Gipuzkoako erraustegia geratzea exijitu dute milaka gipuzkoarrek Donostian

  • Milaka herritarrek bete zituzten Donostiako kaleak larunbat arratsaldean. Eragile anitzek babestuta, Zubietako erraustegia geratzea eskatu zuten. Ibilbide osoan zehar, etenik gabekoak izan ziren errausketaren aurkako oihuak.

Manifestazio buruan deialdia antolatu duten eragileetako ordezkariak. (Argazkia: Dani Blanco)
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko urriaren 29an - 08:48

Amarako Mendeurren plazatik abiatu, hiri erdiguneko kaleak zeharkatu eta Alderdi Ederren amaitu zen mobilizazioan buruan, une oro, manifestatzera deitutako eragileen hiru pankarta izan ziren. Lehenengoan, manifestazioko aldarri nagusiarekin, erraustegia geratzeko exijentziarekin; atzetik, alternatiba badela gogorarazten duena, eta azkenik, etorkizunari begira sustatu beharreko eredua, ekonomia zirkularraren eta birziklapen eraginkorraren bidean sakondu behar dela gogorarazten zuena. Hauen atzetik, aipatu moduan, herritar uholdea. Adin eta Gipuzkoako jatorri ezberdinetako milaka lagun erraustegiaren aurkako aldarriak batuta.

“Hemen ere posible da erraustegia geratzea, oraindik garaiz gaude!”

Hala gogorarazi dute Donostiako manifestazio amaieran, mobilizazioa deitu duten Gipuzkoako 15 gizarte eragileek. Deialdiak izan duen arrakasta ikusita, pozik agertu dira Alderdi Ederreko amaiera ekitaldian. “Lortu dugu!” zioten. “Genuen klimatologia aurreikuspenarekin ere erraustegiaren auzian mailaka herritar elkartu eta Gipuzkoan manifestazio jendetsu eta anitz hau egitea lortu dugu gaurkoan. Zorionak benetan denoi!”.

Eragile anitz gaurko hitzordurako bildu izanak erakusten du, “geroz eta gehiago garela erraustegiko lanak geratu eta kontratua etetea exijitzen dugunak”.

Hamaika arrazoi eta gehiago dago horretarako. Arrazoiak asko eta anitzak dira eragileon esanetan. “Baina bada arrazoi bat, gizarte osoak bat egin dezakeguna. Mahai gainean aukera guztiak jarri behar direlako, agintean daudenak herritarron nahiak kontuan izan behar dituztelakol ,eta inposaketarik ez dugulako onartzen, erraustegia gelditu orain! Kontratua eten!”, aldarrikatu dute Alderdi Ederretik, bertaratu diren milaka gipuzkoarren txalo artean.

Erraustegia lanak geratu, eta elkarbizitza zein ingurumenaren txikizioa geratzeko ordua dela gogorarazi dute. Osasuna eta bizitza herritarrona dela eta hauen gaineko erabakitze eskubidea baita. “Aukera ditzagun hondakinen arazoak konpontzeko beste bideak. Osasuna, ingurumena eta herritarren interesak lehenetsiko dituzten alternatibak jar ditzagun abian! Gipuzkoaren etorkizunak merezi duelako, erraustegia gelditu!”.

Herritarren presioak mundu mailan hainbat txokotan lortu dutela gogorarazi digute, erraustegia gelditu ahal dela alegia. “Esaterako, Bartzelonan eraikitzekotan ziren erraustegia, Valdemingomezen itxiera, Madrileko Loechesko planta, Huescako proiektuaren geldiaraztea, Asturiaseko ezezkoa errausketari, Castelloko plantaren itxiera, Italia osoan hartutako erabakia, Mexiko udal gobernu berriaren ezezkoa, Txinan herritarren protestek geldiarazitako hiru erraustegiak, Irlandako plantaren itxiera, Islandia, Ingalaterra, Kroazia, Eslovenia, Argentina, Frantzia, Sidney, California, Florida… eta horiek gutxi ez eta oraindik garaipen gehiago etorriko dira. Herritarren presioari esker hainbat lekutan lortu badute errauste planta geratzea, guk ere lortuko dugu! Hemen ere posible da eta oraindik garaiz gaude!”.

MANIFESTAZIOKO DEITZAILEEN ADIERAZPENAK

Erraustegiaren Aurkako Mugimendua
“Hondakinak kudeatzeko erraustea ez den alternatibak badaudelako eta hala dela demostratu dugulako Gipuzkoako herri askotan. Alternatibaren oinarri oinarrian gaikako bilketa dago, baina bilketa derrigorrezkoa eta emaitzaduna eta ez nolanahikoa. Kontratuak iraungo duen 35 urtez Gipuzkoako udalak zorpetu egingo dituztelako, herritarrontzat oinarrizkoak diren zerbitzu publikoak, osasuna, hezkuntza, ongizatea eskastuz eta murriztuz. Inposatu nahi diguten alferrikako azpiegitura hori gelditzeko ardura eta beharra sentitzen dugulako herritarrok eta geratuko dugulako berriro ere, erraustegia gelditu!”.

