezan zer irizpide hartzen diren kontuan euroaginduak onartzeko edo atzera botatzeko.

Gorenak Lluis Puig Kataluniako kontseilari ohia estraditatzeko egindako eskaria baztertu egin zuen Belgikako Justiziak, iazko udan, eta hori egiteko arrazoiak auzitan jarri nahi ditu Llarenak, orain immunitatea galdu duten hiru politikarien kasuan gauza bera gerta ez dadin. Epaileak Europako Justizia Auzitegiari galdera hori egingo balio, euroagindu eskaerak ezerezean geratuko lirateke, auzitegi horrek erantzun bitartean. Aurrekaririk gabeko egoera batean geratuko lirateke hiru politikariak: immunitatea galduta egongo lirateke, baina ezingo lituzkete Espainiaratu.

Llarenaren mugimendua «arriskatua» dela Espainiako esan zuen Gonzalo Boye buruzagi independentisten abokatuak iragan larunbatean, Nacio Digital agerkari digitalari emandako elkarrizketa batean. «Europako Justiziak ez dio arrazoia emango, ez duelako. Europak ebatzia eta itxia du gai hori. Oinarrizko eskubideak urratzeko arriskua dagoenean, euroaginduak gauzatu behar dituen estatuak —kasu honetan, Belgikak— martxan ez jartzeko obligazioa dauka». Boyek azaldu zuenez, Europako Justizia Auzitegiak emandako irizpideetan oinarritu dituzte buruzagi independentisten inguruan Belgikako epaitegiek hartutako erabakiak, Gorenak iradoki izan duenaren kontrara: «Gertaeren ordena desberdina izan da: lehenik Europako Auzitegi Gorena mintzatu izan da kasu askoren inguruan, eta, jurisprudentzia horretan oinarrituta egin du Belgikako Justiziak egin duena».

Espainiako Gobernua, zatituta

Suplikatorioari buruzko erabakiaren inguruan hitz egiten lehenengoetarikoa izan da Arancha Gonzalez Laya Espainiako Atzerri Ministroa, eta txalotu egin du bozketaren emaitza. Haren arabera, Europako Parlamentuak Espainiako Justizia babesten duela erakutsi du, eta mezu argi bat eman: «Kataluniako arazoak Espainian konpontzen dira». Espainiako legedia urratu duten eurodiputatuek ere justiziaren aurrean agertu behar dutela defendatu du, eta asteleheneko bozketaren emaitzak hori erakusten duela nabarmendu du, bestek beste.

Bide beretik jo du Adriana Lastra PSOEren Espainiako Kongresuko bozeramaileak. «Ondo iruditzen zaigu Europako Parlamentuak auzitegiei euren lana egiten uztea, hori baita, azken batean, suplikatorio bat», adierazi du. Bere alderdiak gobernuan aliatu duen alderdiaz galdetu diote hedabideek, eta Lastrak esan du ez duela ulertzen Unidas Podemosen jokabidea. «Haiek eman beharko dituzte azalpenak», azpimarratu du.

Asteleheneko bozketan bere alderdiak izandako jarrerari eutsi dio, aldiz, Aina Vidal Unidas Podemosek Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak. Suplikatorioa «antzerki bat» dela esan du, Kataluniako gatazka judizializatzen jarraitzeko, eta elkarrizketarako deia egin die PSOEri eta Junts Per Catalunyari.

Elkarrizketa mahaiaren bestaldean ERC Esquerra Republicana dago oraingoz, eta baita gobernua Madrilen sostengatzen ere. Babes hori kentzearekin mehatxu egin du Gabriel Rufian ERCren Espainiako Kongresuko bozeramaileak, Espainiako Gobernuak suplikatorioaren erabakia goratu duelako. «Horrela jarraitzen badute, euren etxean ospatuko dute, eta ez Moncloan», ohartarazi du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia
Amnistia Legearen proposamena onartu du Kongresuak eta haren bidean Kataluniako hauteskundeak sartu dira

Orain Senatura bidean joango da legea, han PPk ahal duen neurrian atzeratuko du –bi bat hilabetez– eta gero berriz itzuliko da Espainiako Kongresura azken onarpena izan dezan.


hauteskunde aurrerapena Katalunian
Juntsek dio Puigdemont izango dela bere hautagaia maiatzaren 12ko hauteskundeetan

Pere Aragonès Generalitateko presidenteak asteazken honetan aurreratu ditu Kataluniako hauteskunde autonomikoak, En Comú-rekin batera atera behar zituen 2024ko aurrekontuek porrot egin ondoren. Juntsek iragarri du bere hautagaia Carles Puigdemont izango dela; azken... [+]


Azken 20 urteetan etxebizitzetako ur grisak birziklatzen ditu Kataluniako herri batek

Ura aurrezteko ordenantzak onartu nahi dituzten udal guztiak, tartean Bartzelona, Sant Cugat del Vallèsera joaten dira. Udalerri horrek ura aurrezteko bere lehen araudia onartu zuen 2002an, eta 2008an eta 2018an eguneratu zuen, murriztaileagoa izan zedin.


Kopa eta kulero menstrualak doan Katalunian

Kopa baten, kulero menstrual baten edo konpresa berrerabilgarri pare baten artean aukeratu ahal izango da.


Puigdemont terrorismoagatik ikertzeko agindu du Auzitegi Gorenak: auziaren klabeak

Espainiako Auzitegi Gorenak bat egin du Tsunami Demokratikoa mugimendua ikertzen ari den Manuel García Castejón Auzitegi Nazionaleko epailearekin: ondo ikusten du Carles Puigdemont eta beste hamaika lagun ikertzea eta haien aurkako auzi penala irekitzea. Hemen... [+]


Eguneraketa berriak daude