"Ekosistema mesopelagikoan munduko arrain-biomasarik handiena dagoela pentsatzen da"

  • Cristina Claver-ek (Bilbo, 1996) Biologia-ikasketak egin zituen UPV/EHUn. Italiara joan zen Erasmus egitera, eta gero, itsas baliabide biologikoen masterra egin zuen. Nazioarteko masterra zen eta Frantzian, Italian, Irlandan, Suedian eta Seychelleetan egon zen ikasten. Master-amaierako lana AZTIn egin zuen eta amaitutakoan, AMBAR Elkartean (itsas faunaren ikerketa eta babeserako elkartea) hasi zen lanean, lehorreratze-sarea eta euskal izurde-populazioa ikertzen zuen proiektu batean. Geroago, tesia egiteko beka lortu zuen eta AZTIn jarraitu zuen. Orain tesiaren hirugarren urtea hasi du.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2023ko martxoaren 29an - 07:00

Biologia ikasi eta ikerketaren munduan murgildu zinen gero.

Oso zaila izan zen niretzat ikasketak aukeratzea, zientziaren barruan gauza asko gustatzen zitzaizkidan eta bioteknologiak, biokimikak eta biomedikuntzak arreta handia ematen zidaten/asko erakartzen ninduten. Azkenean Medikuntza egitea erabaki nuen, baina selektibitateko nota ez zen nahikoa izan (biologia izan zen egin nuen azterketarik txarrena). Berriz saiatzeko asmoz Biologian sartu nintzen, Medikuntzaren antzeko irakasgaiak zituelako eta baliozkotu daitezkeelako. Eta izugarri gustatu zitzaidan biologia, genetika eta ematen zituen aukerak ikerketaren arloan bereziki. Fakultateko antropogenetika-laborategian sartu nintzen ikasle, eta azkenean, Medikuntzarena, bidean geratu zen.

Ozeano sakoneko organismoak aztertzen ari zara AZTIn. Nola sortu zen aukera?

Nik argi nuen Euskadin ikasi nahi nuela eta nire ibilbide zientifikoa garatzeko aukerak bilatzean AZTIren genetika-departamentuarekin egin nuen topo. Asko gustatu zitzaizkidan zituzten proiektuak eta elkarrizketa bat izan nuen gaur egun nire tesi-zuzendaria denarekin. Berak proposatu zidan proiektu honetan parte hartzea nire master-amaierako lanerako eta gustura egin genuen elkarrekin lan. Amaitzean, bere taldean geratzea proposatu zidan.

Ekosistema mesopelagikoko organismoak dira zehazki aztergai dituzunak. Zein da ekosistema mesopelagikoa?

Itsasoa sakonagoa bihurtzen da kostaldetik urrundu ahala, plataforma kontinentalaren gainean gaudelako. Itsasertz ozeanikoak plataformen mugak dira eta labar urperatuak dira. Han sakonera ehunka metro ingurutik milaka metrotarakoa da bat-batean. Itsaslabar horiek igarota, ozeano irekira iristen gara. Eguzkiaren argia berrehun metroko sakoneraraino iristen da eta iluntasuna hasten den lekuan, ekosistema mesopelagikoa dago. Horregatik deitzen zaio ilunabar-gunea. Ozeano sakonaren lehen zatia da eta planetako ekosistemarik handienetako bat da, eta ezezagunena ere bai. Ez dago argi zer organismo bizi diren han, baina dakiguna da organismo horiek funtsezko zeregina dutela kliman eta kate trofikoetan. Historikoki pentsatu izan da organismo gutxi eta txikiak bizi zirela, baina gaur egungo azterketen arabera, ekosistema mesopelagikoan munduko arrain-biomasarik handiena dagoela pentsatzen da. Nire tesiaren helburua da animalia horien biomasari eta biodibertsitateari buruzko ezagutza handitzea, teknika genetikoen bidez.

Organismo mesopelagikoak ezagutzeko, ur-laginak erabiltzen dituzu. Nolakoa da prozesua?

