Fanil Sarvarov teniente jenerala hil dute Errusiako hiriburuan, autoa hartzera zihoala. Ez Ukrainak ez beste inork ez du beregain hartu atentatua. Errusiako inteligentzia zerbitzuek adierazi dute susmo osoa dutela Ukraina dagoela atzean.
Errusiako armadako beste teniente jeneral bat hil dute astelehen goizean Moskun, etxetik irten eta autoa hartzera zihoala. Lehergailua ipini diote ibilgailuaren azpian, eta eztanda egin du autoak. Fanil Sarvarovek 56 urte zituen, eta armadako operatiboen entrenamenduen departamentuko burua zen.
BBC-k jakinarazi duenez, Errusiak Ukrainako inbasioa abiatu zuenetik gutxienez hiru armadako buruzagi hil dira antzeko gertakarietan. Sarvarovenaaren antzera, iragan apirilean Yaroslav Moskalik jeneralaren autoak eztanda egin zuen, lehergailua ipinita zeukalako; eta duela urtebete, 2024ko abenduan, Igor Kirilloven monopatina leherrarazi zuten ezkutuko artefaktu baten bitartez. Ukrainako Gobernuak ez du ofizialki deus esan hiru atentatu horietaz, nahiz eta Ukrainako zerbitzu sekretuen zantzu batzuk agertu ziren Kirilloven hilketan. Sarvaroven kasuan ere, Ukrainako Gobernuak ez du ezer esan.
Georgiako 1989ko gatazkan, Txetxeniako gerretan 1990 eta 2000ko hamarkadetan, eta Siriako operazio militarretan ere parte hartu zuen Sarvarovek, BBCren informazioaren arabera. 2022ko udatik, "Ukrainaren etsaiak" izendatzen dituen Myrotvorets deituriko webgune ukraniarrean ageri zen bere izena.