Hierros Sancho, Tecozam eta Norpaf azpikontratatutako enpresek ez dutela Gipuzkoako eraikuntza eta obra publikoetako hitzarmena betetzen dio abenduaren 4an sarrera emandako salaketa idatziak.
LAB sindikatuak Lan Ikuskaritzari eskatu dio bisitatu ditzala Donostiako erraustegiko lanak, eta altxa ditzala beharrezko aktak arau-hausteen aurka. Salaketa idatzian dio azpikontratatutako hiru enpresa hauetako bakarrak ere ez duela Gipuzkoako hitzarmena betetzen eta bertako langileak hitzarmenak araututakoa baino lanaldi askoz luzeagoak egiten ari direla eta aldiz, jasotzen duten ordaina hitzarmenak araututakoa baino nabarmen txikiagoa dela.
Aldi Baterako Enpresen Elkartea, azpikontrata, eta azpikontraten azpikontrata
LABek eginiko salaketa honi esker jakin dezakegu zer enpresa ari diren une honetan lurraren gainean Donostiako erraustegia eraikitzen:
Erraustegia eraikitzeko eta kudeatzeko kontratua irabazi zuen Urbaser buru duen Aldi Baterako Enpresen Elkarteak (ABEE), eta berau osatzen dute Altuna y Uria, Moyua, Murias, LKS, Meridian Investmets eta Seinmuller Babcok.
ABEE honek obraren zati bana azpikontratatu die beren enpresa kideei, bi talde hauetan banatuta:
- Murias enpresari zati bat.
- Altuna y Uria eta Moyua enpresak osatutako ABEEari beste zatia.
Aldi berean, azpikontratatutako enpresa hauek beste enpresa batzuei azpikontratatu diete beren lanaren zatia:
- Murias enpresak Norpaf enpresari azpikontratatu dio. Norpafek Tolosan du egoitza.
- Altuna y Uria eta Moyua enpresako osatutako ABEEak lana azpikontratatu die Hierros Sancho (Igorren du egoitza) eta Teco Zamora Estructuras y Drenaje enpresari (Madrilen du egoitza).