Emakumeek gose greba hasi dute Irango espetxeetan, Aminiren hilketaren bigarren urteurrenean

  • Narges Mohammadi Bakearen Nobel Saridunak eta beste 33 preso politikok gose greba hasi dute irailaren 15ean. Gaur, irailak 16, bi urte dira Mahsa Amini emakume kurdua Irango Poliziaren jipoiaren ondorioz hil zela. Buruko zapia gaizki jarrita eramateagatik atxilotu zuten.

2022ko protestak Londresen, Irango emakumeen aurkako errepresioa salatzeko. Argazkia: Alisdare Hickson.

2024ko irailaren 16an - 10:53
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Efemenista.com webguneak eman du albistea, feminismoarekin lotura duten albisteak lantzen dituen EFE berri agentziaren webguneak. Mohammadik, Bakearen Nobel Saridunak, Instagramen eman du gose grebaren berri: “Beste behin, Evin espetxeko preso politiko eta ideologikoek gose greba hasi dute irandar herriari elkartasuna adierazteko, zeinak gobernuaren politika errepresiboen aurka protesta egiten duen”.

Mohammadi preso dago eta berak jakinarazi du, gose greba hasteaz gain, ekimen bat egin dutela kartzelan: 25 bat emakumezko presok protesta egin zuten eta Emakumea, Bizitza, Askatasuna oihukatu zuten. Emakumeak hiyaba erabiltzera derrigortzea arbuiatu zuten, eta zapiak erre zituzten espetxeko patioan. Emakumea, Bizitza, Askatasuna mugimendua Mahsa Amini hil ondoren sortu zen. Amini zapia gaizki jarrita zeukalako atxilotu zuen Moralaren Polizia deitutakoak eta atxilotuta zegoela jasandako jipoiaren ondorioz hil zen hiru egunera. Hainbat hilabetez protestak izan ziren, eta errepresio gogorra. 500 pertsona hil ziren, 22.000 herritar atxilotu zituzten eta hamar irandar exekutatu zituzten.

Efeminista.com webgunean Nilufar Saberi giza eskubideen defendatzailea eta ekintzailea elkarrizketatu dute. 1980ko hamarkadatik Espainian bizi da. Berak adierazi duenez, Emakumea, Bizitza, Askatasuna mugimenduak aurrera jarraituko du, “zeren nahiz eta protestari baketsuen aurka errepresio basatia egon den eta dagoen, ez da pauso bat bera ere atzera egin. Desobedientzia zibilak bizirik dirau. Emakume bat zapirik gabe edo mahuka motzetan Irango kaleetara ateratzea ‘nahikoa da!’ esateko modu bat da”.

Saberik gehitu du Emakumea, Bizitza, Askatasuna iraultza babesteak esan nahi duela arazoaren sustraien aurka borrokatzen dela, bai Iranen, bai Afganistanen. Albisteetan agertzen ez diren, baina egoera berdinak jasaten ari diren herrialdeetako emakumeak ere gogoan izan ditu.


Iran kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...