Eneko Goiak “Bidegi auzia” dela-eta lekuko gisa deklaratuko du

  • Eneko Goia jarduneko Donostiako alkateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko azpiegitura diputatu ohiak lekuko gisa deklaratu beharko du Azpeitiko 2. Instrukzio epaitegian “Bidegi auzia” dela-eta. Goiarekin batera, AP-1 errepidearen eraikuntzan ardurak izan zituzten Luis Mari Apraiz eta Felix Maria Urkola ere deklaratzera deitu ditu epaitegiak.


2019ko ekainaren 12an - 14:28
Eneko Goia, 2014ko ekitaldi batean (argazkia: EAJ).
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

30 milioi euro baino gehiago ordaindu ziren funts publikoetatik AP-1 errepidearen eraikuntzan ustez egin gabe geratu ziren lanengatik. Kasu hori ikertzen ari den epaitegiak, herri akusazioaren eskari batzuei erantzunez, Eneko Goia, Luis Mari Apraiz eta Felix Maria Urkola deklaratzera deitu ditu. Arlaban-Eskoriatza obra zatian izandako gastuen inguruan galdekatuko ditu epaileak.

EH Bilduk bultzatutako prozesu judizial honen instrukzioa luzea izaten ari da eta oraindik gehiago luzatu daiteke, 2022. urteraino. Gipuzkoako Aldundia Bilduren esku egon zen legegintzaldian agertu ziren AP-1 errepideko obren inguruko irregulartasunak eta Martin Garitano buru zuen exekutiboak auzitara eraman zuen gaia.

Goia, Apraiz eta Urkolarekin batera deklaratzera deitu du Elena Varillas ere: azken honek egindako txosten batean agertzen ziren obraren balorazioaren eta likidazioaren arteko desberdintasunak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bidegi
Eguneraketa berriak daude