Ehun milioi animalia inguru hiltzen dituzte urtero Euskal Herriko hiltegietan

(Argazkia: NOR / Tras los Muros)

2018ko urriaren 12an - 09:52

Euskal Herriko hiltegien argazki panoramikoa egitea ahalbidetzen dute NOReko kideek emandako datuek: urtean munduan hiltzen dituzten 70 mila milioi animalietatik, 100 milioi inguru hiltzen dituzte Euskal Herrian. Lurralde bakoitzeko datuak hauek:

  • Nafarroan 64,5 milioi animalia hil zituzten 2017an. Horietatik 61 milioi baino gehiago hegaztiak ziren, eta bi milioitik gora untxiak.
  • Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari dagokionez, azken datuak Mauleko hiltegiak emandakoak dira. Hiltegi horretan bakarrik, 35.000 ardi eta 40.000 behi hil zituzten 2016an.
  • EAEko daturik ez du ematen Eusko Jaurlaritzak 2012tik, baina azken zenbakien arabera 1.112 milioi ardi, behi, ahuntz, txerri eta zaldi hil zituzten Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban. Hegazti eta untxiei dagokienez, 11 milioi eta milioi erdi izaki hil zituzten, hurrenez hurren.
Ezkutuko ikerketa

30 hiltegi inguru zenbatu dituzte Euskal Herrian, eta inguruko herrialdeetan beste horrenbeste daudela jakinarazi. NOReko kideek horietako hamarretan infiltratzea lortu dute, bertako jarduna dokumentatu asmoz. “Industriak debekatuta dauka edozein kazetarik bertako irudiak kaleratzea, eta hermetismo handia dago”, adierazi du taldeko bozeramaile Maialen Sagüesek. Hala bada, ezkutuan eraman behar izan dute aurrera ikerketa.

Hiltegietako irudiak publiko egiteak kalteak eragiten dizkietela onartu izan dute sarri negozioaren arduradunek. “Niri bost axola jendeak Turkiako hiltegi bat ikustea, baina ez dut nahi nirea ikusterik”, adierazi du bideoan agertzen den hiltegietako baten arduradunak. Talde antiespezistak publiko egin duen ikerketak, baina, Euskal Herriko hiltegietako eta hildako animaliak gurean saltzen dituzten hiltegietako irudiak aireratu ditu.

Irudi gogorrak dira nagusi bideoak irauten dituen hamabi minutuetan, hiltegien baitan animaliek jasaten duten indarkeriaren testigantza jasotzen baita bertan. Hiltzera kondenatuak direla antzematean animalia orok ihes egiteko saiakera nola egiten duen ikusi daiteke, baita langileek animaliak kontrolpean izateko erabili ohi duten indarkeriazko tratua: lanabes askotarikoez, ostikoez, kolpeez eta bultzadez baliatzen dira animaliak menderatu eta alde batetik bestera nahieran mugitzeko. Hilketa prozesua ere gordinik azaleratzen da.

Gizakion kontsumorako izan ala ez, animaliak hiltegietan hil behar dira legeak dioenez. Haztegi industrialetatik heldu ohi da animalien gehiengoa hiltegietara, “baina haztegi ekologikoetan, baserri txikietan eta larreetan esplotatzen dituzten animaliak ere” bertara bidaltzen dituztela azpimarratu dute ekintzaileek. Esan beharrik ez da, animalien industria ere ez dago logika kapitalistatik salbu: azaltzen dutenez “behar beste hasi direnean edo jada ekonomikoki errentagarriak ez direnean” hiltegira bideratzen dituzte animaliak.

Bestalde, urte eta erdiko ezkutuko jardunaren bidez antzemandako beste aspektu bat ere bistaratu nahi izan dute: hiltegietako lan baldintza gogor eta prekarioak. Adierazten dutenez, bisitatutako hiltegietako baten langile guztiak ziren migratzaileak. Beraien hitzetan: “Hiltegiotan sistemak zapaldutako langileak aritzen dira, sistemak zapaldutako gizakiz besteko animaliak akabatzen”.

Kontzientziak astintzea xede

Ikerketaren helburua zein den argi daukate NOReko kideek: “Lanaren bidez gogoeta piztu nahi dugu herritarren artean, hausnartzeko gizakiok zein motatako harremana dugun beste espezieetako animaliekin”. Hiltegi orotan animaliak bidegabeki hiltzen direla, ziurtasun osoz baieztatu dute. Bidegabekeria horren oinarrian gizakiak animaliekiko duen botere eta pribilegioak jartzen ditu Ikerketak, ikusleari digeritzeko zaila suertatu dakiokeen platera. Baina azken finean hori da helburua: platereko xerra hori borondatearen kontra hildako izaki bizidun batengandik datorrela ageriko egin eta haragi bilakatu arteko prozesuaren kate-begi diren hiltegietako jardunean arreta jartzea, indigestioa eragin dezakeen ariketa.

Manifestaziora deia

Kontzientziak astintzeaz aparte, Euskal Herriko mugimendu antiespezista eta honen baitako euskararen presentzia indartzeko helburua dauka NOR taldeak. Borroka horren baitan, Euskal Herri mailako manifestazioa deitu dute azaroaren 1ean Bilbon, zeina Moyua plazatik abiatuko den 17:00etan. Iruñea, Gasteiz, Donostia, Hendaia eta Eibarretik autobusak egongo dira.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antiespezismoa
Zein bizitza erdigunean?

Ekofeminismoak ekologismoa eta feminismoa artikulatzen dituen begirada eta borroka proposatzen ditu. Horrek irekiera interesgarria dakar, ekofeminismoaren garapenaren zati handi bat ardatz izan duena. Hala ere, irekitasun horrek erronkak eta konplexutasunak ere zabaltzen ditu,... [+]


Manifestazio antiespezista egin dute Donostian

Animalien ongizaterako lehen premisa “askatasuna” dela azpimarratu du Nor kolektibo antiespezistak.


2023-06-19 | Ilargi Manzanares
Zezenketen aurka manifestatu dira ehunka lagun Bilbon

Joan den larunbatean, ekainaren 17an, Bilbon, Animalistak kolektibo antiespezistak Azken erasoaldia lelopean antolatu zuen manifestazioa.


Beatriz González. Artibista.
“Margotzen dudanak animaliak jateko dugun pribilegioari egiten dio eraso”

Komunikatzeko eta abstraitzeko erabili ohi ditu akuarelak Beatriz González margolariak eta militante antiespezistak (Galdakao, 1996). Hasieran ez zekien ongi zer margotu nahi zuen, ikusten zuena kopiatzen zuelako, baina azken urteetan animalien kontrako zapalkuntza... [+]


"Gizakiz besteko animaliak borrokatzen duten subjektu politikoak dira"

Sistema binarista zalantzan jarri, eta feminismoaren eta animalien askapenaren aldeko mugimenduaren arteko zubiez mintzo da Laura Fernández antropologo soziala: “Feminismoen barruan ditugun joera batzuk aztertzeko aukera ematen digu antiespezismoak”.


Eguneraketa berriak daude