Elixabete Garmendiaren ibilbidea saritu du Kazetarien Euskal Elkargoak

  • Astearte honetan banatu ditu Kazetarien Euskal Elkargoak urtero eman ohi dituen sariak. Ibilbide profesional osoari eskainitako atalean, Elixabete Garmendia Zeruko Argia-ko eta ETBko kazetariaren lana nabarmendu dute aurten.

Elixabete Garmendiaren ibilbide profesionala aitortu du Kazetarien Euskal Elkargoak (argazkia: Donostiako Udala).

2019ko azaroaren 06an - 10:00

Ormaiztegin jaioa, Elixabete Garmendiak Nafarroako Unibertsitatean ikasi zuen kazetaritza eta Zeruko Argia-n hasi zuen bere ibilbide profesionala. Garain konplikatuak ziren euskaraz argitaratzen zen prentsarentzat: nagusiki gaztelaniaz publikatzen ziren egunkari abertzaleen sorreraren eraginez, Zeruko Argia-k profesional inportanteak galdu zituen, Deia egunkari sortu berrira joan zen Mikel Atxaga adibidez –ordura arte Zeruko Argia-ren zuzendaria zena–. Hiru emakumek hartu zuten euskarazko astekariaren lema: Garmendiak berak, Lourdes Auzmendik eta Pilar Iparragirrek. Haiei esker iritsi zen Zeruko Argia-k 1970eko hamarkadaren amaierara arte, “Argieroak” gisa ezaguna den taldeak 1980an proiektua bere gain hartu eta gaur egungo ARGIAren oinarriak jarri zituen arte.

Garmendiak Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zerbitzuan lan egin zuen epe labur batez, baina kazetari senak Euskal Telebistara eraman zuen 1986an. Hainbat saiotan parte hartu du ETBren ibilbidean, besteak beste 1990eko hamarkadaren erdialdetik euskaldun askoren erreferentziazko saio bihurtu zen Bertatik Bertara.

Telebistako lan hori euskal hedabideetan egindako kolaborazio ugarirekin uztartu du Garmendiak, ARGIAn bertan, Berria-n, Jakin-en edo Euskalerria Irratian besteak beste. Hainbat libururen egilea ere bada, azkenekoa Berria, Jakin eta Elkarren eskutik argitaratutako Carlos Garaikoetxearen biografia. Eusko Jaurlaritzaren Bidegileak bildumarako egindako hainbat biografiak ere Garmendiaren sinadura dute, baita 36ko Gerrak Ormaiztegin utzi zuen arrastoari buruzko liburua ere. 1987an, ETAk hil zuenetik urtebetera, Yoyes desde su ventana liburuaren argitalpena ere koordinatu zuen.

Olatz Arrieta, Juantxu Rodriguez eta Pikara ere sarituak

Ibilbide profesionalaren sariaz gain, Kazetarien Euskal Elkargoak beste hainbat lagunen lanari aitortza egin dio. Olatz Arrieta ETBko kazetariak jaso du “Euskal Kazetariak” ataleko saria eta Julen Rekondok berriz “Ingurune kazetaritza”-ri dagokiona. Adierazpen Askatasunaren José María Portell'a saria Mugarik Gabeko Erreportariak gobernuz kanpoko erakundeari eman diote; 'Pertsonaia edo Giza instituzioa'ren saria, Bizkaiko Elikagaien Bankuarentzat izan da.

Aurten lehenbiziko aldiz eman den “Fotokazetaritza” sariak Juantxu Rodriguez omendu nahi izan du: 1989an soldadu estatubatuar batek hil zuen Rodriguez, Panamaren inbasioaren berri ematen ari zenean. 32 urte zituen une hartan Rodriguezek eta ordurako ibilbide luzea egina zuen, Deia egunkaritik hasita nazioarteko mediotaraino iritsiz.

Hedabide digitalen alorrean Pikara Magazine webgunea saritu dute: Bilbon sustraitutako hedabide honek urteak daramatza begirada feministadun kazetaritza egiten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


2024-02-28 | ARGIA
Hedabideetako langileek elkarretaratzeak egin dituzte, Gonzalezen askatasuna eskatzeko

Euskal Herriko komunikabide eta kazetari ugarik, tartean ARGIAk, Pablo Gonzalezen egoera salatu eta haren askatasuna eskatu dute.


Eguneraketa berriak daude