‘Egunkaria’-ren sorreratik itxierara Torrealdairen kontakizuna ekarri dute liburu batera

  • Joan Mari Torrealdaik hil aurretik amaitu gabe utzitako liburua kaleratu dute Berriak, Elkarrek eta Jakinek, Euskaldunon Egunkaria-ren historiaz ikerlari euskaltzaleak zuen ikuspegia azaltzen duena. Asteartean aurkeztu dute Andoainen jendaurrean.


2021eko azaroaren 17an - 16:08
Azken eguneraketa: 17:51
Joanmari Larrarte eta Imanol Murua liburu aurkezpenean, Andoainen (argazkia: U. Apaolaza / ARGIA)

Iaz zendu zen Joan Mari Torrealdai Nabea (Forua, 1942 - Usurbil, 2020) euskal kulturaren ikerlari eta Euskaldunon Egunkaria-ko administrazio kontseiluko lehendakari izandakoa. Baina hil aurretik liburu bat prestatzen ari zen, bere bizitzaren zati handi bat markatu zuen proiektuaren sorrera, garapena eta itxiera kontatzen duena, Egunkaria-rena. Astearte iluntzean aurkeztu dute Egunkaria. Gizarte zibilaren arrakasta Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, liburua amaitzeko enkargua jaso zuen Joanmari Larrartek eta hitzaurrea egin dion Imanol Murua kazetari eta irakasleak.

“Hik bukatu beharko duk”, halaxe esan zion Torrealdaik Larrarteri, eta Andoaingo aurkezpenean prozesu horren nondik norakoak azaldu zituen honek. Jende asko hurbildu zen ekitaldira, euskalgintza eta prentsaren mundukoak, eta Muruaren galderei erantzunez, liburuaren beraren mamia zein den ere xehatu zuten ekitaldian.

Lekukotza, hemeroteka eta barne dokumentuetan oinarrituriko lana da, baina “ez da Egunkaria-ren historia hizki larriz idatzia”, Larrarteren aburuz, Torrealdaik oso presente zuelako historia hori azaltzeko denboran gertuegi geundela. Horregatik dago lehen pertsonan idatzia, bere bizipenetatik egina.

Larrarteren ustez Torrealdaik, azken urteetan bazuen eginahal nagusi bat, liburuaren tesia dena eta izenburura ekarri dutena: gizarte zibilak sortu zuela 'Egunkaria'

Zortzi kapitulutan banaturik, pisu nabarmena du Egunkaria-ren sorrerak eta horren aurretik egindako saiakerek eta hori aurkezapenean ere garbi utzi zuten. Torrealdaik liburuan dio Argia-ren inguruko taldeak Egunkaria sortzeko egindako “hordagoa” funtsezko izan zela: “Argia-k egin zuen lehen urratsa eta hark abiatu zuen Egunkaria sortzeko prozesua”. Azpiegiturak eta baliabideak ere bazituzten ordurako.

Sorrera horien inguruan, Muruak 1990eko Bilboko Ercilla hoteleko argazki bat nabarmendu zuen ekitaldian: Martin Ugalde erdian, ondoan ditu Joxemi Zumalabe eta Torrealdai bera. Egunkaria Sortzen taldearen izenean ari ziren proiektua aurkezten. Bakoitzak “mundu” bat ordezkatzen zuela azaldu du Muruak; Ugaldek gerraosteko abertzaletasunarena, Zumalabek Argia-ren bueltako talde “gazte eta borrokalaria”, eta Torrealdaik “Elkar-Zabaltzen eta mundu horren inguruan zegoen euskalgintzaren sektorearekin konektatzen gintuen”. Argazki horrek “urrea” balio zuela dio hitzaurrean Muruak.

Gizarte zibilak sortua

Larrarteren ustez Torrealdaik, azken urteetan bazuen eginahal nagusi bat, liburuaren tesia dena eta izenburura ekarri dutena: gizarte zibilak sortu zuela Egunkaria. “Ez itxieran bakarrik, Egunkaria sortzen den momentutik ibili behar izan zuten azaltzen, demostratzen, Egunkaria ez zela ETAk sorturikoa, egunkaria Argia-n hasi zela eta Argia-k euskalgintzara dei egin zuela eta euskalgintzan antolatu zela Egunkaria Sortzen, proiektu honi ekin ahal izateko”.

