Emakumeak borrokan

"Ziburun ez gara hamar familia bakarrik, gure gibelean da Euskal Herri guztia"

  • Laida Mujika Ziburuko Kaskarotenea ikastolako zuzendaria da. Haurrak Marinela gunetik kanporatu nahi ditu Ziburuko auzapezak. Egunero 100 euroko isuna ordaintzeaz gain, argindarrik gabe daude orain. Denbora gutxian zenbat gertakari jazotzen diren ikusita, “astez aste irautea” da Laida Mujikaren asmoa.

Nerea Ibarzabal Salegi @ibarnere
2014ko azaroaren 05a
"Ez litzateke hain zaila izan behar haurrek euskaraz ikastea Ziburun". (Arg: Kazeta.eus)

Nola zaudete egunotan?

Astelehenean hasi zen ikastola berriro oporren ondoren eta dagoeneko ez zegoen argindarrik. Joan den astean kendu zuten, baina pentsatzen genuen beharbada astelehenean berriro jarriko zutela. Larunbatean elektrizitate sorgailu bat prestatu genuen, eta astelehen eguerdian etorri zen pertsona bat hori martxan jartzera. Ez da denbora askorik egon martxan, atzo arratsean haurrak siestan zirelako eta nahiko harrabots egiten du aparatuak. Martxan jarri eta berriro itzali behar izan zuten. Asteartean goizetik izan dugu piztuta.

Ordenagailua izorratu zaigu, pentsatzen dut elektrizitate sorgailuaren ondorioz dela. Kea atera zaio. Eta argiak dardarka aritzen dira, baina ondo hala ere.

Zein da gurasoen jarrera?

Haserre eta nazkatuta daude, baina borrokarako prest. Elkartasuna bada eta gogotsu daude auzapezaren erasoei aurre egiteko. Baina nazkatuta daude, ez litzatekeelako hain zaila izan behar haurrek euskaraz ikastea Ziburun. Baina badirudi hala dela, frantsesez ikastea errazagoa da. Astelehenean sartu dira eskola publikokoak eraikin berri-berrietan, inaugurazioa zuten, eta gu ondoan geunden elektrizitaterik gabe, leku txiki-txiki batean. Lotsagarria da. Tokirik ez balego, beno… baina bada. Eskola publikokoek libratu duten Sokoa auzoko lekua guretzat egokia litzateke, baina auzapezak ez gaitu onartu nahi.

Noiz arte da jasangarria egoera hau?

Ez dakit. Aste hau nola doan ikusiko dugu, eta larunbatean manifestazioa dugu. Honi esker zerbait desblokeatuko denarena esperantza dut, nahiz eta ez dudan uste auzapezari eragingo dionik edo zerbait aldatuko denik bere jarreran. Baina agian bere inguruko jendeak edo alderdikoek errango diote jarreraz aldatzeko. Astez aste joango gara, ikusita zenbat gertakari badiren astero, goazen aste honetan irautera eta hurrengoan ikusiko da.

Azaroaren 8an ze mezu igorriko diezue auzapezari?

Ez garela bakarrik hamar familia, baizik eta gure gibelean dagoela Euskal Herri guztia, euskaldun anitz. Ez da bakarrik Ziburuko ikastolaren aurkako eraso bat, baizik eta Euskal Herriaren aurkako eraso bat. Jende anitz sentsibilizatua da gai honekin eta, beraz, espero dut presio hori sentitzea eta amore ematea, nahiz eta harrokeria asko baduen.

Haurrek nola bizi dute egoera?

Haurrak ez dira konturatzen, txikiak dira. 2-4 urte arteko haurrak dira. Konturatzen dira prentsa asko etortzen dela, elektrizitate sorgailuaren harrabotsa entzuten dute… baina beraiek ez dira sobera ohartzen, adiskideekin eta andereñoekin ondo pasatzen dute. Dena den, gure muga hor dago: haurrak kaltetuak izanen diren momentutik, beste borroka bide bat eramanen dugu. Hori ez genuke inolaz onartuko.

Alternatibarik pentsatu al duzue une hori iritsiko balitz?

Egia erran, ez. Astez aste ari gara gure estrategia lantzen. Pentsatzen genuen Sokoako aurrefabrikatuena aterabide bat izan ahal zela. Kontseilu orokorra ados zen, eragile guztiak ados zeuden… baina Herriko Etxeak ezezkoa eman du. Orduan nora jo ez dakigula gaude, baina dauden aukera errealen alde borrokan jarraituko dugu.

Negoziaketa baikorren bat emango denaren itxaropenik bai?

Esperantza badugu, bestela oso zaila izango litzateke. Guk argi dugu ikastola bat izan behar dela Ziburun. Hiru haurrekin hasi ginen, orain 13 dira eta heldu den urtean 20 seguru, beraz zerbait atzeman behar dugu. Gainera, Euskal Herri osotik sustengatzen eta babesten gaituzten guztiengatik behar dugu aurrera segitu. Beti erraten dut iruditzen zaidala amerikarren filma batean nagoela, eta hor beti txintxoek irabazten dute. Beraz, irabazi behar dugu.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Ziburuko ikastolaren borroka kanaletik interesatuko zaizu...
Eguneraketa berriak daude