Eguraldiak ez du lehorte politikoa konponduko

Nafarroako lehortaren mahaia, pasa den irailean bilduta. Argazkia: Navarra.es

2023ko maiatzaren 8an - 10:12
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Nafarroaren erdialdean eta hegoaldean hainbat uzta galdu dira edo galtzear dira eguraldiak laguntzen ez badu. Araban inoiz baino txikiagoa izan da oliba bilketa, eta abeltzainak ez daude lasaiago, udaberri hasieratik ari direlako udarako gordetakoetatik tiraka. PAC deritzoten Nekazaritza Politika Bateratuaren laguntzak eskuratzeko baldintzak malgutzea izango da administrazioaren erantzunetako bat; galerei aurre egiteko diru-laguntza zuzenak eskaintzea bestea. Bigarren bideak Madrilen errege dekretua egitea eskatzen duenez, laguntza zuzenak izan daitezke, baina ez berehalakoak, eta nekez behar bestekoak.

Alarma guztiak piztu dira euri faltagatik. Edo euri falta tarteko, ez baita gauza bera, eta jakina denez egoera irakurtzea eta ulertzea funtsezkoa da arazoari aurre egingo badiogu. Aldaketa klimatikoak lehen sektorean duen eraginari eta izango dituen ondorioei erreparatu gabe, ezin da egin azterketa egokirik. Baina aurrera ez ezik, atzera begiratuta ere ulertzen da Nafarroako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren errealitatea. Orain 30 urte finkatu ziren politikek zuzentzen dute lehenengo sektorea, politika zahar eta zaharkituak, Itoitzeko urtegiari esker ureztatzea ziurtzat jotzen zutenak, besteak beste.

Lehen sektorea funtsezkoa da bizitza sostengatzeko, gure elikaduraren gainean erabaki ahal izateko. Eta zaintzarekin gertatu bezalaxe, sektoreak politika ekonomikoetan duen leku eta aitortza eskasak, ez du zerikusirik benetan duen garrantziarekin. Hori zuzendu ezean, ezin esan aldaketa klimatikoa izango denik abeltzaintza ito, lurrak lehortu eta arrantzaleak lehorrean utziko dituena.


Lehen sektorea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.