Ernaltzeko borrokan heriotzeraino iritsi daitezke apoak

  • Apor iberiar arrunten ugal garaian gaude. Artikulu honetan Iñaki Sanz-Azkue biologoak azaldu du zein modutan ugaltzen diren neurriz txikiagoak diren arrak emeekin: anplexua eginez. Ernaldu bitartean eme handien inguruan sortzen diren arren borrokak hildakoak ere utzi ditzake.


2020ko martxoaren 28an - 08:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Nola lagundu anfibioei errepidea gurutzatzen? artikuluan azaldua dugu apo arrunt iberiarrak (Bufo spinosus) ugal garaian kotxeek zapalduta hiltzeko duen arriskua. Ez dira, ordea, oztopo guztiak gizakiak jarritakoak. Bizitzak ere borroka propioak jarri baitizkio apoari.

Ugal garai honetan, ugal tokira iristea lortzen duen apoak momentu bitxi bezain gogorrak bizitzen ditu bertan. Arrak eta emeak anplexua egiten dute. Alegia, arra, txikiagoa dena, emearen bizkar gainean jartzen da, eta aurreko hankekin emea heltzen du indar handiz.

Bitartean, ar gehiago gerturatuko zaizkie, eta anplexuan dagoen arra atzeko hankekin horiek uxatzen saiatuko da. Sarri, ordea, ez du lortuko, eta apoz osaturiko bola handi bat sortuko da, eme baten inguruan ar ugari pilatuko direlako ugaltzeko asmoz. Borroka horretan irudi gogorrak ere ikusi izan ditugu sarri.

Arren artean, emeak aire gabe geratzen dira maiz, eta arrez osaturiko bolaren erdian bizia galtzen dute batzuetan. Azaltzen dira hildako arrak ere. Izan ere, basotik ugal tokietarako bide luzeak, ugal garaian elikatu gabe egon beharrak, eta denbora luzean ugal tokian lehian ibiltzeak neke izugarria sortzen die, hiltzerainoko nekea.

OHARRA: martxoaren 29an argitaratuko dugu artikulu sorta honen azken pieza, bitxiena eta arrigarriena. Ea asmatzen duzun apoek fisikoki zer egiteko gaitasuna duten. Irakurri berri duzun artikulu hau eta Nola lagundu anfibioei errepidea gurutzatzen? artikuluak gustuko izan badituzu, ez galdu hirugarren eta azkena!


Irakurri gehiago: Anfibioak Ingurumena
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.