Ingurumen-DNA ingurumenetik jasotako material genetikoa da, hau da, uretan edo lurzoruan dauden organismoen arrastoek, arrainen ezkatek, zelulek… daukaten DNA. Bertan bizi diren organismoei dagokie DNA hori eta ur litro batzuk edo lur gramo batzuk hartuta berreskuratzen dugu. Horrek espezieei buruzko informazioa lortzeko aukera ematen digu organismoekin kontakturik izan beharrik gabe.

Ingurumen-DNA aztertzeko prozesuaren lehen urratsa laginketa da. Ekosistema mesopelagikora heltzeko ur sakoneko laginak jaso behar ditugu itsaso zabalean. Horretarako, itsasontzi ozeanografiko bat behar dugu kostatik urruntzeko eta erroseta deitutako aparatu bat ere erabiltzen dugu. Errosetak botila batzuk ditu eta urrutiko kontrolarekin funtzionatzen du. Laginak hartu nahi ditugun puntura iristen garenean, 1.000 metro baino gehiagoko sakoneraraino, erroseta jaisten dugu botilak irekita. Gero pixkanaka kablearekin igotzen dugu eta interesatzen zaizkigun sakoneretan erroseta gelditu eta botila batzuk ixten ditugu. Prozesua igoeran zehar errepikatzen dugu. Horrela erroseta itsasontzira itzultzen denean sakonera batzuetako laginak ditugu eta profil bertikal bat eraiki dezakegu. Gero, ura, material genetikoari eusten dioten kapsuletatik iragazten da eta mintz horietatik DNA ateratzen dugu laborategian.

Proiektu honetan Europako itsasoetako laginekin ari gara lanean, hau da, Mediterraneoko eta Ipar Atlantikoko laginekin. Ditugun lagin gehienak Bizkaiko Golkokoak dira, AZTIren urteko kanpainetan laginketak egiten direlako. 2018tik aurrerako laginak ditugu eta laster hasiko gara denborazko joeren azterketekin.

Ur-lagin honetatik zer informazio jasotzen duzu?

Ur-laginak iragazita ditugunean laborategiko lanak datoz, hau da, prozesuaren bigarren urratsa. Laborategian DNA erauzten da, haren kalitatea aztertzen da eta intereseko espezieen sekuentziak hautatzen ditugu markatzaile genetikoekin. Produktu horiek sekuentziatu egiten dira. Azkenik, sekuentziazio-datuek analisi bioinformatikoa behar dute, eta hauxe da hirugarren urratsa. Prozesatu ondoren, datuak erreferentziako datu-baseekin alderatzen dira laginetan dauden espezieak identifikatzeko.

Ingurumen-DNA aurrerapen handia da ozeano sakonean dauden espezieei buruzko informazioa lortzeko. Ozeanoa aztertzeko metodo tradizionalak arrantzetan oinarritzen dira. Horrek ahalegin handia eskatzen du eta frogatu da ez direla guztiz eraginkorrak organismo mesopelagikoak bezalako espezieak aztertzeko. Ingurumen-DNAren azterketa erreboluzio bat da laginketa zein erraza den ikusita. Guk DNA aztertzeko bi teknikarekin lan egiten dugu: berariazko saiakuntzekin eta metabarcoding-arekin. Berariazko saiakuntzek espezie bakar baten DNA modu oso zehatzean aztertu eta kuantifikatzeko balio dute. Azterlan horiek garrantzitsuak dira espezie baten biomasa kalkulatzeko. Metabarcoding teknika, berriz, espezie anitzeko azterketa bat da eta bertan ekosistemen biodibertsitatea zehaztu dezakegu eta zein espezie bizi diren aztertu. Hori oso garrantzitsua da monitorizaziorako.

Ur laginetako DNA dagokion espezieekin identifikatzen duzu. Zeintzuk identifikatzea lortu duzu? ezezagunen bat?

Saiakuntza espezifikoen teknikarekin lanean ari gara hondoko antxoaren biomasa kuantifikatzeko (Maurolicus muelleri). Bizkaiko Golkoan arrain mesopelagikorik ugariena da eta funtzio garrantzitsua betetzen du sare trofikoetan. Metabarcoding teknikaren bidez, sakonerako arrain eta txipiroietan zentratzen ari gara oraintxe bertan. Bizkaiko Golkoan ehun arrain-espezie baino gehiago detektatu ditugu.

