Ertzaintzaren interbentzio batean hil zen pertsona baten kasua ikertzen ari dira

  • Iazko abuztuan, Irundik gertu, ertzainek atxilotzean izan zuen bihotzekoa gizon batek. Eneko Valdésen heriotzaren ikerketan, Polizia errugabetu zuten.

Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2025eko apirilaren 10ean - 08:30
Ertzaintza
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ertzaintzaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea deiturikoa, Juan Luis Ibarra epaile ohia buru dela, iazko abuztuaren amaieran Irundik (Gipuzkoa) gertu izandako gertakariak ikertzen ari da. Abuztuaren 29an, GI-636 errepidean, trafiko-istripu bat izan zen auto baten eta moto baten artean. Motoko gidaria zauriturik eraman zuten ospitalera, baina autoko gidaria atxilo hartu nahi izan zuten ertzainek. Une horretan, bihotzekoak eman zion gizonari, eta Donostiako (Gipuzkoa) ospitalean hil zen handik denbora batera.

Aurretiazko txostenek diote "kausa naturalengatik" galdu zuela bizia pertsona horrek, eta ez dituzte interbentzioan parte hartu zuten ertzainak ikertu edo inputatu. Hainbat lekukok gaineratu dute Guardia Zibilak ere esku hartu zuela atxiloketa saiakeran. Badirudi, orain, esku-hartze polizialari buruzko ikerketa bat egiten ari dela aipatutako batzordea, Irungo auzitegi batek heriotzari buruzko auzi bat ireki baitzuen. Joan den otsailean, batzordeak txosten bat eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari, zabalik dagoen auzi judizialaren egoerari buruz.

Jaurlaritzak halako kasuetan erabili ohi dituen hainbat akusazio egin zituen hildakoaren aurka: Ertzaintzak zailtasunak izan zituela bera atxilotzeko, "asaldatuta" zegoela, ertzainei "eraso" eta "mehatxu" egin ziela, ihes egiten saiatu zela, eta abar. Une horretan izan zuen bihotzekoa gizonak.

Eneko Valdésen heriotzan, Ertzaintza defendatu zuen batzordeak

Duela urtebete, Astigarragan (Gipuzkoa) Eneko Valdések bizia galdu zuen interbentzio poliziala ikertzean, Ertzaintzaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeak errugabetzat jo zituen polizia-indarrak. Ertzainek eta udaltzainek parte hartu zuten operazioan, biktimak agerraldi psikotiko bat jasan zuenean, baina ordubete baino gutxiagoan hilik zegoen. Kolpeak zituen aurpegian, hautsirik zituen hainbat hezur, urradurak zituen eta taser pistolen markak ikus zitezkeen bere gorpuan, besteak beste. Ertzaintzak esan zuen Enekok "bere buruari egin" zizkiola lesioak.


Polizia gehiegikeriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.