"Eman egun bateko bizia Ziburuko Ikastolari" kanpaina abiatu dute Euskal Herriko ikastolek

  • Kaskarotenea ikastolan izan dira asteazkenean Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko ordezkariak. Koldo Tellitu presidenteak eta Imanol Igeregi zuzendariak ikastola bakoitzari 100 euroko laguntza eskatu diote “Eman egun bateko bizia Ziburuko ikastolari” kanpainarekin; honela, Kaskaroteneak egunean ordaindu beharreko 100 euroko isunari aurre egiten lagundu dezaten.


2014ko irailaren 11n - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Koldo Tellitu, Imanol Igeregi, Paxkal Indo eta Laida Mujika Kaskarotenea ikastolaren aurrean. (Arg.: Kazeta / Sylvain Sencristo).

"Ziburuko ikastola gure elkarteko kide izanda eta dagoen larritasun egoeraren aurrean, erantzuna tamainakoa izan behar da", adierazi du Tellituk, ikastolei beren sostengua adierazteko dei eginez. Euskal Herriko erakundeei ere aferan esku hartu eta lagundu dezaten eskatu die Tellituk.

Laida Mujika Kaskaroteneako presidenteak dirua biltzen jarraitzen dutela azaldu du, baita diruaz bestelako babesa ere. "Eman egun bateko bizia Ziburuko Ikastolari" kanpainarekin EHIEk “benetako laguntza eta ahaidetasuna” erakutsi dutela gehitu du Paxkal Indo Seaskako zuzendariak.

Bestalde, Mujikak azaldu du oraingoz “egoera normala” dela. Bere esanetan, haurrak “ondo eta pozik” ari dira joaten ikastolara eta oraingoz ez dute presiorik sentitzen.

Herriko Etxearekin bilkura ostiralean

Indo ostiralean elkartuko da Herriko Etxeko arduradunekin. “Aterabide duin eta normala” emango dioten esperantza duen arren, konponbidea elkarrekin lortuko dutela dio."Herriko Etxearekin harreman informala izan da eta badirudi ez dutela mugitu nahi, baina ostiralean egiaztatuko dugu", zehaztu du.

Guy Poulou auzapezak, aldiz, berretsi du ura, argindarra eta hesiak kenduko dizkiola ikastolari.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ziburuko ikastolaren borroka
Eraikinik gabe utzi zuten Ziburuko Kaskarotenea ikastolak hamar urte bete ditu

Hastapen gogorrak izan ziren Ziburuko ikastolarenak: Herriko Etxearekin adostutako eraikinetik bota nahi izan zituen auzapezak eta argindarra moztu zien, Polizia bidaltzearekin mehatxatu, isuna ezarri… baina elkartasun uholdea jaso zuen Kaskarotenea ikastolak eta aurrera... [+]


2015-08-31 | Garazi Zabaleta
Ziburuko Kaskarotenea Ikastolaren eraikin berrian hasiko dute ikasturtea haurrek

Ziburuko auzapezak jarritako oztopei aurre egitea lortu dute Kaskarotenea ikastolako kideek. Asteazkenean hasiko dute ikasturtea haurrek ikastolaren eraikin berrian.


2015-05-05 | Mikel Asurmendi
Herri Urrats
"Atxik ikastola bildua" lelopean, Herri Urratseko dirua Ziburuko ikastolarentzat

Igande honetan, maiatzaren 10ean, Herri Urrats 32. ekitaldia Senpereko lakuan. Ospakizunean bildutako dirua Ziburuko ikastola berria eraikitzeko izanen da.


Ziburuko Ikastolak lurra erostea erabaki du azkenean

Ez da inolako akordiorik lortu Ziburuko Kaskarotenea Ikastolaren eta Herriko Etxearen artean. Seaskak, Kaskarotenea Ikastolak, behin eta berriz azpimarratu du ikastolak zerbitzu publikoa eskaintzen duela, euskaraz ikasteko aukera emanda herriko haurrei. Laida Mujika ikastolako... [+]


Seaskak lur eremu bat erostea erabaki du Ziburuko ikastolarentzat

Kaskarotenea ikastola Ziburun mantentzeko 300.000 euroko balioa duen lursail bat erosiko du Seaskak. Herri Urratsen bilduko den dirua erabiliko dute gastu horri aurre egiteko.


Eguneraketa berriak daude