EAEko frackingaren legea baliogabetu du Espainiako Konstituzio Auzitegiak

  • Konstituzio Auzitegiak aintzat hartu du Espainiako Gobernuak EAEko frackingaren legeari aurkeztutako helegitea, eta ondorioz behin-behinean bertan behera utzi ditu, erabaki irmoa hartu arte, lege horren 3. eta 5. artikuluak, hala nola 2. eta 6. artikuluen zati bana. Hala jakinarazi du Josu Erkorekak Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan. Jaurlaritzak hamabost eguneko epea izango du erabakiaren aurkako alegazioak aurkezteko. Erkorekak iragarri du duenez, legea ez baliogabetzea eskatuko dio Jaurlaritzak Konstituzio Auzitegiari.


2016ko maiatzaren 03an - 13:46
Fracking bidezko hidrokarburo ustiapen bat, Ipar Amerikan.

Erabakiak ez du inor ustekabean harrapatu, apirilaren 26an Kataluniako legea –EAEkoaren oso antzekoa– bertan behera utzi baitzuen Auzitegiak, hori ere Rajoyren Gobernuak helegitea jarri eta gero. Kontuan izan behar da martxoaren 29an fracking teknika Espainiako Estatu osoan debekatzeko eskaria egin ziola gobernuari Diputatuen Kongresuak, legez besteko proposamen baten bidez.

Espainiako Gobernuak legea onartu eta oso gutxira iragarri zuen helegitea aurkezteko asmoa, 2015eko udan, baina ez zuen iragarpen hori joan den apirilaren 8ra arte gauzatu. Bitartean, Moncloak eta Lakuak gaiaz jardun dute hainbat hilabetez Bitariko Lankidetza Batzordean, baina akordiorik lortu gabe.

Izan ere, susmoa egon da Jaurlaritzak ez duela legea betearazteko borondate sendorik. 2015eko urrian Eusko Legebiltzarrean egindako osoko bilkura batean, PPko Maria Carmen Lopez de Ocarizek EAJri leporatu zion Espainiako Gobernuari deika ibiltzea, EAEn frackinga oztopatzen duen legeari helegitea sar ziezaiotela eskatuz; jeltzaleek eta Jaurlaritzak berak ez zuten Ocarizek esandakoa ukatu. Estatuan alderdiak duen jarreraren aurka, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPk legearen alde bozkatu zuen Gasteizen. EAJ, berriz, abstenitu egin zen, legearen funtsarekin bat zetorrela adierazi arren.

Konstituzio Auzitegiak frackingari buruzko euskal lege bat bertan behera uzten duen bigarren aldia da. 2014an Nafarroan teknika hori erabiltzea debekatzen zuen legea ezabatu zuen, Espainiako Gobernuaren helegite baten ondorioz halaber.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frackingaren arriskua
Gas naturalaren dilema Herbehereetan: prest gaude Groningen hobia ixteko?

Energia krisiarekin Herbehereetan bidegurutze bat sortu zaie: munduko gas natural hobi handienetako bat itxi, aurreikusita zegoen bezala, edo irekita mantendu Europaren presioei men eginez? Eskueran ditugun energia iturri oparoak aprobetxatzeak nolabaiteko kalteak onartzea... [+]


2021-08-27 | Arabako Alea
Gasteizen gasa esploratzeko helegiteari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak

Armentia-2 putzuan gasa esploratzeari uko egingo ziola ofizialki iragarri eta bost hilabetera, Eusko Jaurlaritzak ez du atzera bota Gasteizko Udalaren erabakiaren aurkako helegitea. EH Bilduk eta Eguzkik bertan behera uzteko eskatu diote.


2020-12-23 | Z. Oleaga
Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko baimena ukatu du Gasteizko Udalak

Udal teknikariek ebatzi dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) ez duela baimentzen gasa dagoen ikertzeko zundaketarik egitea. EAEko Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak zabalik utzi du helegitea aurkezteko aukera.


2020ko uda hartan COVID-19a zabaldu zen, klima zoratu... eta fracking-ak porrot egin zuen

COVID-19ak eragindako anabasaren zalapartak eta klimaren aldaketak hedabideetan uzten dituen irudi beldurgarri bezain espektakularrek estalita, gutxi hitz egiten da petrolioaren krisiaz, tartean fracking-aren gainbeheraz. Bestela esanda, herritarrak ari daitezkeela eztabaidan... [+]


Eguneraketa berriak daude