Eskuin muturra Italia gobernatzeko zorian

  • Mario Draghiren dimisioak hauteskunde presidentzialetara eraman zuen Italia eta irailaren 25ean izango dira hauek. Alderdi faxistaren oinordeko den Italiako Anaiak (Fratelli d'Italia italieraz) izeneko alderdiko Giorgia Meloni ageri da lehena inkestetan. Adierazgarria da, kontutan hartuz gero, gaur egungo parlamentuan bosgarrena indarra dela hori. Meloni efektua aipatzen dute adituek. Baina zer ari da gertatzen herrialdean? Eta, nor da Meloni?


2022ko irailaren 15an - 11:12

Erromaren bihotzean 1580 urtean inauguratu zutenetik, buruzagi andana igaro da Chigi jauregitik. Italiako lehen ministroen etxebizitza hurrengo apopiloa noiz iritsiko zain dago. Bertan asentatzeko aukera gehien Italiako Anaiak alderdiko hautagai ultraeskuindarrak dauka. CISE-ren (Italiako neurketa elektoralen etxea) arabera botoen %25 eskuratuko luke Melonik. Atzetik leukake Enrico leta (PD) zentro ezkerreko hautagaia, botoen %22 eskuratuta. Azken asteetan goranzko joera hartu duen 5 Izar Mugimenduko Antonio Conte Lehen ministro ohia botoen %15 inguruan litzateke eta %10ean leudeke Matteo Salvini (Lega) eta Silvio Berlusconi (Forza Italia).

Aurreikuspenak beteko balira, Melonik nahikoa luke  Salviniren eta Berlusconiren babesa lortzea gobernu osatzeko

Aurreikuspenak beteko balira Melonik nahikoa luke trintxera partekatzen duen Salvini ultraeskuindarraren, eta nahi bada, ostean, Silvio Berlusconiren babesa lortzea gobernua osatzeko. Italian aspaldidanik bihurtua da zentro eskuina eskuin muturraren morroi. Urteetan herrialdea gobernatu duen il Cavaliere –Berlusconi– hurrengo asteetan eskuin muturreko gobernu indartsu bat lotzeko giltza bilaka liteke.1945ean Italian faxismoa garaitu zutenetik gobernurik eskuindarrena litzateke.

Oroitu behar dugu 2018an eskuin muturra iritsi zela gobernura hauteskundeak irabazi zituen 5 Izar mugimenduak Matteo Salviniren Legarekin gobernu-ituna sinatu ostean. Inkestetan hirugarren ageri den Antonio Conteren gobernu hark balio izan zion Salviniri bere barne ministro lanetan herrialdeko gutxiengo ugarien aurka neurriak hartzeko. Hori gutxi ez eta Mediterraneo itsasoa gurutzatu bidean ziren etorkinei herrialdeko portuak ixten ere ausartu zen. Igande honetan gutxiengoekiko eta migrazio politiketan diskurtso bera duen Italiako Anaiak gailendu liteke. 2018an ez bezala, oraingoan neofaxistek gehiengoa izan dezakete parlamentuan eta bertatik osatuko litzatekeen gobernuan.

Baina nor da Giorgia Meloni?

Nola da posible alderdi faxistaren oinordeko naturala hauteskundeak irabaztear egotea? Zer nolako kotetara eraman lezake autoritarismoa eskuin muturreko ministroz jositako gobernu batek? Ezin jakin, argi dagoena da agertoki posible hau ahalbideratu duen faktoreetako bat Giorgia Meloniren abilezia politikoa izan dela. Espainiako Estatuan, askok Andaluzian egin zituzten hauteskundeetan Vox alderdia babesteko mitinean egindako adierazpenengatik ezagutu zuten. “Familia naturalari bai! LTGB lobbyei ez! Identitate sexualari bai! Generoaren ideologiari ez! Muga seguruei bai! Migrazioa masibori ez! Gurutzearen unibertsalitateari bai! Biolentzia islamistari ez!”. Kanpainan murgildu denean nabarmen moderatu bada ere, hortxe egin dezakeenari buruz zenbait pista. Hemerotekak ez du barkatzen.

Bere langile jatorria jendearengana heltzeko eraiki duen errelato tranpatiaren puntu garrantzitsuenetako bat izan da

Marine Le Pen, Nigel Farage, Voxeko jauntxoak… Lider erreakzionario europarren bizi estilotik urruti, Erromako Garbatella auzoan jaio zen. 10 urte zituela bere aitak abandonatu zuenetik, gogor egin zuen lan Porta Porteseko merkatuan, amarekin bizimodua aurrera ateratzeko. Bere langile jatorria jendearengana heltzeko eraiki duen kontakizun tranpatiaren puntu garrantzitsuenetako bat izan da. Tranpatia diot bere kontakizunari erreparatu beharrean bere militantzia hastapeni erreparatuko bagenie, hain justu langileen eskubideen alde egiten zutenei eraso egiten zieten faxistekin lerrokatu zelako. Giorgio Almirante ultraeskuindarraren jarraitzailea, MSI alderdi neofaxistaren ideiekin egin zuen bat eta mugimenduaren gazteriak ziren Gazteriaren Frontean hasi zuen bere ibilbide militantea Giorgia Melonik.

