Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimenduak “Euskal Herrian inoiz egin den mobilizazio handiena” iragarriko du larunbatean, Donostian antolatutako ekitaldi batean.
Mobilizazio horren xehetasun eta datu zehatzak larunbatean bertan jakinaraziko dituzte Eureka Zientzia Museoan, baina Gure Esku Dagok aurreratu duenez 2018an “urrats esanguratsuak” ematea espero du eta horren baitan kokatu du ekainaren 10eko mobilizazioa, “Herritarron Ituna” eta herri galdeketekin batera.
Herri mugimenduak abenduan Agurainen egindako ez-ohiko batzarrean zehaztu zituen ildo horiek eta geroztik plangintza diseinatzen aritu da.
👉Euskal Herrian inoiz egin den mobilizaziorik handiena iragartzera goaz. Larunbatean streaming bidez 📲 jarraitu ahalko duzu aurkezpen ekitaldia.
Gurekin nahi zaitugu 😉 pic.twitter.com/dYqvwUCxEa
— Gure Esku Dago (@GureEskuDago) 2018(e)ko urtarrilak 21
Testuinguru horretan, Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiarekin bildu dira Gure Esku Dagoko bozeramaile Zelai Nikolas eta Angel Oiarbide, ostegunean Gasteizen.
Han justu, argazki hori egin dute, EAEko PPko idazkari nagusi Amaya Fernándezek duela egun batzuk lehendakariari eskatu eta gero Gure Esku Dagorekin dituen loturak hautsi ditzala, Kataluniako prozesua “erreplikatu” nahi duelako.
Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak, bere aldetik Euskadi Irratian esan du balizko estatutu berri batean erabakitzeko eskubidea sartzea litzatekeela estatutu hori “baliogabetzea”, eta planteamenduak “etsipena” sortuko lukeela herritarrengan.