Desagertzeko “arrisku handian” da ur gezetako animalien %25a

  • Laborantza industrialak, urtegiek eta kutsadurak ondorioztaturiko "gaitzeko presioengatik" desagertzekotan dira ehundaka espezie. Bilakaera hori saihesteko asmoz, "berehala hartu beharreko aldaketak" galdetu dituzte Nature aldizkariak urtarrilaren 8an plazaraturiko ikerketaren bidez.

Ur gezetako animalien desagerpena saihesteko asmoz, "berehala hartu beharreko aldaketak" galdetu dituzte Nature aldizkariko ikerketaren bidez. Animalia.bio

2025eko urtarrilaren 16an - 07:30
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ur gezetako animalien %24 desagertzekotan da, Nature aldizkariak plazaturiko ikerketaren arabera. Beste batzuk jada desagerturik dira: 89 espezie dira behin betiko desagertu XIX. mendeaz geroztik, eta beste 178 espezie, berriz, "seguruenik desagerturik" dira. Ur gezek –ibaiak, lakuak edota hezeguneak– lurraren azaleraren %1 baino gutiago osatu arren, bioaniztasun handia dute: animalia espezien %10 baino gehiago biltzen du.

Aztertutako 23.496 espezieei dagokienez, mehatxua bereziki handia da dekapodoentzat –izkirak, karramarroak, eta abar–, horietatik %30 desagertzeko arriskuan dagoelako. Baina ur gezatako arrainak, tetrapodoak –igelak, izokinak, narrastiak, hegaztiak eta ugaztunak– eta odonatuak –mariorratzak– ere arriskuan daude, hurrenez hurren, %26, %23 eta %16 daudelarik desagertzekotan.

Bilakaera horren arrazoi nagusiak hiru dira: kutsadurak eragiten dio mehatxaturiko espezien %54ri, %39ri urtegiek zein ur ateratzeek eta %37ri laborantza industrialak. Beste %28ri espezie inbaditzaileek eta eritasunek diete kalte egiten. Dena dela, multzokatze horri ñabardura bat egin behar zaio, %84ak duelako mehatxu bat baino gehiagori aurre egin behar.

Bestalde, klima aldaketak eta muturreko fenomeno meteorologikoek ere zailtasunetan jartzen dituzte espezien bostetarik bat.

Finean, habitata erabat bestelakoturik dute eta horrek dakar beraien desagerpen arriskua. Tartean, hezeguneen desagerpenari buruzko alarma gorria pizten dute: %35 desagertu dira 1970etik 2015era –desagerpen-erritmoa basoena baino hiru aldiz bizkorragoa da–.

Itsasoak zein lurzoruak ez bezala, ur gezen eremua zientifikoek guti ikerketurikoa dela deitoratu dute ikerlariek: "Ur gezetako arrainei eta ornogabeei dagokienez, inbertsio, borondate politiko edo arreta gutxi bideratu zaie, baina baita kontserbazioaren alde dabilen komunitate tradizionalaren partetik ere". Hori horrela, egoeraren okertzea saihesteko bidean, "berehala hartu beharreko neurriak" galdetu dituzte artikuluaren oinarrian diren ikerleek.

 

 


Biologia kanalean gehiago
2021eko abuztuaren 1
Ionan Marigomez. Ai, itsasorik ez bageneuka...
"Mila arazo ditu itsasoak, baina denen oinarria bera da: gu asko garela"

2021eko uztailaren 20
OSASUNA
BAKTERIO MUTATZEA

2020eko apirilaren 7
Guillermo Quindós, Mikrobiologian katedraduna (EHU)
"Zientzialariek, bereziki medikuek, urteak daroatzate hau etorriko dela esanez"

2020eko martxoaren 10
Irati Romero Garmendia Ikertzaile biomedikoa
"Ikerketa feministagoa behar dugu"

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.