Harrapakarien dieta ere aztertzen duzu harrapakinen informazio jasotzeko.

Harrapari handiekin lan egiten dugu, hala nola itsas ugaztunekin. Kate trofikoen goialdean dauden organismoak dira eta organismo mesopelagikoez elikatzen dira. Garrantzitsua da erlazio horiek ulertzea gehiegizko arrantza-esplotazioaren eta klima-aldaketaren testuinguruan, ekosistemek orain nola funtzionatzen duten ulertzeko eta etorkizuneko itsasoetan gerta daitezkeen aldaketak aurreikusteko. Ni baleen gorotzekin ari naiz lanean. Baleen dieta zehaztea oso zaila da sakonean elikatzen direlako, baina haien gorotzek itsasoan flotatzen dute eta DNA aztertuz jakin dezakegu zer espeziez elikatzen diren.

Ingurumen-DNAk organismo mesopelagikoek ozeanoan duten rolari buruzko informazio esklusiboa ematen duela zenioen Txiotesian. Zer diote emaitzek?

Guk ur-zutabe osoa lagintzen dugu eta profil bertikalak sortzen ditugu. Laginketa-modu horri esker hainbat komunitate eta organismo-talde aurki daitezke ur-geruzetan. Beste laginketa-metodo batzuek (arrantza-sareak, adibidez) ezin dute hori erakutsi. Gainera, jakina da animalia mesopelagiko askok (txipiroiek, adibidez) sareak saihesten dituztela eta beste batzuk ezin direla harrapatu hauskorregiak direlako.

Organismo mesopelagikoek migrazio bertikala deituriko oso portaera berezia dute. Egunean zehar itsasoko sakonean egoten dira, baina gauez, azalerara igotzen dira elikatzera. Gaua bukatzean, berriro ezkutatu eta jaitsi egiten dira. Mugimendu hori egunero egiten da eta karbonoaren zikloan inpaktu handia izaten du, animalia horiek, itsasoko karbonoaren bahiketa sustatzen dutelako. Ingurumen-DNA aztertuz, migratzen diren espezieak eta migratzen ez direnak identifikatu ditzakegu. Orain, parte hartzen duten indibiduoen kopurua kuantifikatzeko lanean ari gara.

Zein da ekosistema mesopelagikoaren biodibertsitatearen osotasuna? jakiterik badago?

Komunitate mesopelagikoa era guztietako organismoek osatzen dute, bakterio eta birus ezezagunetatik hasi eta txipiroi erraldoiak bezalako animalia handietaraino: Krill-a, plankton gelatinosoa (marmokak eta antzekoak), txipiroiak eta arrainak bezalako organismoek osatzen dute. Hala ere, oraindik ez dakigu zehatz-mehatz talde bakoitzaren espezie kopurua eta munduko ozeanoen banaketa. Uste da itsas espezie guztien herena baino gehiago oraindik aurkitu gabe dagoela. Logikoa da ozeanoaren bolumenaren % 95 oraindik esploratu gabe dagoela kontuan hartzen badugu.

Zer ekarriko du bertako organismoak ezagutzeak?

Ozeano sakona ezagutzeak aukera emango digu haien funtzionamendua ulertzeko eta baliabideak modu jasangarri eta eraginkorrean erabiltzeko, ekosistemen osasuna eta iraupena bermatzeaz gain.

Ozeanoa ikertu gabeko lekua dela diozu oraindik... zeregin horretan jarraitzeko asmoa duzu?

Bai, itsas biologian jarraitzea gustatuko litzaidake. Oso pozik nago gai interesgarri eta berritzaile honetan lan egiten. Zientzialari gazte batentzat gaur egun oso zaila da gauza berriak aurkitzea eta arreta handia ematen dit ozeanoaren esplorazioak. Gainera, nire lanak zuzenean laguntzen du ekosistemen kudeaketa jasangarrian, eta asko motibatzen nau gaur egun munduan dagoen kezkarik handienetako batean eragiteak: klima-aldaketa. Itsasoarekin dugun harremana hobetzeko lan egin nahi dut.

