Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etorkinek administrazio publikoari egiten dioten ekarpena eragiten duten gastua baino handiagoa da. Ondorio horretara iritsi da Ikuspegi, Immigrazioaren Euskal Behatokia, immigranteek euskal ekonomian duten eragina aztertu ostean.
Ikerketa egiterakoan 2008. eta 2012. urteak hartu ditu kontuan, eta emaitzek erakusten dutenez, bi urte horietan etorkinek gastu baino ekarpen gehiago eragin dituzte. 2008an 371 milioi euro jaso zituzten laguntza sozialetan, baina 443 milioiko ekarpena egin zioten ogasunari. 2012an, krisia zela eta, laguntzak 593 milioi eurotara igo ziren, baina diru kutxa publikoan 631 milioi utzi zituzten.
Jose Luis Madrazo Eusko Jaurlaritzaren Familia Politikarako eta Komunitate garapenerako zuzendariak adierazi duenez, krisi ekonomikoak diru laguntzei eta etorkinei buruzko diskurtsoa “gogortu” du. “Txosten honek azken aldian immigranteen inguruan zabaldu diren aurreiritziak desegiteko balio du”, azaldu du Madrazok.
Gastu orokorrari dagokionez, krisiak ekarri du etorkinek kopuru horretan pisu handiagoa. 2008an gastuen %5 bideratzen zitzaien immigranteei; 2012an kopuru hori %7,4koa zen. Ikuspegiko zuzendari Gorka Morenoren aburuz, igoera horrek erakusten du krisiak kolektibo horren kontra bereziki gogor jo duela.
Horrez gain, datuek erakusten dute 2008 eta 2012 bitartean atzerritarren gastua biztanlerian zuten proportzioaren gainetik egotera igaro zela. Horren erantzukizuna ere krisiari egozten dio Morenok, gaineratuz gizarte eta etxebizitza laguntzen arloan izandako gorakadak ere eragina izan duela.