Eta Gloucesterreko erraustegiaren kontratua erakutsi dutenean... 100 milioi libra garestiago azaldu da

  • Iazko ekainean 15 eguneko gose greba egin zuen gazte batek Gloucesterren (Erresuma Batua) agintariei eskatuz bertan eraikitzen ari diren Javelin Park erraustegiaren kontratua osorik erakuts zezatela. Eguberriotan plazaratu dutenean, ezustekoa zeraman barruan: orain arte aitortua baino %30 gehiago kostako zaiela herritarrei. Protestak ugaritu dira eta politikari batzuek auditoria independentea eskatzen hasi.

Zero Zabor @zero_zabor
2019ko urtarrilaren 08a
Urbaser hilabeteotan ari da bukatzen Javelin Park erraustegiaren eraikuntza, Gloucesterren. (Argazkia: Mark Watkins, Gloucestershire Live)n

Motiboak bazeuzkan Sid Saundersek Gloucesterreko udalaren atarian gose greban hamabost egunez eusteko, agintariek kontratua erakuts zezaten tematuz: hilabete luzeko tira-biren ostean, azkenean erakutsi dituzte paperak eta horien artean agertu da orain arte aipatzen zuten kontratua –2015ean sinatua eta orain arte sekretuan atxikia– esandakoa baino askoz garestiagoa dela: 500 milioi libra (557,5 milioi euro) izan behar zuten kosteak 600 milioitik (669 milioi euro) gora izatera igo dira. Ernst & Young kontsultoriak egina zen papera. Javelin Park erraustegiaren kontrata Urbaserrek dauka, Gipuzkoako erraustegiarena daukan enpresak berak

Eskaldalua zabaldu ahala, Gloucesterreko zenbait zinegotzi hasi dira salatzen beren botoa eman zutela okerreko informazioaren gainean, haiek ere herritar guztiak bezala engainatu dituztela eta eskatu dute gertatzen ari denaren auditoria independentea. Gloucestershire Live hedabideak eskainitako kronikaren lerroburuak dio: "Javelin Park erraustegia: oposizioko zinegotziek kostearen handitzeaz ikerketa independentea eskatu dute". Gazette egunkariak berriz: "Politikariek erantzunak nahi dituzte erraustegiaren 600 milioi librako koste eskandalagarriaz".

Manifestazioa Gloucesterreko karrikan erraustegiaren kontratua eteteko eskatuz. (Argazkia: Gazette)

Kroniketan irakur daitekeenez, Britainia Handian famatu egin den Javelin Park erraustegiaren inguruan ere gainerako erraustegien antzeko arazoak hasi dira azaltzen. Hasteko, Gloucester eta bere konterriko udalak urte luzeetarako geratuko direla zorpean harrapatuta. Gero, benetako kosteak aipatuak baino handiagoak direla eta, ondorioz, herri administrazioak dauzkan beste programetarako –eskolak, politika sozialak...– aitortua baino diru gutxiago uzten duela hondakinen kudeaketa zerbitzu horrek, erretzera bidalitako tona askoz garestiago kostako delako:  tonako 189 libra. Hondakinen trataera alternatiboak baino erretzea merkeagoa zela, hori ere gezurra suertatu da. Eta azkenik, Gloucesterrek hondakin gutxiago sortu eta sortutakoak hobeto baliatzeko antolatutako politikak desegitera behartzen ditu, erraustegiaren kontuak orekatzeko zabor gutxiago erretzerik ezin duelako onartu.

Erraustegiaren aurkako NoMoInGlo (No Monster Incinerator in Gloucester) elkarteak gaurko –asteartea, urtarrilak 8– protestazko elkarretaratzea dauka deituta Javelin Park eraikinaren atarian.

Protestarako "Kiskaltzeko adina diru" lelopean egindako deialdian, Charles Dickensen ipuin famatuko Scrooge honela mintzo da: "Ingurumena? Bah... txorakeriak! Haurrentzako zerbitzuak? Bah... txorakeriak! Emadazue niri negozio potolo polit baten proiektua behingoz..."

2019-01-10, eguneraketa. NoMoInGlo (No Monster Incinerator in Gloucester) elkarteak bere Facebook kontuan bideoz laburbildu du urtarrilaren 8ko protesta.

Punchline telebistak protestaren irudiok eskaini ditu:

 

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Errausketa

Errausketa kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude