EAMen eskaria erakundeei: "Ez eman jaten munstroari, ez bidali gure hondakinik erraustegira"

  • Erraustegiak probaldi fasean 15 egun bete dituen honetan, egun bizi dugun egoeraren gaineko irakurketa plazaratu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, Usurbilgo Udalak antolaturiko "SOS Usurbil, erraustegia gelditu" manifestazioaren aurretik Potxoenean egin duen agerraldian.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2019ko abenduaren 17an - 01:36
(Argazkia: Noaua)

Eskaera zuzena egin diete erakundeei, modu berezian udalei. Erraustegia probaldi fasean piztua duten honetan, "ez eman jaten munstroari, ez bidali gure hondakinik erraustegira". Bestalde, gaikako bilketa kaxkarra duten herri eta batez ere Gipuzkoako hiriburu den Donostiari mezu zuzena: "zatozte Usurbila eta ikusi hemendik zuen axolagabekeriak erretzera bidalitako hondakinak erretzeak zabaltzen duen ke kutsagarria!". Hirugarren mezua, erraustegia pizteko ardura izan dutenei. ""Proiektu kriminal hau martxan jarri duten agintarien izenak ez ditugu ahaztuko, ez Zubietan eta ez Gipuzkoan". Erraustegiaren aurkako borrokan ez dutela etsiko argi utzi nahi izan dute.  Hemen Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Potxoeneko agerraldian plazaratu duen adierazpena osorik:

 

Ez elikatu erraustegia, pauso berriak emateko garaia da

Azkenean piztu dituzte Gipuzkoako erraustegiaren labeak. Ez herritarron borondatea, ez medikuen ohar larriak, ez mugimendu sozial, sindikatu, alderdi eta elkarteen eskariak, ezta alternatiba hobe, garbiago, merkeago eta eraginkorragoak badirela demostratzea ere... ez inori eta ez ezeri kasu egin gabe, azkenean Gipuzkoako agintari politikoek eta korporazio handiek eraiki eta piztu dute Zubietako erraustegia. Proiektu kriminal hau martxan jarri duten agintarien izenak ez ditugu ahaztuko, ez Zubietan eta ez Gipuzkoan.

Gure agintariek garapen neoliberalarekiko daukaten menpekotasuna nabarmentzeko bezala, mundu osoa Klimaren Larrialdiarekin kezkatu den unean eraiki dute Zubietako erraustegia, gainerako kutsadura eta bestelako injustiziez gain, beroketa globala are larriagotzeko balioko duena.

Berriro esango diegu argi eta garbi EAJ eta PSOEko agintariei eta hauen konplizitatearekin erraustegia martxan jarri duten enpresei: lehengaiak erretzea eta xahutzea ez da jarduera jasangarria, gezurretan ari zarete ekonomia zirkularra ahotan darabilzuenean. Eta herritarrei gogorarazi nahi diegu: "erosi-erabili-eta-bota" eredu kontsumista atzerakoia da, mundu honetako baliabideek mugarik ez baleukate bezala jokatzea erokeria da, hondamendia eragiten diegu gaur bertan munduko herri eta jende askori eta are hondamendi handiagoa eragingo diegu gure seme-alabei eta ondorengo belaunaldiei. Hau ez da bidea!

Azkenean piztu dute Gipuzkoako erraustegia. Baina Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik ozen diogu: ez dugu etsiko erraustegiaren aurkako borrokan. Eta Gipuzkoako herritarrei azaldu nahi diegu erraustegiaren kontrako bidean, Zero Zabor eta ekonomia zirkularraren eredu berria eraikitzeko bidean, urrats berriak emateko garaia iritsi dela. Gure agintariei, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, mankomunitateei eta gure ingurukoenak diren udal agintariei... denei exijitu behar diegu: ez erre gure hondakinak!

Ez eman jaten munstroari, ez bidali gure hondakinik erraustegira.

Hasteko, dei larri bat egiten diegu Gipuzkoan oraindik gaikako bilketan tamalgarri ari diren udalerriei eta bereziki hiriburuko agintariei, Donostiako Udalari. Donostiako alkate eta zinegotziok: behingoz bukatu zuen fartsa, Gipuzkoako hiria "kanpo eder, barren zikin" bihurtu duzuen lotsagarrikeria hori eten ezazue. Donostiarrok: zuen zaborrak zuen erantzukizuna dira, ez duzue eskubiderik zuek gaizki egiteagatik besteei paga arazteko. Donostiarrok eta donostiarrak bezala oraindik gaikako bilketan oso gaizki ari zareten Gipuzkoako beste hiri eta herrietako jendeok: zatozte Usurbila eta ikusi hemendik zuen axolagabekeriak erretzera bidalitako hondakinak erretzeak zabaltzen duen ke kutsagarria!

Egia da Gipuzkoako beste udalerri askok aurrera pauso handiak egin dituztela hondakinen gaikako bilketan, batzuk Europan eredugarriak ere badirela. Baina hori jadanik ez da nahikoa. Gaikako bilketa eraginkorrak abian jartzeko ausardia izan genuen bezala, erraustegiarekin ez kolaboratzeko urrats sendoak emateko sasoia heldu da. "Errausketarik ez!" baldin bada gure aldarria, urrats berri bat eman behar dugu orain: gure udalek zorroztasunez hartu behar dute konpromisoa beraiek bildutako hondakinik Zubietako erraustegira ez bidaltzeko. Eskaera garbia da: udalez udal, eta batez ere hondakinak bereizita ongi jasotzen direnetan, ez eraman gure hondakinak erraustera.

Gipuzkoako herritarrok ere ekintza berriak asmatu behar ditugu Zubietako erraustegi kriminal horrek inguruko jendeak eta etorkizuneko herritarrak kutsatu eta kaltetu ez ditzan.

Ez elikatu erraustegia!

Erraustegiaren Aurkako Mugimendua


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude