Eskuetan kolore ugaritako banderak eusten zituzten emakumeak ikusi genituen igandean Elgetan, gerra garaia bizi izan zuten begirada sakoneko aurpegi zimurtu ederrak. Baita gerra zuzenean bizi izan gabe, osteko frankismoaren urterik gogorrenak bizi izan zituztenak. Urduri zeuden asko, hainbeste jenderen aurrean agertzeagatik kezkatuta. Ohitura falta. Antolatzaileek kontatzen dute omenduengana gerturatu zirenean nola batek baino gehiagok zioen, "Ni? Baina ez dut ezer egin eta!!". Beste batzuk ordea, harroago, ukabilak estututa, euren edo senideen izenak entzundakoan altxatuko zituztenak.
Intxorta Kultur Elkarteak eta Elgetako Udalak antolatutako Erresistentzia Eguna ospatu zuten igandean Elgetan. Urtero ospatzen den ospakizuna da honakoa, gerra zibilaren eta gerra osteko memoria historikoa berreskuratu eta islatzeko helburuaz. Baina aurten, izan du berezitasunik egunak, Euskal Herriko emakume errepresaliatu eta erresistenteei omenaldia egin baitzaie.
Omenaldi hunkigarria izan zen. Lehen aldiz, Erresistentzia Egunean, gerra jasandako emakumeak eta Frankismorik krudelenaren aroan erresistentzian aritu ziren emakumeei aitortza publikoa egin zitzaien. Aspaldikoa zen kezka Intxorta Kultur Elkartearentzat. Hainbeste urtean memoria historikoa josteko ahaleginean, gizonen gerrak norabidetzen zuela kontakizun eta errepresentazio guztia. Gerraz dihardugunean gudu-zelaiak datozkigulako gogora, ez hainbeste jendearen eta gorputzen testigantza eta bizipenak.
Emakumeen gerrak beste kolore batzuk ditu
Elgetan une eta gune ugaritan aritutako ahizpa eta arrebek hartu zuten protagonismoa, isilpeko ahots guzti horiek. Literaturako azken nobel saria den Svetlana Aleksievitxen Gerrak ez du emakume aurpegirik liburuan kontatzen den bezala, emakumeek kontatzen duten gerrak, eta beraz, errepresioak eta erresistentziak berak, beste kolore batzuk ditu, beste usain batzuk, beste argi-ilun eta espazio batzuk. Heroi eta batailetatik haratago, egoera lazgarrietan bizi den jendearen bizitzak kontatzen dira hauetan. Gerra eta errepresioak dakarren gogortasuna, tragedia, urruntze zein galera guztiek, ez dituzte emakume hauek biktima bilakatzen ordea. Erresistentzia, borroka, elkartasuna, laguntasuna eta sorkuntza pertsonalaren adibide dira. Menpekotasun patriarkal eta frankistaren inposizioei izkin egin eta euren ideia politiko eta sozialekin konprometitu ziren emakumeak, botere egiturek inoiz domatu ezin izan zituztenak, errebelde eta borrokalariak.
Fusilak bizkarrera bota eta guda-zelaira, gudari edo miliziana bezala joan zirenen ahotsak. Erretagoardian erizain lanetan ibilitakoak, lubakiak eraikitzen aritutakoenak, frontean gelditu eta itzuli zirenenak.
Igandeko ekitaldian 41 emakumeri egin zitzaien omenaldia, Iñigo Arregik egindako Egiaren Iturria eskultura jaso zutelarik. Antolatzaileek argi zuten ordea, omenaldia garai hori bizi izan zuten emakume guztiei zuzenduta zegoela. Isilarazitako ahotsek, kontakizun ezagun zein ezezagunak kontatzen dituztela. Horiei guztiei honako hitzak eskaini zizkieten.
Gerraren lekuko zuzenak izan ziren emakumeak omentzeko elkartu gara gaurkoan, baita diktaduraren aurkako erresistentzian borrokan aritu ziren andrazko guztiak oroitzeko. Hemen zaudetenak, hil zituztenak eta memoriaren mapa marrazten hasi garen bitarte honetan bidean gelditu direnak.
Historiako eta memoria kolektiboko orrietan isilaraziak izan diren ahotsak entzunarazi nahi ditugu gaurkoan.
Fusilak bizkarrera bota eta guda-zelaira, miliziana bezala joan zirenen ahotsak gara. Erretagoardian erizain lanetan aritu ginenona, lubakiak eraiki genituenena, frontean gelditu eta frontetik itzuli ginenona.
Mugak zeharkatu eta gure kideen aldamenean, faxismoaren kontra, internazionalismotik, ahizpatasunetik aritu ginen brigadistak gara.
Fusilatu zituzten horiek denak gara; gure hilotzak guk geuk brodatu genituen bandera more, gorri, berde, zuri, beltzekin estali zituzten, odoldutako banderak.
Gure besoen artera jausitako gorputz zaurituak zaindu genituenak gara, haragiz estalitako hezurrak, azaletik sentitzen dutenak, errepresioa poro guztietan sufritzen dutenak.
Gure gorputzak gerra krimenen guda-zelai bihurtu zituzten. Gure konpromiso politiko eta sozialagatik torturatuak izan ginen, torturatuak izaten jarraitzen dugu, sistematikoki bortxatuak, zaurituak, behin eta berriz kartzelaratuak.
Irakasle izan ginen, idazle, kazetari, joskin..
Eta batez ere, sufragistak eta feministak izan ginen. Horregatik ere hil gintuzten, bortxatu gintuzten, ilea zerora moztu ziguten, betiereko lotsara kondenatu nahi izan gintuzten. Lesbianak gara, transak gara eta gudari izateari beste zentzu bat ematen hasita gaude dagoeneko.
Indar polizialengandik ihes egitea lortu genuenak, martxoaren 3 bakoitzean, maiatzaren 1 bakoitzean. Langileak eta sindikalistak. Antolatuak eta autonomoak.
Mira Marusiña, Mirá, Mirácómovienen… Munduko Maria Luisa potzu guztietatik datozen eta etorriko ez direnen zain, omenez, eguneroko borroka txiki eta handiak bultzatuz aurrera egitea beste erremediorik izan ez genuen guztiak gara.
Kuba, Mexiko, Alemania, Errusia.. herrialde horietara erbesteratu behar izan genuen, bonbardaketetatik eta ezarri nahi izan zituzten arauen beldurretik ihesi.
Ertzetatik arituz, erdiguneak konkistatzeko bideari ekin zenioten guztiak gara. Memoriadun emakumeak, emakume oroituak eta kolektiboki memoria antzeko prozesu honetan, ezinbesteko ahotsak. Zuen borroka eta mugimenduak, hainbat eremutan aitzindari izandakoak, gure egungo aldarrikapen izaten jarraitzen dute. Zuek izan zarete ertzetatik borrokatzen irakatsi diguzuenak. Badakigulako jakin, historiako liburuetan agertzen den gerrak antzekotasun gutxi duela zuenarekin. Orri horiek gizonezkoek idatziak izan dira, gizonetatik eta gizonei buruz. Gerraz zerbait badakigu, gizonen ahotsetik izan da. Emakumeok isilik egon behar izan dugu, isilaraziak izan gara, eta gure hizkuntza bera ere isilarazi nahi izan dute. Gaur, erdigunetik hitz egiten dugu beraz.
Euskal Herriko erresistente eta errepresaliatuak zaituztegu gaurkoan erdigunean, baina zuekin batera, munduko hamaika txokotako emakume erresistente eta errepresaliatuak gogoan ditugu. Kurdistanen, Sirian, Palestinan, Donbassen eta munduko hamaika bazterretan euren eskubideen borrokan ari diren milaka emakumeak, gurekin dira Elgetan.
Erdigunetik dihardugu eta gelditzeko hasi gara plazak gure egiten. Diktadurak isilarazi nahi izan zituen emakumeei ahotsa emanez, emakumeon memoria indibidual eta kolektiboa berreskuratuz, gure isiltasunak lanbrotzen dituzten mamuei aurre eginez. Garena, izan ginena eta izan nahi duguna lotzeko, eta gu geu zeharkatzeko beharra duen bizitzari bide emateko aukera da honakoa. Kontatzen ez den historia izan gara, baina gu gabe ez dago memoriarik. Eta memoria, zerbait izatekotan, sorkuntza ariketa bat da. Memoria historikoa eta pertsonalaren arteko hari fina, gogoratzea merezi duen hori bermatzeko bidea.Lotura horiek indartuz, kontzientzia aldaketan eraginez, mundua eta errealitatea beste koordenada batzuen arabera ulertzeko gakoak emanez. Ez dugu horretan zalantzarik, horretan gabiltza, horregatik batu gara gaurkoan. Eta badakigu ondo gabiltzala. Eta neskak, sinetsi iezaguzue, hau hasi besterik ez dela egin.
