Eider Rodriguezen 'Eraikuntzarako materiala' saritu dute 111 Akademiako irakurleek

  • 212 irakurle batzen dituen 111 Akademiak joan den urteko liburu gogokoenaren saria eman dio Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala (Susa, 2021) lanari. Ekainean egingo dute jendaurreko sari-emate ekitaldia.


2022ko apirilaren 26an - 12:48
Argazkia: Dani Blanco

Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala liburua saritu du 111 Akademiak. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an sortutako Beterriko Liburua literatur aipamenaren jarraipena da 111 Akademiak urtero ematen duen saria. Euskal literaturaren plazan irakurleari hitza eta protagonismoa emateko asmoz sortutako sariaren 26. edizioa izan da aurtengoa.

111 Akademia 212 irakurlek osatzen dute egun, eta haietako 127k parte hartu dute 2021eko liburu gogokoenaren saria izendatzeko prozesuan. 2022ko urtarrila eta apirila bitartean egindako hiru bozketa txandatan erabaki dute sariduna. Itxaro Bordaren Euri zitalari esker (Susa, 2021) izan da Eraikuntzarako materiala-ren lehiakidea azken txandan. Ekaineko bigarren edo hirugarren astean jendaurreko sari-emate ekitaldia egingo dutela iragarri du 111 Akademiak.

Irakurleen aburuz, etsipenaren eta oroiminaren arteko eremu lausora daraman literatur lan ederra da Eraikuntzarako materiala. Nabarmendu dutenez, “idazkera neurtua eta neurritsua” du, eta “estilo aparta”. “Protagonistak bere aita definitzen duen moduan definituko du akaso hainbatek nobela hau: gazia eta mingotsa. Zalantzarik gabe, maisulana”.

Honakoa esan zuen Rodriguezek Danele Sarriugartek martxoan ARGIAn egindako galderei erantzunez: “Ez idatzi nahiago izango nukeen istorio bat da, nahiago nukeelako bizi ez izan, baina behin bizita, bizitako hori istorio bilakatzeko unea oso aberasgarria izan da. Lagun batek esan zidan orain arte idatzi dudana prestaketa bat izan dela beste hau idazteko. Ez dut uste hori denik, baina sentsazioa dut ez dudala ipuinekin bezalako buruhausterik izan. Nahiko modu grafikoan sentitu dut atera dudala, tiraka eta tiraka. Ez dakit nondik”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 111 Akademiaren Saria
2023-06-08 | Ilargi Manzanares
Arantxa Urretabizkaiak 111 Akademiaren Saria jasoko du ekainaren 8an

Amasako Hika txakolindegian ospatuko dute 111 Akademiako sari-emate ekitaldia, azken urteetako ohitura mantenduz.


2021-03-17 | Ixone Arana
2020ko 111 Akademiaren Sariak baditu bost hautagaiak

Luis Garde, Pello Lizarralde, Uxue Alberdi, Idoia Garzes eta Joxean Agirre daude azken 111 Akademiaren Saria jasotzeko bidean.


Uxue Alberdiren 'Jenisjoplin' nobelak irabazi du 111 Akademiaren saria

Uxue Alberdiren Jenisjoplin nobelak irabazi du 2017ko 111 Akademiaren saria. Irakurleek ematen dute sari hau eta aurten hirugarren bozketa txandan gailendu zaio beste hautagaiari, Maddi Zubeldiaren Deserria haurtzaro liburuari.


2017-04-21 | ARGIA
Kirmen Uriberen 'Elkarrekin esnatzeko ordua'-k irabazi du 111 Akademiaren saria

Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua nobela saritu dute 111 Akademiako kideek. Ostiral honetan jakinarazi dutenez, maiatzaren 11n jasoko du saria Ondarroako idazleak.


Katixa Agirreren 'Atertu arte itxaron' liburuak irabazi du 111 Akademiaren Saria

Katixa Agirreren Atertu arte itxaron eleberriak jasoko du 111 Akademiaren Saria. Hiru bozketa txandaren ondoren hartu da erabakia.


Eguneraketa berriak daude