Espainiako Gobernua kolokan dagoela dio berriz Aragonèsek

  • Egoera korapilatzen ari zaio Espainiako Gobernuari eta Pere Aragonès Kataluniako Gobernuko lehendakariak berriz helarazi dio Pedro Sánchezi Madrilgo gobernua eror daitekeela Katalangate –hala deitzen diote Katalunian– espioitza auziari buruzko azalpen egokirik ematen ez badu.


2022ko apirilaren 22an - 09:49
Argazkia: Generalitatea

Aragonesek TVE1 telebistan egindako elkarrizketan egin zuen ohartarazpena, ikusiz aurretik egindakoek ez zutela izan eraginik orain arte. Asteartean ere jakinarazi zuen bi gobernuen arteko harremanak erabat izoztuta zirela eta Espainiako Gobernuaren egoera kolokan.

Ostegun goizean espioitza jasan duten alderdietako ordezkariekin bildu zen Madrilen Pere Aragonès, eta bertan adostu zuten legealdiaren jarraipena oso gaitza izango zela Pedro Sánchezek azalpen egokiak ematen ez baditu. Jarrera desberdinak daude egoeraz, esate baterako Carles Puigdemontek gidatzen duen Junts-ek dagoeneko eskatu baitu Sánchezen dimisioa.

ERC ez da horren urruti joan, baina dagoeneko iragarri du azalpen egokirik ezean ez diela sostengurik emango Memoria legea eta Mozal legearen erreformei.

Estoldak kontrolatzeko arazoak

Moncloak bere posizioari eutsi dio: Espainiako poliziek ez dituzte egin entzuketa horiek eta CNIren jarduerari buruz ezin dugu hitz egin publikoki, prest gaude hortaz azalpenak emateko Espainiako Kongresuaren sekretuen batzordean, baina horretarako hura eratu egin behar da.

Kontua da, 2019ko abenduan legealdi berria hasi zenetik ez dela batzorde hori eratu, ofizialki Funts Berezien Batzordea deitzen dena, eta berez, estatuaren estoldetan erabiltzen diren diruaren kontrola eraman beharko lukeena. Batzorde hori osatzeko 210 diputaturen sostengua behar da eta orain arte Kongresua ez da gai izan kopuru hori lortzeko. Egoera gutxienez berezia sortu da horrekin, ez baita legezkoa batzorde hori sortu barik egotea.

Harrigarria da estolden kontrolerako batzorde hori oraindik ez eratzea, pentsatzekoa baita derrigorrezkoa dela halako organo bat izatea, baina horrek berak eman dezake Espainiako demokraziaren kalitate demokratikoaren berri. Hala ere, ez da hain harrigarria kontuan hartzen badugu, egungo Sekretu Ofizialen Legea frankismoaren garaikoa dela, Francisco Franco diktadoreak egin zuela duela 53 urte eta oraindik ez dela erreformatu.

Horren ondorioz, esaterako, ez dira publiko egin 1981eko estatu kolpeari buruzko xehetasun guztiak, eta berdin segurtasun indarrek Euskal Herrian egindako giza eskubideen urraketa larriei buruzko informazioarekin, hala nola Mikel Zabalzaren hilketa edo GALen jardueran. Público egunkariak azaldu duenez, 2016tik EAJk lau saio egin ditu legea erreformatzeko, lortu gabe aurrera egitea.

Europako Legebiltzarrean ere oihartzun zabala

Europako Batzordeak esan zuen astearen hasieran horrelako espioitza kasuak onartezinak zirela eta estatuek ikertu behar zituztela. Europako Legebiltzarra praktikoagoa izan da, eta ostegun honetan ganbarako 705 diputatuei eskaini die beren sakelakoei Pegasus programaren aurkako miaketa informatikoa egiteko zerbitzua.

The Whasington Post egunkariak editorialean jorratu du gaia, El Nacional hedabidean jarraitu dugunez, eta bertan adierazten da halako praktikak onartezinak direla, baina, zoritzarrez, gero eta hedatuago daudela estatuen artean. Dakigula, orain arte Europan politikariei egindako espioitzarik handienaren aurrean gaude seguruenik.

Alabaina, editorialean zehazten denez, egunkaria Pegasusen sortzaile den NSO Group enpresa israeldarrarekin egon da, eta honek aitortu dio Europako gobernu gehienek erosi dutela Pegasus. Orain arte, ordea, bakarrik hitz egin da Polonia, Hungaria eta orain Espainiako kasuez. Horregatik, eta argi dagoenez praktika horiek gero eta hedatuago daudela, mundu mailan arautu beharko litzateke, egunkariko editorialistaren arabera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espioitza
Fiskaltzak dio ez dela delitua polizia infiltratuak emakumeekin sexu harremanak izatea

Bost emakumek kereila jarri zuten Kataluniako mugimenduetan hiru urtez infiltratutako poliziaren aurka, haien aurkako sexu abusuak egin zituela egotzita. Fiskaltzak epaileari eskatu dio ez onartzeko kereila, eta adierazi du harremanetan emakumeen "onespena" egon zela.


Sei urtez Madrilgo mugimendu sozialetan infiltratutako beste polizia baten berri eman dute

2015etik 2021era mugimendu antifaxista eta antierrepresiboetan infiltratutako poliziaren kasua publiko egin du El Saltok, Directarekin elkarlanean ikertu ondoren. Hamabost hilabetean hedabideek argitaratutako polizia satorren seigarren kasua da.


2023-07-11 | ARGIA
Auzitegi Nazionalak artxibatu egin du Pegasus espioitza kasua

Espainiako presidente Pedro Sánchezen eta beste lau ministro mugikor bidez espiatzeagatik irekitako kasua itxi egin dute, Pegasus programaren jabe den Israelgo Gobernuaren eta Justiziaren "erabateko" kolaborazio faltagatik.


2023-04-23 | David Bou
Marc, Dani eta Ramón

Artikulu honen izenburuan agertzen diren hiru izen propioak ez datoz bat horrela deitzen ziren pertsonen errealitatearekin. Marc Hernàndez Pons, Dani Hernàndez Pons eta Ramón Martínez Hernàndez ziren Barne Ministerioak Polizia Nazionaleko hiru... [+]


Espainiako Gobernuak onartu du Poliziari baimena eman ziola gizarte mugimenduetan infiltratzeko

Espainiako barne-ministro Fernando Grande-Marlaskak adierazi du infiltrazioekin lotutako informazioa espediente sekretu batean dagoela bilduta. Polizia horiek inteligentzia agente gisa definitu ditu, "ordenaren eta segurtasun publikoaren" intereseko informazioa... [+]


Eguneraketa berriak daude