78ko Sanferminak Gogoan plataformak eta Gasteizko Martxoak 3ko ekimenak bat egin dute espainiar estatuak gertakari latz horietan bere erantzukizuna onartu eta biktimen aitortza ofiziala egin dezan. 'Estatua Erantzule!' izena darama kanpainak.
Inor gutxik ukatuko du ziurgabetasunez beteriko garai batean gaudenik. Krisi ekonomikoaren, ezegonkortasun politikoaren eta klima-aldaketaren inguruko mezuez inguraturik gaude. Ikaraturik bizi gara. Hori guztia gutxi balitz, globalizazioaren ondorioz, nazioen izaera zalantzan... [+]
Belaunaldi oso baten liburua da Palinpsestoa. Idazten dakien modura idatzi du Arrieta Ugartetxeak, eta horixe dateke alde gaitza. Gainerakoan, hortxe gure iragan hurbila, gerra ondoa, apaiz giroa, euskara, militantzia… eta ez hain hurbila ere, senide nagusien gerra... [+]
Datorren irailaren 25ean 40 urte beteko dira GALek Baionako Monbar hotelean egindako atentatutik, non lau euskal errefuxiatu hil zituen. Horren karietara, Gogora Memoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Institutuak oroimen ekitaldi bat egingo du udazkenean.
Donostiako Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordeko Sinbologia Lantaldeak dokumentazioa aurkeztu du, eskultura frankista dela frogatzeko. Eskulturaren jatorriaren inguruko eztabaida ireki nahi dute hirian, eta udal gobernuari zenbait eskaera egin dizkiote.
Salvador Puig Antich frankismoaren kontrako militantea izan zen. Askapen Mugimendu Iberikoko kidea, 1973ko irailaren 25ean atxilotu zuten. Gerra-kontseilua egin zioten, eta garrotez exekutatu zuten handik sei hilabetera, 1974ko martxoaren 2an. Aurtengo otsailean baliogabetu du... [+]
Nazismoaren biktimak izandako euskal herritarrak oroitzeko Eusko Jaurlaritzak egin duen lehen aitorpen instituzionala da. Hego Euskal Herriko 253 pertsona deportatu zituzten 1940 eta 1945 urteen artean. 113 bertan hil ziren eta beste asko, handik bizirik irten baziren ere... [+]
Oraindik ikusgai dago Donostiako San Telmo museoan Memoriaren Basoak erakusketa, maiatzaren 11ra arte. Totalitarismoek gizartea kontrolpean hartzeko erabiltzen dituzten metodo eta tekniken inguruko hausnarketa bat da, espresio artistiko ugariren bidez ondua.
50 urte bete dira Polizia frankistak Mikel Gardoki Azpiroz ETApm-ko kidea tirokatuta hil zuenetik. Egiari Zor fundazioko kideek eta Gardokiren kide Juan Miguel Goiburu Mendizabal 'Goiherri'-k hartu dute parte ekitaldian.
1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.
Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.
Fusilamenduak, elektrodoak eta poltsa, hobi komunak, kolpismoa, jazarpena, drogak, Galindo, umiliazioak, gerra zikina, Intxaurrondo, narkotrafikoa, estoldak, hizkuntza inposaketa, Altsasu, inpunitatea… Guardia Zibilaren lorratza iluna da Euskal Herrian, baita Espainiako... [+]
Gogora Institutuak 1936ko Gerrako biktimen inguruan egindako txostenean "erreketeak, falangistak, Kondor Legioko hegazkinlari alemaniar naziak eta faxista italiarrak" ageri direla salatu du Intxorta 1937 elkarteak, eta izen horiek kentzeko eskatu du. Maria Jesus San Jose... [+]
Familiak eskatu bezala, aurten Angel oroitzeko ekitaldia lore-eskaintza txiki bat izan da, Martin Azpilikueta kalean oroitarazten duen plakaren ondoan. 21 urte geroago, Angel jada biktima-estatus ofizialarekin gogoratzen dute.
Bilbo Hari Gorria dinamikarekin ekarriko ditu gurera azken 150 urteetako Bilboko efemerideak Etxebarrieta Memoria Elkarteak. Iker Egiraun kideak xehetasunak eskaini dizkigu.