Instituzioekin izandako harreman gatazkatsuen eta diru-laguntzak lortzeko egin beharreko mugimenduen berri ere badakar liburuak. Bateko bilerak eta deserosotasunak, besteko iradokizun, diskurtso eta gutunak... Beti zalantzan erabakiak zeinek hartzen zituen, proiektuaren atzean zein zegoen eta argazkian “lastozkoak” zein ote ziren. 2003ko polizia operazioa eta epaiketa ikusita, begi-bistakoa da batzuek asmatu zutela euren independentzia irmo defendatzen zenbait kargu politikoren adierazpenen aurrean.

Galdera erantzunetan, Muruak ez zituen saihestu gai arantzatsu batzuk. Esaterako, Egunkaria ixteko akusazioek ekarritako “distortsioa” proiektuaren historiaren kontakizunean: akusazio horien ondorioz ezker abertzalearekiko “loturetatik urruntzen gaituzten argudioak” eman behar izan ziren behin eta berriz; horregatik, bere ustez, ez da aitortu “behar beste” sektore politiko horrek proiektuari hastapen horietan emandako babesa. Larrartek ere hala uste du: “90eko egoera hartan EAJk kontrako jarrera hartu zuen bezala, ezker abertzaleak kontrako jarrera hartu izan balu gaur ez ginen egongo honetaz hitz egiten”.

Liburuaren amaiera eskerrak emateko da. Euskal gizarteari eskerrak ematen dizkio Torrealdaik, 2003ko itxieraren ostean "eutsi egin zitzaiolako proiektuari", indarra berreskuratu eta posible egin zuelako handik lau hilabetetara Berria martxan jartzea, Larrarteren hitzetan. Honek, Torrealdaik idatzitako sarreraren pasarte bat irakurriz amaitu zuen bere hitzartzea: "Askoren parte hartzeak egin zuen posible Egunkaria, eta geroago Berria, haren jarraipena. Ez da nire asmoa ez dagokidan protagonismoa hartzea. Ez nuke neurriz gaineko lekua hart nahi herri honena izan den (eta den) proiektu horretan –eta lortuko ahal nuen!–. Bakarrik espero dut nire ikuspegiak lagunduko duela proiektua hobeto ulertzen".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskarazko hedabideak
ETBk 40 urte
Ardatz bertikala, erabakien adierazle

40 urte bete ditu euskal telebistak, eta 40 urteko ibilian goitik behera aldatu dira gauzak: telebista konbentzionala etxe batzuetan egotetik, guztietan presentzia hartzera pasatu da; baina egun, ikus-entzunezkoak nahieran ikusteko gehiago baliatzen da telebista,... [+]


2024-04-02 | ARGIA
Arrosa sareak Basaburuan egingo ditu aurtengo topaketak, Esan Erran irratiaren eskutik

Arrosa Irrati Sareak Nafarroan ospatuko du lehen aldiz komunikazio librearen aldeko eguna. Mende laurdena bete berri duen Esan Erran irrati txikian dute hitzordua, apirilaren 13an, Basaburuan. "Guretzat elkartzeko egun bat da, elkar gehiago ezagutu eta elkarlanaz... [+]


2024-03-04 | ARGIA
Hekimenek konpromisoak eskatu dizkie erakunde publikoei euskarazko hedabideak garai berrietara egokitzeko

Datozen eraldaketa sakonen aurrean euskarazko hedabideek iraungo badute, erakunde publikoei prozesuak azkartzeko laguntza eta konpromisoak eskatu dizkie Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideen elkarteak.


Euskal Hedabideen Urtekaria Euskalerria Irratian aurkeztu du Behategiak

Trantsizio digitalarengatik eta lehengaien garestitzeagatik, 2023 urtea zaila izan dela nabarmendu du Hekimeneko zuzendari Igor Astibiak


Eguneraketa berriak daude