EGA azterketa eztabaidagai

  • Aurkeztutako laurdenak baino ez duela gainditzen-eta, PSE-EEk berrazterketa proposatu du. HPSko sailburuordeak, Patxi Baztarrikak, azterketa sakona egiteko konpromisoa hartu du.


2015eko uztailaren 24an - 10:04
Iaz aurkeztutakoen laurdenak gainditu zuen EGA azterketa. Argazkian, Donostiako euskaltegi bat. Argazkia: Zaldi Ero.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

PSE-EEren aburuz, aztertu beharra dago EGA mailako azterketa, gaur egun Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoa kontuan hartuta C1 maila dena. 2014. Urtean, aurkeztu zirenen %26k gainditu zuen azterketa. Baztarrikaren ustez, ez da ahaztu behar goi mailako profesionalentzako ziurtagiria dela eta horrek maila jasoa eskatzen duela. Alabaina, azterketa gainditzen duen kopuruak kezkatzen du eta azterketa sakona egingo dute.

Euskadi Irratian, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohiak adierazi duenez, azterketara aurkezten diren ikasleen profila ezagutu beharko litzateke eta datu hori esku artean izanda ondorioak atera. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak aipatu ditu adibide gisa. Andres Urrutia Euskaltzaindiko buruak irrati berean adierazpenak egin ditu eta haren ustez gakoa ez da gainditzen dutenen kopuruaz aritzea baizik eta ea EGA azterketak kalean eta lantokian euskara erabiltzeko gaitasuna bermatzen duen.

Bestalde, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak adierazi duenez, A1 eta A2 mailak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markora egokitu dira. Hau da, bi mailetan ziurtagiriak eskuratu ahal izango dira eta azterketak euskaltegietan egingo dira. Ziurtagiriok ez dute baliorik administrazioko hizkuntza eskakizun modura, maila apalak baitira. Administrazioan aritzeko, gutxienez, B1 eskatzen da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Helduen euskalduntze alfabetatzea
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!