Wert ministroak atzera egin du Erasmus beken aferan

  • "Erasmus" proiektuan parte hartzeko hautatu dituzten ikasle guztiei bermatuko die laguntza Espainiako Hezkuntza Sailak, bazirudien arren beka orokorra jasotzen duten ikasleei baino ez ziela emango diru-laguntza.

2013ko azaroaren 05an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Wert Hezkuntza sailburua. (Arg: newsuniversidad.com)

Ikasleek iazko beka bera jasoko dutela esan du Wertek.

Espainiako Hezkuntza sailak ohar baten bidez jakinarazi zuenez, Erasmus mugikortasun programa egiteko diru-laguntza beka orokorra jasotzen duten ikasleei baino ez zitzaien emango. Aurtengo ikasturtea egitera atzerrira joan ondoren izan dute ikasleek aldaketaren berri.

Gaur arratsaldean, ordea, atzera egin du Wert ministroak.

[10:30ean argitaratutako albistea]:

Diru sarrera urriak dauzkaten ikasleei esleitzen dizkie beka orokorrak Hezkuntza sailak. Orain, soilik errenta parametro horietan sartzen direnei emango die Erasmusa gauzatzeko beka, Wert Hezkuntza sailburuak urriaren 24an hartutako erabakiaren ondorioz.

2011-2012 ikasturtean, 39.000 ikaslek hartu zuen parte Europar Batasuneko herrialdeen arteko mugikortasun programan. Aurten ere, atzerrian antzeko kopuru bat dagoela kalkulatzen da. Joandakoen erdiak jasango du murrizketa.

Hiru diru partidek osatzen dute Erasmus programa: lehenik eta behin, Europar Batasunak emandako diru laguntza –133 euro inguru hileko–; bigarrenik, Espainiako Hezkuntza Sailak eskainitakoa –150 euro inguru, hilabetero–; hirugarrenik, zenbait kasutan komunitate jakin batzuk bideratzen duten laguntza osagarria –adibidez, Kataluniak 200 euro ematen ditu–.

Orain, beka orokorra ez duten ikasleek Europako eta Autonomi Erkidegoko bekak baino ez dituzte izango. Gainera, Autonomi Erkidego guztiek ez dute laguntzarik ematen, beraz, ikasle batzuek Europakoa besterik ez dute edukiko.

Aurreko urtean, arazoak izan zituen Europak mugikortasun programari dagozkion bekak banatzeko. Wertek dio neurri berriak ziurtatzen duela “baliabide gutxien dauzkaten ikasleek” laguntza bermatuta edukitzea.

Ohar baten bidez, Hezkuntza sailak adierazi du erabakiarekin Erasmus bekak diru-laguntza “sozialak” izatea bilatu, eta “aukera berdintasuna” ziurtatzen duela.

Programan parte hartzen ari diren ikasleak kexu azaldu dira. Izan ere, atzerrian direla izan dute murrizketaren berri.

2011 urtetik, %71 jaitsi dituzte Erasmus bekentzako zuzendutako aurrekontua. Hiru urteren buruan, 67, 2 milioi eurotik 18 milioi eurora gutxitu dituzte.

Beka orokorrak eta Séneca ere murriztuta

Erasmus bekaz gain, Séneca beka ere desagerrarazi du Werten ministerioak. Beka orokorrei dagokienez, murriztu egin ditu eta aurreikusten da 10.000 bekadun gutxiago izatea datorren urtean.

Twitterren, #Erasmus eta #ErasmusRIP traolak erabiltzen ari dira, gaiari buruz hitz egiteko.

 

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Unibertsitatea
2024-05-17 | UEU
37 euskal ikertzailek hartu dute parte Txiotesia7 lehiaketan

37 euskal ikertzailek hartu dute parte asteartean Txiotesia7 lehiaketan. Mastodon eta X/Twitter sare sozialetatik zabaldu zituzten beren ikerketa lanak, euskaraz.


Kanpaldien lehen garaipenak iristen hasi dira Israelekiko boikot akordioekin

Besteak beste, Bartzelonako Unibertsitateko klaustroak Israelekin harreman instituzionalak etetearen alde bozkatu du. Dublingo Trinity College ikasle mobilizatuekin akordio batera heldu da Israelekin “harremana hausteko norabidean lan egiteko”. Ikasle Abertzaleakek... [+]


EHUk harremanak hautsiko ditu Palestinako sarraskia gaitzesten ez duten Israelgo unibertsitateekin

EHUko Gobernu Kontseiluak adierazpena onartu du, Palestinaren alde eta Gazako sarraskiaren aurrean. Hainbat konpromiso hartu ditu, besteak beste, boluntariotza programa bat martxan jartzea, errefuxiatuen arreta zabaltzea eta giza eskubideen inguruko gogoeta sustatzea. Harreman... [+]


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


Eguneraketa berriak daude