Txiotesian parte hartu zenuen, zer-nolako esperientzia izan zen?

Lehiaketan parte hartzea bitxia izan zen. Ontzi ozeanografiko batean nengoen, Atlantikoan. Aingira-larbak bilatzeko kanpaina batean geunden nire tesirako ur-laginak biltzen. Nire zuzendariak lehiaketaren informazioa bidali zidan eta parte hartzea erabaki nuen. Hasieran ez nekien zer kontatu hain txio gutxitan. Zerbaiti buruzko tesia egiten duzunean garrantzitsua iruditzen zaizu dakizun guztia, eta, kontatu egin nahi duzu. Gero, hainbat argazki egitea erabaki nuen eta hortik aurrera atera zen mezua. Bi urte besterik ez daramatzat tesiarekin, ez dut ez emaitza ez ondorio handirik, baina espero dut datorren urtean datu interesgarriak izatea hurrengo Txiotesian parte hartzeko.

Zeintzuk dira eskuartean dituzun erronkak?

Nire helbururik argiena tesia amaitzea da. Hala ere, oraindik asko daukat ikasteko eta sentipen hau ez da tesiarekin bukatuko. Zientzialari gisa garatzen jarraitu nahi dut. Ikerketatik gehien gustatzen zaidana da ikasteari inoiz uzten ez diozula. Zientzia aplikatuan lanean jarraitu nahi dut, diziplina anitzeko ingurune batean eta beste arlo desberdinetako adituekin lanean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Biologia
Intsektuen apokalipsia antropozenoan

Galdera da ea edozein zibilizaziok gupidarik gabeko gerra egin dezakeen bizitzaren aurka, bere burua suntsitu gabe eta zibilizatua deitzeko eskubidea galdu gabe”. 1

Sei hamarkada igaro dira Rachel Carsonek bere Silent Spring (Udaberri isila) liburu bikaina idatzi... [+]


Jon Luzuriaga
"Birsortu nahi genuen ehunaren zelula espezializatuak lortzea izan zen gure helburua"

Jon Luzuriaga Gonzalez (Oñati, 1989) Biokimikan lizentziatu zen (2012) eta ikerketa Biomedikoan egin zuen masterra gero (2013); biak UPV/EHUn. 2018. urtean Biomedikuntzan doktoratu zen eta doktoratu osteko ikertzaile bezala egon ondoren, irakasle bezala dihardu UPV/EHUko... [+]


Alicia Gascon
"Zelulen egitura eta antolaketa hobeto ulertzea lortu dugu"

Alicia Gascon Gubieda (1993, Muxika) Biokimikan graduatu zen 2015ean. Gero, Erresumara Batura jo zuen biologia zelularrean espezializatzeko 2015-2021 urteetan, eta orain, UPV/EHUn lan egiten du, immunologia, mikrobiologia eta parasitologia departamenduan.


Izokina Euskal Herrian: arrain eta ondare

Historia luzeko soka du izokinak Euskal Herrian. Istorio ugari sortu ditu, hasi Historiaurretik eta egun arte. Haren arrantzak garrantzia sozio-ekonomiko handia izan du, eta hala sortu ziren hura erregulatzeko arauak. Atzetik etorri ziren gero, ordea, arau-hausteak, herritarren... [+]


2021-08-01 | Unai Brea
Ionan Marigomez. Ai, itsasorik ez bageneuka...
"Mila arazo ditu itsasoak, baina denen oinarria bera da: gu asko garela"

Ionan Marigomez Allende (Erandio, 1961) biologoa da lanbidez eta bokazioz. Bera izan zen EHUren Plentziako Itsas Estazioaren sustatzaile nagusia, eta bera da bertako zuzendaria 2013an sortu zenetik. Bulegoan hartu gaitu, atzealdean Gorlizko badia ageri dela, eta hantxe jardun... [+]


Eguneraketa berriak daude