Espainiako 1977ko hauteskundeak Konstituzioaren atariko (2)

  • Sánchez egungo presidentea eta Zapatero atzokoa, eta Felipe González herenegungoa, eta XIX. mende amaieratik honainoko sozialisten belaunaldi kate luzea inposizio espainol berari lotuak, eta ez gutxiago eskuin espainiarra, noski, bat-bat eginda: autodeterminazio eskubiderik ez, nazio-estatuaren batasun zatiezin txit santua, Eliza katolikoak guztiz bedeinkatua. Kate horren mugarrietako bat 1977ko ekaineko bozak. Errepara diezaiegun laburkiro.


2021eko uztailaren 27an - 08:15
Azken eguneraketa: 10:15

Francok izendatu eta Juan Carlos erregeak eraturiko lehen gobernuan berretsia izan zen Carlos Arias Navarro presidenteak ez zuen lortu sinesgarritasunik frankismotik demokrazia espainolera, legerik lege, erreforma bidez heltzeko, baina haren ondotik, 1976ko uztailean izendaturiko Suárezek bai. Nola lortu zuen hori, 1976ko uztailetik 1977ko ekainera?

Axola handiko mugarri bat Gorte frankistek 1976ko azaroan onartutako Erreforma Politikoaren Legea izan zen (531 prokuradoreetatik 425ek onartu zuten), eta abenduko erreferendumean, erroldaren %77k botoa emanik, %94,17ren aldeko botoa izan zuen. Garaipen horrekin eta orduko hedabideak berak kontrolaturik, bereziki RTVE, Suárezek ez zuen zaila zentralitate itxura ematea, bunker frankistaren eta oposizio demokratikoaren artean kokatzea, eta azak ontzeko, presidente izanik, hots, botere instituzional garrantzi(tsu)enak bere esku izanik, hauteskundeetara aurkeztea, eta irabaztea, noski!

1976ko uztaila arte, frankistak eta oposizio demokratikoa zeuden, bi polo politiko, eta handik laster, Suárezek oposizioa zatitzeko eta bunkerra arrastoan edukitzeko (106 prokuradore, nolabait kuantifikatuz) egindako saioen ondorioz, Suárez bera erdian kokatu zen, eta bunkerra eta oposizioa bi izkinetan: bozak irabazteko kokapen ezin hobean.

Suárez presidenteak Francok oinordeko izendaturiko Juan Carlos errege-estatuburuarekin batean, bunkerra nola kontrolatu zuen, eta frankista erreformistak UCDn nola bildu zituen aztertzea interesgarria izan daiteke, baina are interesgarriago azaltzea nola lortu zuen oposizio demokratikoaren programa guztia suntsitzea, eta behialako aurkarien helburu guztiz nagusi 1977ko ekaineko bozak irabaztea izatea, eta batez ere, oposizioan hegemonia lortzea, hots, PSOEk PCEri aise irabaztea.

Honen aurreko artikuluan aipatu nuen nola Felipe González 1975eko apirilean elkartu zen Alemaniako alderdi sozialdemokratako lider boteretsuekin, eta nola konbentzitu zituen haiek esanez Espainiako egoera eta Portugalekoa ezberdinak zirela, Franco hil ondoan ez zela iraultzarik gertatuko Espainian, eta gainera baztertzen zutela diktaduraren amaiera bat-batekoa, eta haien nahia zela monarkiaren Gobernua izatea Francoren erregimena desmuntatu eta oposizioarekin batera, Espainian mendebaldeko demokrazia eraikitzea. Eta PCE lehiakide zutela, ez aliatu. Errepublikanismoaren memoria historiko antifaxista ahanzturaren leize sakonera bidali behar zen –PCEk zeukan nagusitasuna frankismoaren aurkako borrokan–, kale mobilizazioak eten behar ziren –alderdien aparatuek negoziatzeko erreforma–, betiere 1977ko ekaineko bozetan oposizioko indar hegemonikoa bilakatzea xede.

Suárez laster bildu zen Felipe Gonzálezekin, eta hura urduri jartzeko Llopis historikoaren PSOE legalizatu zuen, baina aldi berean garbi utzi zion PSOEri bera zela oposizioko bere begiko ninia, eta PCE deabrua, sozialista europarrak eta bunker espainola xaramelatzeko, eta halaxe egin zuen. PSOE 1977ko otsailean legalizatu zuten, Erreforma Politikoaren Legeak ekarri zion arrakasta eta autokonfiantzaren ondotik. Alderdi bakar frankista "Movimiento" delakoaren bunkerra desegin zuen, eta, azkenik, alderdi politiko handietatik azkena, PCE legalizatu zuen, 1977ko apirilean. PCE asko estutu zuen jakiteak PSOE prest zegoela hauteskundeetara aurkezteko nahiz eta berak ez legalizatu. Monarkia, eta hark izendatutako gobernuaren erreforma, nabarmen gorestera heldu zen Carrillo, legalizazioa xede, eta hauteskundeak giltzarri nagusi. Beste hainbat alderdi ez zituen legalizatu, kasu, Kataluniako ERC, eta Euskadiko hainbat, jakina denez; bakarrik alderdi historikoak, esan dezagun. Katalunian Jordi Pujolen CDCri eman zion lehentasuna, eta Euskal Herri penintsularrean, Xabier Arzallus eta Carlos Garaikoetxearen EAJri.

Hauteskundeak irabazteko ikaragarri garrantzitsua Hauteskunde Legea izan zen. Ezin dugu pentsatu Adolfo Suárez azti edo igarle orojakilea zenik, eta, lege hori lantzean dena kontrolatu zuenik –aurreikusizko faktore zehazgaitz ugari egon ohi da–, baina kontua da UCDk eta PSOEk, botoen %62,7rekin, eserlekuen %80,2 lortu zituztela Kongresuan, eta PCE, AP, eta Tierno Galvanen koalizioak %21,8 botorekin eserlekuen %12. Sistema proportzionala landu zuen Suárezen gobernuak, D´Hont sistema famatua, hots, boto gehien lortzen duten alderdiak mesedetzen dituena. PSOEk botoen %29,32 lortu zituen, eta PCEk %9,33. UCDk %34,4 boto, 165 eserleku eta 106 senatari; PSOEk 118 eta 35, PCEk 20 diputatu eta senataririk ez. Senatarien %20 errege-estatuburu Juan Carlosek izendatu zituen “behatzez”.

Frankismoaren aurka borrokatu zirenak ahanzturara kondenatuak izan ziren; hauteskunde demokratikoak egiteko ezinbestekotzat jotako behin-behineko gobernu inpartzialaren noraeza ipuin gertatu zen; Suárez gobernuburuak prestatu zituen hauteskundeak, botere guztiak eskuan, eta bera aurkezturik UCDrekin, berak irabazi zituen. Eta parlamentu hura jo zen eratzaile, eta horrenbestez, boz haietako emaitzek baldintzatu zuten erabat 1978ko Konstituzioa, berrogeita hiru urtez inposatu zaiguna. Konstituzioa idazteko ponentzian, zazpi gizon, UCDko hiru, PSOEko eta APko bana, eta bi katalan; euskaldunik ez. Baina hori beste artikulu baterako gaia da.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude