Solwayren aurrean ARGIA babestu dute 40 eragile sozial, sindikatu eta alderdi politikok

  • Mugarik Gabe GKEk Kazetaritza eta elkartasuna ez dira delitua izeneko komunikatua zabaldu du, ARGIAren aurka Solwayk egindako erasoa gaitzesteko. Bat egin dute eragile eta erakunde ugarik, tartean, gehiengo sindikalak eta ezkerreko alderdi politikoek.

Argazkia: Dani Blanco CC BY SA.

2023ko uztailaren 11n - 11:08
Azken eguneraketa: 12:55

“Gure elkartasuna, babesa eta maitasuna erakusten dizkiogu ARGIAri. Hedabide independentea eta gizarte-justiziarekin konprometitua da, eta, jasotako mehatxua gorabehera, irmo eutsi dio enpresa multinazionalaren botere eta ustelkeria sareak salatzeari”. Horixe sinatu dute Mugarik Gabe GKEarekin batera ARGIAri elkartasuna adierazi dioten 40 bat eragile sozial, sindikatu eta alderdik.

Kazetaritza eta elkartasuna ez dira delitua komunikatua sinatu dutenen artean daude gehiengo sindikala –ESK, LAB, ELA, STEILAS, CCOO Euskadi–, ezkerreko alderdiak –EH Bildu, Podemos, Ezker Anitza IU, EPK-PCE–, eta eragile sozial ugari: Euskadiko GGKEen Koordinakundea, Emakumeen Mundu Martxa, Emakume Migratu eta Arrazializatuen Euskal Herriko Sarea, Euskal Herriak Kapitalari Planto, Komite internazionalistak, Mundubat, Bizilur, Lumaltik, batzuk aipatzearren. Pikara Magazine, Aiaraldea eta 97 irratia hedabideek ere bat egin dute komunikatuarekin.

"Hedabide independentea eta gizarte-justiziarekin konprometitua da ARGIA, eta irmo eutsi dio enpresa multinazionalaren botere eta ustelkeria sareak salatzeari"

Ekainaren amaieran prentsaurreko bidez ARGIAk salatu zuen Suitzan egoitza duen Solway Investment Group multinazionalak mehatxu egin ziola. Paolina Albani Guatemalako Prensa Comunitaria hedabideko kazetariari egindako elkarrizketa ezabatzeko eta 15.000 euroko “kalte ordainak” ordaintzeko eskatu zuten. Albanik Mining Secrets kazetaritza ikerketari buruzkoak azaldu zituen elkarrizketan, Mugarik Gabek gonbidatuta Euskal Herrian zegoela baliatuta.

Hain zuzen, 8 milioi dokumentuko filtrazio baten harira, nazioarteko 65 kazetarik ondorioztatu dute Solwayk Guatemalako El Estorren dituen meategiek kutsadura-txostenak ezkutatu dituztela, besteak beste. Albanik kazetarien eta lurren defentsan ari diren herritarren aurkako jazarpena eta kriminalizazioa ere salatu zituen. ARGIAk berretsi zuen ez zuela elkarrizketarik ezabatuko ezta dirurik ordainduko ere, eta kazetaritza independentearen beharra aldarrikatu zuen.

Beldurrarazte estrategia ARGIAren aurka

“Kazetaritza eta Elkartasuna ez dira delitua” dokumentua sinatu dutenek gaitzetsi egin dute ARGIAren aurkako erasoa, esanez adierazpen eta informazio askatasunen eskubideen kontrakoa dela: “Eraso hori planifikatutako beldurrarazte estrategia baten parte da. Gaur ARGIAren aurka izan da, baina bihar beste komunikabide edo giza eskubideak defendatzen dituen erakunde baten aurka izan daiteke”. Ohartarazi dutenez, Solwayren helburua da “autozentsura inposatzeko ziurtasunik eza eta beldurra zabaltzea”. Saiakera horren aurrean ARGIAk izandako erantzun irmoa txalotu dute sinatzaileek.

Komunikatuan elkartasun, babes eta maitasun mezuak helarazi dizkiete, halaber, Prensa Comunitariari, maia q’eqchi’ herriari eta mundu osoan giza eskubide indibidual zein kolektiboak defendatzen dituzten pertsonei: “Guztiok bizitzeko duina izango den bizitza izan dezagun lan egiten baitute”. Sinatzaileek konpromisoa hartu dute horien lana sustatzen jarraitzeko, baita “protesta sozialerako, informaziorako eta adierazpen-askatasunerako eskubidearen defentsa ziurtatzen eta eskatzen” ere.

Elkartasun komunikatuaren sinatzaileak:

Euskadiko GGKEen Koordinakundea

Euskal Herriak Kapitalari Planto

Elkartasuna Eraldatuz

Plataforma Hegoak

REAS

ESK

LAB

ELA

STEILAS

CCOO – Euskadi

ADECO

AESCO ONG-Bilbao

Asociación Euskadi-Cuba

Bizilur

Calcuta Ondoan

Economistas sin Fronteras

Fundación Proclade-Yanapay

Gernikatik Mundura

Hegoa

IM-defensoras

IsF-Ingeniería sin Fronteras

KCD

Komite internazionalistak

Lumaltik

Medicus Mundi Bizkaia

Mugen Gainetik

Mundubat

Paz con Dignidad-OMAL

Paz y Solidaridad Euskadi

Tercera Edad Para el Tercer Mundo

KEM-MOC

Emakumeen Mundu Martxa

Emakume Migratu eta Arrazializatuen Euskal Herriko Sarea

Basoa

97 irratia

Pikara Magazine

Aiaraldea

Ezker Anitza-IU

EPK-PCE

EH Bildu

Podemos


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza ez da delitua
Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


2023-07-02 | Axier Lopez
Ez gaituzte ezagutzen

Mendebaldeko multinazional batek “hirugarren mundutzat” hartzen duen lurralde bateko aberastasun naturalak ustiatzen ditu masiboki. Enpresarentzat dirutza, han bizi direnentzat kutsadura eta askotariko arazoak. Zenbat aldiz entzun dugu istorio hau? Oraingoan ordea,... [+]


2023-06-25
Zein dago Solway multinazionalaren atzean?

Solway Investment Group batez ere nikela esplotatzen duen eta Suitzan egoitza duen meatzaritza multinazional pribatua da, munduko garrantzitsuenetakoa sektorean. Webgunean adierazten duenez, Guatemalan, Ukrainan, Mazedonian eta Indonesian ditu proiektuak, eta 2021ean 1.450... [+]


Eguneraketa berriak daude