Estatu kolpea salatu du oposizioak El Salvadorren

  • Erdialdeko Amerikako herrialderik txikienean egoera politikoa tenkatzen ari da. Urtebete ere ez da Nayib Bukele, “aldaketaren presidenteak” boterea eskuratu zuela. Parlamentuan egindako proposamenak ezezkoa jaso ostean, joan den igandean, otsailaren 9an, militarrek lagunduta azaldu zen ezohiko bilkurara, oposizioa proposamena onartzera bultzatzera. Gainontzeko alderdiek “estatu kolpetzat” jo dute gertaera.


2020ko otsailaren 11n - 11:02
El Salvadorreko militarrak parlamentuan.

Plan de control territorial delakoa izan da gatazka guzti honen sortzailea, herrialdeko pandillei aurre egiteko indar polizial eta militarren presentzia handitzea dakarrena. 575 milioi dolarreko aurrekontua du planak, eta 109 milioi gehiagoko proposamena egin berri du Bukelek.  Asanbladaren ezezkoa jaso du, ordea. 

Presidentea populismoaren eta millenialen pertsonifikazio gisa deskribatu dute analista ugarik. Ohiko duen eran egin dio aurre ezezko honi. Bere jarraitzaileak deitu ditu parlamentua inguratu eta oposizioa erreformaren alde bozkatzeko presiona dezaten. Horrekin nahiko ez eta militarrek ere egin dute presioa, presidentearekin parlamentura sartuz.

Astebeteko “epea” eman die oposizioko alderdiei bere proposamena onar dezaten.  Onartzen ez badute konstituzioko 87. artikulua ezartzera animatu ditu herritarrak, herri-matxinada baimentzen duena.

Bukele bere jarraitzaileei hitz egiten parlamentu kanpoan.

Oposiziotik estatu kolpe saiakera salatu dute. Daniel Reyes, FMLNko diputatuak Telesurreko elkarrizketa honetan esan duenez, “irudi hauek ez genituen ikusi diktadura militarraren garaitik. 28 urte daramatzagu, Bake Hitzarmenen ostetik, instituzio demokratikoekin. Oso momentu zailean gaude, badirudi diktadurako gobernu bat ezarri nahi dutela”.

“Aldaketaren presidentea”

Ia 30 urteko bipartidismoari amaiera eman zion Nayib Bukelek joan den urteko ekainaren 1ean.  FMLN gerrillari ohien alderdiko militante eta hiriburuko alkate izandakoa, alderditik kanporatu zuten iskanbila bat tarteko. Herrialdeko presidentziara salto egin nahi, ordea, eta derrigorrezko baldintzak betetzen ez zituen alderdi bat sortu eta desagertzen ikusi ostean, GANA izeneko koalizio eskuindarrean aurkeztu zuen bere burua. Baita irabazi ere.

5.200.000 pertsonak zeuden deituta bozkatzera. Horietatik, 1.300.000 boto eskuratu zituen, aurreko hauteskundeetan alderdi berak eskuratu zituenak baino milioi bat gehiago.  FMLN alderdiak, bere aurreko alderdiak, milioi bat boto galdu zituen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: El Salvador
Nayib Bukeleren atzaparretan katigatuta

Hauteskundeen emaitzak ez du inor sorpresaz hartu El Salvadorren: azken bost urteetan presidente izan dutenak horretan jarraituko du gainontzeko bostetan ere. Berrautaketa lortu duen herrialdeko lehen presidentea da; besteak beste, konstituzioak debekatzen duelako. Baina, botere... [+]


2024-02-02 | Gedar
Milaka preso lanera bidali dituzte El Salvadorren, "kartzelako egonaldiaren kostuaren truke"

"Gizarteari eragindako kaltea konpontzeko", egunean 3.000 preso ingururi ezartzen dizkiete era guztietako lan behartuak, ordaindu gabe. Gero eta lanordu gehiago bete, orduan eta lehenago aterako dituzte espetxetik.


Preso pilaketak eta indarkeriarako deia eragin ditu El Salvadorreko "megakartzela" berriak

“Amerikako kartzelarik handiena” sortu du Bukele presidenteak, bandakideak sartzeko. Banda guztietakoak egongo dira nahastuta, 2020tik egin moduan. Giza eskubideen aldeko taldeek kartzeletako egoera salatu dute, eta ohartarazi bandak nahasteak hilketak eta matxinadak... [+]


Eguneraketa berriak daude