Euriaren gainetik, bisitak gora Durangoko Azokan

  • 120.000 lagun baino gehiagok bisitatu dute aurten Durangoko Azoka. Antolatzaileen hitzetan aise gainditu dute iazko bisitari kopurua.


2014ko abenduaren 09an - 11:10
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Iaz baino jende gehiago izan da aurten Durangoko Azokan. (Argazkia: www.zuzeu.eus)

Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak egin du 49. Durangoko Azokaren balorazioa. Harekin batera agertu dira Lutxo Egia, guneen izenean; Olatz Osa, Euskal Editoreen Elkartearen izenean; eta Amets Rodriguez, Musika Industriaren Elkartetik.

Gorakadarik handiena Ikasle Egunak izan du. Antolatzaileen hitzetan joan-etorriak bikoizteak erantzun ona izan du.

Gogoetarako eta autoekoizpenerako plaza

Aurtengo Durangoko Azokako berrikuntzetako bi izan dira gogoetarako eta autoekoizpenerako Plazak. Gune horietan sektorearen kezkak eta erronkak aztertzeko eta konpartitzeko aukera izan dute bertaratutakoek.

Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak balorazio positiboa egin du eta auto ekoizleentzako plaza konpartitua berriro errepikatzeko asmoa agertu du:  "Lehenengoz etorri dira eta euren lana ezagutzera eman dute”.  Ildo horretan lanean jarraituko dutela esan du.

“Askoren artean”

“Askoren artean” egin den Durangoko Azokak bere eredua berresten duela adierazi du Lutxo Egiak.

Ahotseneako koordinatzaileak antolatutako 150 ekitaldietan izandako parte hartzea nabarmendu du.

50. urteurrena

Datorren urtean Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Azokak 50 urte beteko dituzte. Dagoeneko hasi dira lanean eta, "atzera begirakoez gain, Azokaren antolakuntzan etengabeko hobekuntza" oinarri izatea lehenetsiko dutela esan du Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak.


Eguneraketa berriak daude