“Ni Giorgia naiz. Nire sustraiak eta ideiak” liburu biografikoan aitortzen du politikan erabat murgiltzeko pausoa Paolo Borselino alderdikide eta epaile antimafiaren erailketa izan zela. Cosa Nostra erakunde mafiosoak hil zuen Palermon Giovanni Falcone hil eta bi hilabetera. Langile jatorriaz batera ordenaren alde egituratu duen diskurtsoan ez da aspertzen Borselinori gorazarre egiteaz, praktikan baina, mafiaren aurka egiteko neurrien arrastorik ez daiteke aurkitu bere programan.  

Viterbotik Chigira

80ko hamarkadaren bukaeran hezi zen politikoki, ezkertiar eta neofaxisten arteko istiluen Erroman. Borroka antifaxistaren ekinez, hiriaren iparraldeko auzo burgesetan gotortu behar izan zuen mugimenduarentzat Garbatella langile auzotik zetorren Meloni berehala bihurtu zen heroi moduko bat. Azkar egin zen hiriburuko liderren lagun. Horrela ezagutu zuen Fabio Rampelli, egun Italiako parlamentuko lehendakari ordea. Bat-batekoa izan zen fealing-a, Gazteriaren Frontean elkar ezagutu zutenetik partekatu dute obsesio berbera, gizartean zein hauteskundeetan marjinatua edo subalternoa zen mugimendu neofaxista hegemoniko bilakatzea. Hori lortzeko Rampelliren laguntza ezinbestekoa izan da. Gazteriaren Fronteak 2004 urtean Viterbon egin zuen kongresuan, Rampelliren babesarekin, Giorgia Meloni gazte mugimenduaren lider izendatu zuten.

Viterbotik gaurdaino alderdiaren gora-beheretan garaile ateratzeko gaitasuna izan dute biek. Azken pausoa falta zen, gazte erakundearekin egin bezala, noizbait alderdiaren erabateko kontrola eskuratzea. Ez geldirik, boterea eskuratu eta berau potentzia elektoral bihurtzeko asmorekin sortu zuten 1998. urtean Atreju topaketa, Italiako eskuin erradikalaren eztabaida eta formakuntzarako espazioa. Europa mailan erreferentzialtasuna eskuratu duen topaketa da, bertan parte hartu dutenen artean dira Victor Orban hungariarra edo Santiago Abascal euskal herritarra. Gisa honetako espazioetan Marechal Le Pen edo Steve Banon bezalakoen laguntzarekin findu du Melonik bere estrategia politikoa, modu berean mugimenduaren barnean posizioa indartzeko balio izan diona.

Alderdiaren kontrola eskuratu zuenetik berau gizartearen begietara moldatzeko ariketa izan da orain arteko guztia

2014 urteko martxoaren 8an bihurtu zen Italiako Anaiak alderdiko buruzagi Meloni. 2004tik 2014ra bitarteko bere ibilbideaz hausnartu eta boterera iristeko gakoak aztertzen ditu pasa den urtean Daniel Vicente eta Jaime Bordel politologoek argitaraturiko Salvini & Meloni. Hijos de la misma Rabia liburuak. Alderdiaren kontrola eskuratu zuenetik berau gizartearen begietara moldatzeko ariketa izan da orain arteko guztia. Jada kanpainan zerua asaltoz hartzeko momentua iritsi zaionean errepresioari ordena deitzeko mila modu eraiki ditu, gutxiengoen aurkako neurriak balore italiarren defentsaz makilatzeko gai izan da eta politika erabat debaluatua dagoen herrialdean urteetan kasta politikoaren parte izan bada ere, Porta Porteseko ibileretan ezkutatzea lortu du.

Eta tamalez italiar askok amua irentsi dutela dirudi. Chigi jauregian lehen aldiz emakume bat ezarri liteke. Lau hormen goxoan mozorroa kentzen duenean berandu izango da. Alperrik izango dira orduan hemeroteka guztiak. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Italia
Gutxienez hamaika hildako eta 64 desagertu Mediterraneoan astelehenean bi ontzik izandako ezbeharretan

Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.


Ötziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Fra Mauroren mundu zehatzagoa

Venezia, 1459ko apirilaren 24a. Fra Mauro monje eta kartografoak bere munduko mapa amaitu zuen San Michele de Murano monasterioan zeukan kartografia tailerrean. Portugalgo errege Alfontso V.aren enkarguz egin zuen lan hura, eta, mapa amaitu bezain pronto, Portugalera bidali... [+]


4.000 urteko ezpain-margoa

Paduako (Italia) unibertsitateko ikerlari talde batek Iranen 2001ean aurkitutako harrizko ontzi txiki bat aztertu du. Zehazki, flasko  barruan zeuden arrastoak aztertu dituzte, eta hainbat osagai dituela ikusi dute: hematita xehetua –kolore gorri biziko mineral... [+]


Eguneraketa berriak daude