2019-03-25 13:58

Egurraren sektoreko enpresek jardunaldi bat antolatu zuten joan den ostiralean Hernanin, jarraitzen duten baso-kudeaketa ereduari euskarri zientifikoa eman nahian. Eta fundamentuzko ezer esan ez zen hitzaurrearen ondoren, saiatu ziren gure lurraldea gero eta sarriago estaltzen duten eukalipto espezieak inbaditzailek direla ukatzen. 20.000 inguru hektarea hartu dute eukaliptoek 2018an, eta gure lurraldeko harizti eta amezti guztiak baino azalera gehiago estaltzen dute dagoeneko.

Jardunaldietako hizlari bat Inés Álvarez izan zen, alegia, basogintzan erabiltzen diren Eucalyptus generoko espezieak aztertu zituen Ingurumen Ministerioaren Batzorde Zientifikoaren irizpena koordinatu zuena. 19 batzordekideek aho batez adierazi zuten espezie horiek guztiak Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogora gehitu behar zirela, lurralde berria inbaditzeko duten arrisku handia dela eta. Ia hirurogeita hamar aipamen bibliografikok eusten diote ondorio horri, bai eta aztertutako espezie bakoitzari buruz egindako arrisku-txosten indibidualek ere.

Zer esanik ez da, bere Batzorde Zientifikoak aho batez jaulkitako irizpena arbuiatu egin zuen Ministerioaren Baso Politikako Zuzendaritzak, esanez Batzorde Zientifikoak halako “jarrera gaiztoa” zuela, “espezie horien izaera inbaditzaileari buruz aurrez erabakitako balio-judizioa jaulkitzearren hartua”, zeina, gainera, “irizpide zientifikoetan ez, baizik eta iritzi pertsonal eta politikoetan oinarritua” bailitzateke.

Aipagarriena da erantzun hori ez zuela inolako batzorde zientifikok babestu, ez eta zerbait analizatu ondoren mintzatua zatekeen beste gizatalde batek ere; aitzitik, lagun bakar batek jaulki eta babestu zuen: Hernaniko jardunaldiko beste hizlariak berak, hain zuzen ere. Alegia, Luis Gil jaunak, mendi-ingeniaritzan doktore eta katedradunak, baso-genetikan egindako lanagatik ospetsua, Ministerioak kontsultatu zuen bakarra, izan ere. Deigarria da halaber Luis Gil irakasleak, haren Unibertsitatearen webgunean bertan adierazten denez, Iberia osoko eukalipto-enpresa handienak (ENCE, ENergía + CElulosa) finantzatuta zuzendu zuela, besteak beste, Etiopia eukaliptoz populatzeko ekimen bat. Baina, jakina, Batzorde Zientifikoko zientzialariak oinarritzen dira “irizpide pertsonal eta politikoetan”, inola ere ez bere burua “Europako eukalipto- zelulosa ekoizleen lider” gisa aurkezten duen enpresaren babesean eta haren kontura diharduen hori; azken hori, izan ere,  ezin gaitzesteko moduko inpartzialtasunez dabil, ez dugu zalantza-izpirik.

Eukaliptoen defendatzaileak dioenaren arabera, ez dago landaketa horiek inbaditzailetzat hartzerik ez dagoelako ez oinarri ez adostasun zientifikorik hala izendatzeko eta ez baitute landatuak izan diren lurretatik at berez lur berririk hartzen. Ez zuen aipatu, ahaztuta noski, Espainian 2009ra artean landare inbaditzaileak kontrolatzen eta kudeatzen gastatutako 50 milioi euroetatik, 35 milioitik gora eukaliptoen aurkako borrokak eramanak zituela.

Inés Álvarezek hondarrean plazaratutako galderek zorrotz jo zuten gaiaren funtsean, begi-bistakoa baita ingurumenaren babesaren eta baso-ekoizpenaren artean interes-gatazka dagoela.

Alde batetik, espezie exotiko inbaditzaileen labore bat dugu, Batzorde Zientifikoaren irizpena eztabaidatuak adierazi bezala ingurumenari kaltegarria zaiona lurzorua eraldatzen duenez, biodibertsitatea galarazten duenez eta suteak errazten dituenez. Beste aldeak ezin argiago adierazi du zer dela eta ez dituen inbaditzailetzat hartzen eukaliptoak: interes ekonomikoa dutelako. Espainiako mendi-eremuaren azaleraren % 3ak eta Espainiako paper-industriak kontsumitzen duen egur-ekoizpenaren % 32ak eukalipto ospetsua dute protagonista. Eukaliptoaren ustiapenari lotutako sektoreak landa eremuen garapen sozio-ekonomiko garrantzitsua dakarrela hartzen dute aitzakiatzat, lanpostu ugari eskaintzen dituela, zuzenean nahiz zeharka, eta horregatik funtsezko papera jokatzen duela Kantauri isurialdeko landa-eremuaren garapenean.

Harira etorrita, helarazten diguten mezua da espezie exotiko inbaditzaile bati bere izaera hori ukatzeko ez dugula argudio zientifikorik behar inondik ere; aitzitik, nahikoa dela etekin ekonomikoa ateratzea. Jokalekua zein den, behintzat, argi asko utzi dute: aukera egin beharko dugu gutxi batzuen interes ekonomikoen eta bizirik mantentzen gaituen Naturaren interesen artean.

Baina argudio hori, antza, ez zitzaion nahikoa iruditu Luis Gil jaunari, zeren hortik harago joan baitzen Hernanin bere argudioetan; saiatu zen sinetsarazten eukaliptoaren gurutze-bideak, egurgintzako beste labore exotiko batzuen kasuan bezalaxe, makurkeria, ezjakintasuna eta ‘nazionalismo berdea’ dituela jatorri eta kausa. Eta, amaitzeko, adierazi zuen gure arbasoek txikitu zituztela bertako basoak eta gaur egun ezin direla berreskuratu, bizirik irauteko behar duten lurzorua dagoeneko ez baitute. Berezkoak ditu noski halakoak irizpide zientifikoetan oinarritzen (omen) den pertsona batek...

Bidezkoa izan liteke, agian, hori guztia bere jarraitzaileen belarriak gozatzeko, baina basoaren kudeaketa zientzian oinarritzeko helburua zuen ekitaldi bati amaiera emateko… kalterako dela esan behar da, gutxienez.

Gipuzkoako elkarte naturazale eta kontserbazionistek elkar hartuta sortutako kolektiboa. Gizartean zein, batez ere, erakunde publikoetan Naturarekiko begirunea eta ekintza positiboak bultzatzeko asmoz sortua.