Epaitegiek ARGIAri eman diote arrazoia: hizkuntz eskubideen urraketez informatzea ez da delitua

  • 2018an bi ertzainek salaketa jarri zuten ARGIAko Lander Arbelaitz kazetariaren aurka Donostian hizkuntz eskubideen urraketa batez informatzeagatik, haien aurkako iraintzat jota. Epailearen aurrean deklaratu ostean, kasua artxibatzea erabaki zuten Donostiako Epaitegiek, baina erabakiari errekurtsoa jarri eta mailaz igo zuten salaketa. Gipuzkoako Auzitegiak, oraingoan, ARGIAri arrazoia eman dio eta honenbestez, bide judiziala behin betiko itxita, informatzeko eskubidea gailendu da.

ARGIAko kazetari Lander Arbelaitz epaitegian sartzen, Ertzaintzak jarritako salaketa batengatik. (Jon Urbe / Foku)

2020ko urriaren 06an - 10:31

22125 eta 23044 gisa identifikatu ziren bi ertzainek salaketa jarri zuten epaitegian ARGIAko kazetari Lander Arbelaitzen aurka, 2018ko maiatzean Donostian pertsona bati hizkuntza eskubideak nola urratu zizkioten grabatu eta gertaeraz informatu izanagatik.

“Irainak” egotzita bide penaletik salaketa jarri ziotenez, iazko martxoaren 20an Donostiako epaitegian deklaratu zuen kazetariak. Egoera kontraesankorra salatu zuen kazetariak epailearen aurrean, besteren artean, Ertzaintzak uztailaren 27an sinatutako gutun batean barkamena ere eskatu zuela gogoratuz. Epaitegiaren kanpoan 100 bat lagunek kontzentrazioa egin zuten “kazetaritza ez da delitua” lelopean eta 400 kazetarik babesa adierazi zioten Arbelaitzi manifestu baten bidez.

Babes kontzentrazioa epaitegiaren aurrean. (Dani Blanco)

2020ko urtarrilaren 2an auzia artxibatzea erabaki zuen Donostiako epaitegiak, baina ertzain batek errekurtsoa jarri zuen erabakiaren aurka. Horrez gain, Gipuzkoako Auzitegian ere aurkeztu zuen helegitea, justizia sisteman gora joz. 2020ko irailaren 29ko data duen autoak, atzera bota du ertzainaren errekurtsoa, ARGIAri arrazoia emanez.  Auzia bide penaletatik kanpo utzi behar dela ebatzi du Gipuzkoako Auzitegiak, “aurkeztutako datuekin ezin da ondorioztatu Lander Arbelaitzek arau-hauste penalik egin zuenik”.

 

Juana Maria Unanue Arratibel Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko hirugarren ataleko presidenteak dio ez duela ikusten Arbelaitzek inor iraindu zuenik, eta gainera, bideoak aztertu ostean, zentzuzkotzat jo du kazetariaren interpretazioa: ertzainak pertsona bat identifikatu zuen euskaraz zuzendu zitzaiolako, “honek euskaraz hitz egin ostean eskatu baitzion identifikazioa”. Honela dio lotura honetan PDFan kontsulta daitekeen epaiak hitzez hitz, gaztelaniaz:

“Auzitegi honetara bidalitako datuen arabera, salaketa jarri duen agenteak kontzentrazioan parte hartzen ari zen pertsonetako bati identifikazioa eskatu zion, hain zuzen ere, pertsona honek euskaraz erantzun zionean. Egia da ezin dela ziurtasun osoarekin baieztatu agenteak pertsona hau identifikatu zuela euskaraz hitz egin ziolako, baina sekuentzia faktikoak egiaztatzen du euskaraz erantzutean eskatu ziola agenteak identifikazioa erakusteko.

Horregatik, ikertua den Arbelaitz Mitxelenak argitaratutako informazioa bada, nolabait, gertatutakoaren interpretazio zentzuduna eta beraz, informaziorako eskubidea babestua dago, eta ezin da inola ere faltsutzat edo zalantzarik gabe umiliagarritzat edo iraingarritzat jo.

Kasu zehatz honetan, ohorerako eskubidearen eta adierazpen askatasunaren artean, argi dago bigarrena gailendu behar dela, are gehiago (eta hau da garrantzitsuena) ikertutako pertsonak ez zuenean erabili iraingarritzat edo erasokortzat jo daitekeen hitzik, esaldirik edo esamolderik; aitzitik, mugatu zen ikusi zuen sekuentzia faktikoa interpretatzera (oker edo zuzen), erabili gabe (berriro diogu) adierazpen zatar edo itxusirik”.

Autoa irmoa da eta ez dago errekurtsorik jartzerik. Beraz, amaitu da epaitegietako bidea eta ARGIAk irabazi du auzia.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza ez da delitua
Pablo Gonzalez “berehala” askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


2023-07-11 | ARGIA
Solwayren aurrean ARGIA babestu dute 40 eragile sozial, sindikatu eta alderdi politikok

Mugarik Gabe GKEk Kazetaritza eta elkartasuna ez dira delitua izeneko komunikatua zabaldu du, ARGIAren aurka Solwayk egindako erasoa gaitzesteko. Bat egin dute eragile eta erakunde ugarik, tartean, gehiengo sindikalak eta ezkerreko alderdi politikoek.


2023-06-30 | Axier Lopez
Ez gaituzte ezagutzen

Mendebaldeko multinazional batek “hirugarren mundutzat” hartzen duen lurralde bateko aberastasun naturalak ustiatzen ditu masiboki. Enpresarentzat dirutza, han bizi direnentzat kutsadura eta askotariko arazoak. Zenbat aldiz entzun dugu istorio hau? Oraingoan ordea,... [+]


2023-06-22
Zein dago Solway multinazionalaren atzean?

Solway Investment Group batez ere nikela esplotatzen duen eta Suitzan egoitza duen meatzaritza multinazional pribatua da, munduko garrantzitsuenetakoa sektorean. Webgunean adierazten duenez, Guatemalan, Ukrainan, Mazedonian eta Indonesian ditu proiektuak, eta 2021ean 1.450... [+]


2023-06-20 | ARGIA
Aste honetako aldizkariaren azalean

Aste honetan ARGIAk ale berezia atera du Solway Investements Group-en erasoaz informatzeko. Besteren artean, gaiari buruzko artikulua eta Solwayren atzean nor dagoen azaltzeko erreportajea argitaratu ditugu.


2023-06-20 | ARGIA
Mugarik Gabe
“Solway-ren erasoa adierazpen askatasunaren kontrakoa da, planifikatutako larderia estrategia baten parte”

35 urteko ibilbidea duen Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearen eskutik etorri zen Guatemalako Prensa Comunitariako kazetari Paolina Albani Euskal Herrira. ARGIAk egin zion elkarrizketa ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko eskatu dio ARGIAri Solway multinazionalak... [+]


2023-06-20 | ARGIA
Solway multinazionalak ARGIAri mehatxu egin diola publikoki salatu dugu

ARGIAko lantaldeak ezohiko prentsaurrekoa eman du asteartean, Mugarik Gabe GKEko kideekin batera. Bertan izan dira Euskal Herriko Emakume Migratu eta Arrazializatuen elkarteko kideak ere. Publikoki salatu dugu Solway multinazionalak ARGIAri eskatu diola Paolina Albani... [+]


2023-06-20 | ARGIA
ARGIAren manifestua
Solway, utzi ARGIA bakean: kazetaritza ez da delitua

Guatemalako kazetari bati ARGIAk egindako elkarrizketa bat ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko eskatu digu Solway Investment Group multinazionalak. ARGIAk ez du horrelakorik egingo eta kazetaritza independentea aldarrikatzeko baliatuko dugu erasoa.


2023-06-20 | ARGIA
Solway multinazionala, utzi ARGIA bakean
Kazetaritza ez da delitua

Guatemalako kazetari bati ARGIAk egin eta argitaratutako elkarrizketa bat ezabatzeko eta 15.000 euroko “kalte-ordaina” ordaintzeko eskatu digu Solway multinazionalak. Egin ezean kasua epaitegira eramatearekin mehatxatu gaitu. ARGIAk ez du horrelakorik egingo, ez gara... [+]


2022-11-08 | ARGIA
Prado museoko ekintza ekologistaren berri emateagatik atxilotutako kazetariak karguekin aske utzi dituzte

Futuro Vegetal talde ekologistako bi kidek Goyaren Majen margolanetara itsatsi zuten euren burua larunbatean, klima larrialdiaren aurkako neurriak eskatzeko. Bi ekintzaileak eta ekintzari buruz informatzen ari ziren bi kazetari atxilotu egin zituzten eta “historia... [+]


2020-12-24 | Axier Lopez
Julian Assangeren kasua
Kazetaritzaren aurkako gerra zikina

2010ean, WikiLeaksek, komunikabide handi batzuen laguntzarekin, dokumentu "sekretuen" historiako filtrazio zabalenetako bat argitaratu zuen. AEBetako inteligentzia zerbitzuen 700.000 fitxategi baino gehiago, gobernu eta estatu askoren jarduera diplomatiko eta militar... [+]


Eguneraketa berriak daude