"Elkartasuna izan da katastrofe honetatik atera dugun politena, hunkigarria izan da"

  • Tafallar guztiek bezala, gertutik bizi izan ditu aste honetako gertakari lazgarriak Haizea Lizarbe Bonetak. Kalteak "ikaragarriak" izan dira, eta larriena atzean utzi badute ere, hondamendiaren arrastoak eta ondorioek luze iraungo dutela uste du. Hunkituta azaltzen da herritarrek emandako elkartasunezko erantzunarekin.


2019ko uztailaren 11n - 12:45
Uztailaren 10eko auzolanaren irudi bat.

Nola bizi izan zenuen uholdearen unea?

Amamarekin nengoen, 91 urte ditu. Erosketak egitetik bere etxera bueltatzean kazkabarra hasi zuen. Uholdeak izan ohi dituen auzo batean bizi gara, baina ibaitik urrun dagoena. Leihoetatik kalera begira ea ura igotzen zen, baina gurean lasai zegoen. Eta bapatean hasi ziren mezuak eta bideoak heltzen, ibai ingurukoak. Hor hasi zitzaigun beldurra, zer gertatuko, batez ere pertsonei. Atertu zuenean kalera jaitsi ginen, eta txikizioa ikusi genuen.

Egunotan jende askorekin hitz egingo zenuen. Izu handiko pasarteak egon dira, ezta?

Hori da. Adibidez, jende asko lasai zegoen etxe barruan, ura dena inguratzen zihoala ohartu gabe, eta bat-batean sartu zaio dena etxean. Larrialdietara deitu, eta larrialdietatik “itxaron beharko duzue” jaso, gainezka baitzeuden. Beste lagun bat supermerkatuan zegoen. Ura sartzen hasten dela ohartu, kanpora begiratu eta kotxeak urez gainezka ikusi zituzten. Supermerkatuaren tailetura igo eta bertan geratu ziren inora mugitzeko aukerarik gabe. Horrelako asko.

Hurrengo egunean Martinez Espronceda kaleak negargura ematen zuen. Hor esaten genuen, “hau ez da aste bateko kontua izango, ea noiz bueltatzen diren kale hauek zirena izatera”. Aldi berean herrian min pertsonalik ez denez egon, nik uste kaltetuenak ere pentsatu dutela “beno, okerragoa izan zitekeen. Egingo dugu aurrera”.

Beldur fisikoaren unea pasata, kalte materialei begira jarriko zen asko. Alde horretatik drama dezente daude?

Bai, izugarriak. Esaterako, sarreran badago traktoreak saltzen dituen tailer bat. Erabat txikituta dago, bost traktore joan ziren ibaian behera, bulegoak suntsituta. Martinez Esproncedan eta inguruneetan negozio txiki asko dago. Orain hilabete ile-apaindegia zabaldu zuten, adibidez. Edo arkitektura bulego bat, bi hilabete dira lanean hasi zela. Herri batean negozio txiki bat irekitzeko apustua eta inbertsioa egin eta gero, dena txikituta edo erabiltezin. Edo Aldo kirol dendakoa: “hondamendia” esaten zidan.

Elkartasun handia egon da, baina hurrengo egunean lapurtzera irten diren gutxi batzuk ere egon dira. Aldon adibidez, supermerkatuetan edo beste negozio txiki batzuetan. Horrekin jendea haserre dago.

Nekazaritzak garrantzia du Tafallan eta inguruan. Hor ere kalteak handiak izango dira.

Nekazaritzan, uzta guztiak galduta. Baratza gehienak ere bai. Gehienak aisialdi baratzak dira. Nire aitak adibidez badu bat, dena galdu du baina esaten du, “beno, ni ez naiz honetaz bizi”. Baina kuartel aurrean badira negutegi batzuk, horietatik bizi dira bertan lan egiten dutenak, eta dena galdu dute: landareak, azpiegitura, negutegia... txikizioa izugarria izan da. Badira ere zenbait lur berez hain kaltetuak izan ez direnak, uzta salbatuko luketenak. Baina bideak moztuak daudenez ezin dute lurretara heldu, eta ondorioz galdu egingo da dena. Baldorbako hainbat herri bakartuak daude, herritarrak irten ezinik daude zubiak erori direlako edo errepideak erabiltezin daudelako.

Esan ohi da une tragikoetan gure onena ere azaleratzen dela. Tafallan horrela izan da?

