"Elkartasuna agertu eta bidea hauspotzeko", manifestazioa egingo dute ostegunean Donostian

  • Katalunian egingo diren hauteskundeen egun berean, Ernai gazte antolakundeko kideek manifestazioa antolatu dute abenduaren 21ean Donostian. 78ko erregimenarekin hausteko, herrialde katalanei elkartasuna erakusteko eta Euskal Herriak bide propioa hauspotzeko, goizeko hamabi t'erdietan hasiko da mobilizazioa.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko abenduaren 21an - 09:19

"Elkartasuna erakusteaz gain, desobedientziaz, haustura eta independentziarako bidea egin behar dugu guk ere", aldarrikatu dute Ernaiko kideek. Inoren zain egon gabe, eta inoren baimenik eskatu gabe, argi dute gazte zein ikasleak izan behar direla bide honen protagonistak; eta beraz, ostegunekoa ezinbestekoa zita izango dela uste dute, bertaratzeko dei eginez. 

Ernai-ren Irakurketa 

Salbuespenezko hauteskundeak izango ditugu abenduaren 21ean, ostegunean. 155. artikulua inposatu ondoren egingo dira, herritarrak kolpatuta, Puigdemont presidentea deserrian, hainbat kontseilari zein ekintzaile kartzelan, eskuin muturra mehatxuka, hedabideak gezurretan. Urriaren 1eko erreferendum demokratikoan kataluniarrek Errepublikaren aldeko hautua egin ondoren, betiko eran, indarraren arrazoi hutsez erantzun du Espainiako Erreinuak. 

Franco diktadorea ohean hil ondoren, 78an zenbait axaleko aldaketa eginez frankismoaren oinarrizko zutabeak “lotuta eta ondo lotuta” utzi nahi izan zituzten. Monarkia, elite ekonomiko eta enpresarialaren boterea, Konferentzia Episkopala, Guardia Zibila, beraien zerbitzura arituko zen bipartidismoa eta nola ez, Espainiaren batasun sakro- santikoa. Horren ondorio dira egun jasaten ari garen ustelkeria, LOMCEa, murrizketak, prekarietatea, erabakitzeko eskubidearen ukazioa eta bestelako inposaketak. Egurra herritarrontzat, sariak beraien laguntxoentzat. 

Indarra edukitzea eta indartsua izatea ez da berdina, ordea. Nahi beste polizia eta militar izanagatik, politikoki sekula baino ahulago daude egun. Euskal herritarrok urte luzez higatu ondoren, kataluniarrak hankaz gora jartzen ari dira aipatutako erregimena. Hautetsontziak, boto-paperak eta hitzak ardatz, herri iraultza egiten ari dira, demokratiko eta demokratizatzailea, tsunami herritarrak gidatua eta ondorioz, herritarren zerbitzura. 

Horren aurrean, elkartasuna erakusteaz gain, desobedientziaz, haustura eta independentziarako bidea egin behar dugu guk ere. Behetik gora, inoren zain egon gabe eta inori baimenik eskatu gabe, jasaten ari garen iruzurrari aurre egin eta alternatiba gauzatu behar dugu. Dena aldatzeko hautua baita errepublika, per canviar ho-tot, Rajoy eta gainontzeko ustelen inposaketei aurre egin eta baliabide kolektiboak behar kolektiboen zerbitzura jartzekoa. Aldi baterako zabor kontratuak, langabezia edota atzerrira alde egitea eskaintzen digutenen aurrean, gazteok era duinean lan, ikasi eta bizi ahal izateko ezinbesteko proiektu kolektiboa da. Ikasleon kasuan, gure hitza aintzat hartuko duen hezkuntza eredu propio, herritar, inklusibo eta feminista eraikitzeko tresna. 

“Usteltzen hasia dago ta laster eroriko da”, dio abestiak. Bada, orain eta hemen, erregimen hori eraisteko aukera errealak ditugu. Kataluniarrak handik bultzaka ari diren honetan, euskal herritarrok hemendik gogor bultz eginez gero behin betiko botako dugu. Bide horretan, gazteok eta ikasleok protagonista izan behar dugu ezinbestean. Elkartasuna agertu eta gure bidea hauspotzeko, ikasle eta gazteok honakoa dugu hurrengo zita: abenduaren 21ean (Santo tomas egunez) manifestazioa, 12:30etan Bulebarretik abiatuta. 

Visca la República Catalana! Desobedientziaz haustura, independentziara!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ernai
Ernaik salatu du Zelaia eta Barbadoren atxiloketan herri oso bat makurrarazteko estrategia bat dagoela

Gazte antolakundeak "amorrua anbizio bilakatzeko gaitasuna" azpimarratu du. Atxiloketa prozesuaren atzean dagoena salatzea ez ezik, Ernairen norabidea zehaztu du.


Ernaiko kideak Bilbon eta Gasteizen kateatu dira, Barbado eta Zelaiaren espetxeratze aginduaren kontra

Bilbon, Espainiako Gobernuaren ordezkariordetzan egin dute ekintza; Gasteizen, Ertzaintzaren komisaldegi atarian. Ertzaintza gazteen aurka oldartu da, eta Gasteizen bost pertsona atxilotu ditu.


Eguneraketa berriak daude