Eñaut Aramendi sindikalista atxiloturik izan dute, hiru migratzaile Baionara eramateagatik

  • Bidasoa Etorkinekin kolektiboak jakinarazi duenez, Aramendi goizeko 8:00ak inguruan atxilotu dute frantziar gendarmeek Urruñako bidesarian, migratzaileak Baionara zeramatzanean. Handik ordu batzuetara utzi dute aske.


2022ko uztailaren 7an - 15:50
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

LABeko sindikalista eta Bidasoa Etorkinekin kolektiboko kide Eñaut Aramendi atxilotu du Frantziako Poliziak ostegun goizean, 8:10 inguruan Urruñako bidesarian, hiru migratzaile Baionara zeramatzala. Lagun guztiak Hendiara eraman dituzte mugako poliziaren komisaldegira, Etorkinekin kolektiboak azaldu duenez.

Kolektibo horren esanetan, Aramendik ez du "ez deliturik ez arbuiagarria den ekintzarik egin" Atzerritarren eta Babeserako Eskubidearen Kodeak dioenaren arabera, eta hortaz berehala aske uzteko eskatu du. LABek jakinarazi duenez, arratsaldeko lehen orduan aske utzi dute.

Nolanahi ere, LABek gogor gaitzetsi du atxiloketa: "Elkartasunez pertsona migranteei haien ibilbidea seguruagoa izan dadin lan egiten du Eñautek hamaika kideekin batera", azadu du sindikatuak ohar bidez.

Urtea hasi zenetik jadanik 7 dira, gutxienez, muga zeharkatzeko ahaleginetan Bidasoan hildako pertsonak: " Poliziaren kontrol arrazistek, eta oro har migrazio politika hiltzaileen ondorioz, egunero muga zeharkatzeko haien  bizia arriskuan jartzera behartuak dira migrazio prozesuan dauden pertsonak", dio LABek eta instituzioen borondate politiko falta salatu du auzia bideratzeko.

Horren aurrean, "lan politiko militantearen bidez erantzuten zaio egunero krudelkeria arrazista kriminal horri", eta militante horien artean kokatu du Aramendi.


Migrazioa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.