GuraSOS
“Gure haurrak, gizartearen ongizatea eta etorkizuna babestu nahi ditugulako. Zor diegulako. Adostasun gehien lortzen duen, osasuna eta ingurumena gehien babesten duen eta Europako irizpideak gehien betetzen dituen irtenbidea lorteko bidean, ezinbesteko pausoa delako. Hitz egin, adostu eta konpontzeko lehen urratsa delako. Gipuzkoarentzat beste etorkizuna nahi dugulako, herritarrak kontuan izango dituena, aukera guztiak baloratuz erabakitzea ahalbidetuko duena. Gipuzkoa osasuntsuago eta demokratikoagorako inoiz ez delako berandu, erraustegia geratu!”.

OEIT Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea
“Errausketa gure osasunerako arriskutsua dela ikusten dugu. Hondakinak kudeatzeko modu osasuntsuagoak badira, eta azken finean, gure esku dago, erraustegia behar ez izatea. Horregatik diogu, erraustegia gelditu!”. 

ELA, LAB, CCOO, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuak
“Langileok ere erraustegiaz erabakitzeko eskubidea dugulako, diru publikoaren pribatizazioagatik, banku eta enpresa handien eskuetan geratzen delako gizarte politiken kaltetan. Alternatiba badago; hondakinen kudeaketa iraunkorra, zero zabor helburuarekin. Oraindik garaiz gabiltza erraustegia gelditzeko!”.

Ernai
“Kutsatzen duten proiektu txikitzailerik nahi eta behar ez dugulako. Ustelen mesedetara negozio zikina egin eta haien poltsikoak betetzeko soilik eraiki nahi dutelako. Eta herritaron hitza errespetatu beharrean, urteetako zorra eragingo duen makroproiektu bat inposatu nahi digutelako, erraustegia gelditu!”.

Gipuzkoa Zutik
“Erraustegiaren proiektuaren atzean ustelkeria kirats izugarria dagoelako eta euskal erregimena deitzen diogun mafia horren sinbolo delako, erraustegia gelditu! Klima aldatu beharrean, sistema aldatu nahi dugulako erraustegia gelditu! Eta azkenik, minetik eta elkartasunetik, Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen kontra Asensio eta Olano hauekin izaten ari diren jarrera lotsagarriagatik. Herritarrontzat kaltegarri den erraustegi bat gelditzea inoiz ez delako delitu izango, Iñaki eta Ainhoa denok garelako eta orain beraiei zor diegulako erraustegia gelditu!”.

Greenpeace
“Badaude soluzioak hondakinen kudeaketa arduratsu eta iraunkorrarentzat, konponbide hobeak dira gainera, bai ikuspegi ekonomiko, ingurumen edo osasun ikuspegitik begiratuta ere. Erraustegiak ez dira eraginkorrak eta baliabideak suntsitzen dituzte. Greenpeacetik erraustegiari ez!”.

No+precariedad
“Erraustegia ez da hondakinak kudeatzeko irtenbidea, Europak markatutako birziklatze eredua lortzeko oztopo nagusian bilakatuko da. Erraustegiak ez du hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzea konpontzen. Erraustegia gera dezagun!”.

<< Albiste hau Usurbilgo Noaua-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errausketarik ez
2023-09-11 | Usurbilgo Noaua
Hondakin gehiago ez erraustea eskatzeko Kontxa inguratu dute

Ia bi hamarkada luzez egin duten moduan, "errausketarik ez!" aldarrikatu eta oihukatu dute, Kontxako Banderaren bigarren eta azken jardunaldi egun honetan, Donostiako hondartza inguratu duen giza katean.


2023-04-27 | Usurbilgo Noaua
"Erraustegiaren errealitate kutsatzailea" agerian uzteko martxa larunbatean

Lasarte-Oriatik Zubietako erraustegira martxa deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak apirilaren 29rako, 11etan abiatuta, "Erraustegia, airea, ura eta lurra kutsatzen" aldarripean, aipatu plantaren "errealitate kutsatzailea" agerian uzteko. Herritarrak... [+]


2022-11-16 | ARGIA
Zubietako erraustegiaren inguruetako kutsaduraren orain arteko datuak aurkeztuko dituzte Hernanin

Azaroaren 19an goizerako hitzaldi berezia antolatu du Hernanin Zero Zabor elkarteak: Holandako ToxicoWatch fundazioak Zubietako erraustegiaren kutsaduraz 2021ean bildutako laginekin egin duen txostena oinarri hartuta, Errausketaren Aurkako Mugimenduko bi kidek datuak eta... [+]


2021-12-21 | ARGIA
Errausketaren aurkako mozioa aurkeztu dute Bergarako Udalean eta elkarretaratzea egin dute

Abenduaren 20ko Bergarako Ohiko Udal Batzarrean mozioa aurkeztu dute bi herritarrek eta gaia eztabaidatu dute ondoren udaleko alderdi politikoek eta herritarrek. Mozio horrek laburtzen ditu Bergarako erraustegiaren auziko puntu nagusiak.


2021-11-24 | Leire Artola Arin
Bergarako erraustegi proiektuaren mahai-inguruak kezka handiagoa piztu du herritarrengan

Ekologistak Martxan taldeko ordezkariak Greene enpresari aurpegiratu dio “gezurretan” aritzea eta herritarrei “datuak ezkutatzea”; hondakinak pirolisi bidez tratatzearen kalteez ohartarazi du. Proiektuaren arduradunek, ordea, plantaren... [+]


Eguneraketa berriak daude