Bai. Gaua laguntzen eman zuten herritar askok. Hurrengo eguneko goizeko zortzietan jende gazte piloa batu zen kalean, non lagundu bilatzen. Batzuek udaletxera jo genuen esanez asko ginela eta antolatzen saiatuz. Erratzak eta palak lortzea izan zen lehena, udala ere horretan jarri zen, eta batera eta bestera bideratzen hasi ginen. Etxebizitzetan eta negozio txikien inguruan familiak eta lagunak elkartu ziren, hori ikusirik zuzenean kaltetuak ez ginen batzuk kulturgunera edo frontoira jo genuen. Edozein etxetan hartzen zintuzten... "eskerrik asko" zen esaten zizuten gutxienekoa. Etxe batera joan laguntza behar ote zen galdetu eta hurrengora. Herri guztia irten da kalera laguntzera baina bereziki jende gazte asko, nik uste dut jendea oso eskertua dagoela.

Gazteriaren presentzia handia izan da auzolanetan. Argazkia: @bildutafalla

Hunkidura nabari zaizu

Bai. Utzi ditugu eguneroko liskarrak alde batera. Justu orain hauteskundeak izan direnean, badituzu kontu politikoak batzuekin eta besteekin, eta berdin izan du. Sartzen zinen denda batera eta berdin zitzaizun dendaria zer kolorekoa zen, laguntza behar zuen eta listo. Mojen erresidentzia dago, eta herri guztia egon da hor, kolore guztietakoa, nahiz eta beste gauza askotara ez ginatekeen hurbilduko. Elkartu gara jende guztia. Eta ez bakarrik Tafallakoa, ingurune guztitik: Mendigorriatik, Garesetik... Niri deitu nau jende askok, “zertan lagundu dezakegu?”. Etorri, hartu erratza eta kalera. Hurrengo egunetan pixka bat antolatuagoa egon da. Bederatzietan deituta, udaletxean zentralizatuago beharren arabera banatzeko eta.

Elkartasuna izan da katastrofe honetatik atera dugun politena, hunkigarria izan da.

Lan eta auzolan asko geratzen da oraindik egiteko?

Bai, nik uste baietz. Ematen du lokatza eta ur guzti hori aterata asko egina dagoela. Eta egia da, baina beste asko dago egiteko oraindik. Auzolana luzerako dugu. Etxe barruetatik aparte baratzetan, eraikinetan, eskolan eta beste. Ekarpen ekonomikoetarako kontu korronte pare bat zabaldu da ere, gastuak handiak izaten ari direlako. Ez dakit zenbat aste edo hilabete behar izango ditugun Tafalla lehengora bueltatu dadin.

Zenbait herritarrek euren etxeetatik irten behar izan zuten. Bueltatu dira jada?

Nik dakidala ia denak bai, erortzeko arriskuagatik hutsarazi zuten eraikina barne. Hor bi etxebizitza zeuden, eta familien etxeetan jarraitzen dute.

Nahi izanez gero, nola eman dezakete laguntza zonaldekoak ez diren herritarrak?

Batetik bi kontu korronte zabaldu dituzte, bata Tafallarako eta bestea Erriberrirako. Asko eskertuko dira baita ere traktoreak, palak eta antzekoak. Edonork pasatu nahi badu pala edo erratz batekin ere primeran, asko dago egiteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Uholdeak
2023-08-28 | Ilargi Manzanares
Duela 40 urteko uholdeei emandako erantzun herritarra omendu dute Bilboko Konpartsek

Elkarlan Uholdea kanpainaren ekitaldi nagusia egin dute larunbatean. Elkarlanari eustera deitu dute, Lurraren beroketaren ondorioz ugaritu litezkeen muturreko klima gertakarien aurrean.


Alfredo Ollero Ojeda
“Ibaiak haien ibilguetan gero eta sakonago hondoratzen ari dira”

Euskal Herria zeharkatzen dutenen artean ibairik handiena da Ebro. Haren ertzean mintzatu gara, Ollero bizi den Zaragozako sarreran, lertxunaren ibili geldoa, txorien kanta zoroa eta ibaiaren emari barea lagun, udaberria 33 gradura lehertu den arratsaldean, zorionez arbolen... [+]


Ereñotzuko eta Pagoagako inguruak ere hondamendi eremu izendatzeko eskatuko dute

Urnietako eta Hernaniko alkateek eta Ereñotzuko ordezkariak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilera bat egiteko eskatu dute. Bestalde, Bera, Lesaka eta Arano ere hondamendi eremu izendatzeko eskaria onartuko du asteazkenean Nafarroako Gobernuak.


2022-08-29 | Leire Artola Arin
Ekainetik gutxienez mila pertsona hil dira Pakistango uholdeen eraginez

Eurite handien ondorioz Pakistango 110 udalerri urak hartu ditu, eta lehen ministro Shehbaz Sharif-ek ohartarazi duenez, herrialdeko biztanleen %15ak pairatu ditu uholdeen kalteak: 33 milioi pertsonak.


Eguneraketa berriak daude