Haur eta nerabeen pobrezia arriskua handitu egin da Hego Euskal Herrian pandemiaren ostean

  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako adingabeen pobretze prozesua hazi da gehien azken bi urteetan. Haurtzaroaren Plataformak "egiturazko arazoa" dela salatu du, eta gazteenen "beharrak eta osasuna" bermatzeko neurriak exijitu ditu. 


2022ko abenduaren 22an - 08:00
EAEko adingabeen pobrezia %12,2raino igo da, eta Nafarroan %9,8koa da.

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian adingabeen pobrezia maila igo egin da COVID-19 pandemiaren ostetik: haur eta nerabeen %12,2k pobrezia edo gizarte bazterketa sufritzen dute. Nafarroan ez da horrenbeste azkartu igoera, baina %9,8koa da pobrezia tasa. Haurtzaroaren Plataformak eman du asteartean datuon berri, INE Espainiako Estatistika Institutuaren inkesta batean oinarritutako txosten baten bidez

Espainiako pobrezia datuak

EAEn Espainiako Estatuan baino gehiago hazi da pobrezia azken bi urteetan, baina ez dago maila berdinean oraindik: %33koa da Espainian. Europako Batasunean adingabeen pobrezia-tasa handiena duen bigarren herrialdea da Espainia, Errumaniaren atzetik. "EBko gainontzeko herrialdeetan baino pobrezia handiagoa dago, eta gainera, erritmo azkarragoan ari da areagotzen", azaldu du Joffre Lopez ikerketaren buruak, Naiz-ek jaso duenez. Gehiena Murtzian, Extremaduran eta Andaluzian dute: gazteenen %40 dago pobrezia egoeran.

Espainiak EBn adingabeen pobrezia-tasa handiena duen bigarren herrialdea da, Errumaniaren atzetik

Espainia mailako datuek erakutsi dute kaltetuenak 11 eta 17 urte arteko gazteak direla, eta gehienbat guraso bakarreko familietan bizi direnak. Halaber, atzerritik etorritakoek pobrezia sufritzeko arrisku handiagoa dute: 16 urtetik beherako adingabeen artean, Espainiako herritartasuna dutenen %21,7ez du bere beharrak asetzeko baliabide nahikorik; EBko beste herrialde bateko jatorria dutenen %40,3; eta EBtik kanpo heldutakoen %66,1. 

Administrazioari neurri eske

Txostenaren egileek "egiturazko arazoa" dela ondorioztatu dute, eta administrazio publikoari irtenbideak exijitu dizkio. Besteak beste, eskatu dute familien diru laguntzak handitzea eta luzeagoak izatea –haurrak 3 urte egin arte da orain, eta sei urtetaraino luzatzea nahi dute–, edota 18 urtetik azpikoei hilean 100 euroko diru laguntza emateak "emaitza esanguratsuak" emango lituzkeela uste dute. 

Horretaz gain, Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren laguntzak jasotzeko baldintzak malgutzea eskatu du Haurtzaroaren Plataformak, eta umeentzako zerbitzu publikoak zabaltzea: hala nola, jantokia, haur eskola ala osasun zerbitzuak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pobrezia
Etxebizitza bazterkeriak gora egin du Nafarroan

Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.


2024-01-10 | Euskal Irratiak
%10 hazi da Iparraldean Hazkurri Bankuak jaso duen elikagai galdea

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1.102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla.


Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak... [+]


Nafarroako Erriberan pobrezia arriskua iparraldean baino %40 handiagoa da

Nafarroako Gobernuak pobreziari eta desberdinketa sozialari buruzko zazpigarren txostena kaleratu berri du. Datuak adierazgarriak dira: Erriberako herriek pobrezia arrisku handiagoa dute, %40 iparraldeko herriek %10. 2021ean urtean 12.000 euro jasotzen zituzten herritarrak... [+]


Eguneraketa berriak daude