"Disidentziak ez badira politikoki armatzen, kaka hutsa dira"

  • LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna da ekainaren 28a, eta urtero bezala, kalera aterako dira komunitateko kideak, euren eskubideak aldarrikatzera. Aurten, 40 urte bete dira Espainiako Gobernuak homosexualitatea despenalizatu zuenetik. Mugimendu feministako lesbianatzat du bere burua Pilar Mendibil Pilon-ek (Donostia, 1965), eta EHGAM-eko kidea da Mikel Martin (Donostia, 1954).


2019ko uztailaren 02an - 08:40
Azken eguneraketa: 2023-03-02 15:20:42

Zuhaitz bereko bi adar zarete, baina gudu zelai berean borrokan ibili zarete urtetan. Noiz hasi zen zuen militantzia?

Mikel Martin (M.M.): Duela 42 urte hasi zen nire militantzia. Barruan gauza asko mugiarazi zizkidan artikulu bat irakurri nuen Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarian eta mugarri bat izan zen. Garai berean, EHGAMeko [Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua] talde bat existitzen zen Bizkaian, eta hango kideekin harremanetan jarri nintzen. Donostian bilera bat egin zuten, eta hori izan zen nire lehenengoa. 1979an Francisco Vadillo Santamaria Francis trabestia hil zuten Errenterian, eta handik hilabete batzuetara atera nintzen armairutik.

EHGAMen sorrera 1977an izan zen. Antonio izeneko kide bat Galestik etorri, eta taldearen sortzaileetako batekin elkartu zen Durangoko azokan, Imanol Alvarezekin. Antoniok esan zion Imanoli, hitzez hitz: ‘Badakizu Erresuma Batuan maritxuak bildu egiten direla euren eskubide zibilen alde borrokatzeko? Zer iruditzen zaizu zerbait egiten badugu hemen?’. Imanolek Euskal Herrian zailtasun asko ikusten zituela adierazi zion, baina aurrera jarraitu zuten, eta gaur arte borrokan aritu gara.

Pilar Mendibil (P.M.):?Mugimendu feministan hasi nintzen militatzen 15 bat urterekin, Donostiako Emakumeen Asanbladan. Ondoren, sortu genuen Lesbiana Feministen Kolektiboa. Donostian giro ederra zegoen urte haietan; pentsa, Bilbon baino gehiago. Militatzen genuen pertsonak mugitzen ginen Donostiako Emakumeen Asanbladaren eta EHGAMen inguruan, baina EHGAM oso maskulinoa izan da beti. Une horretan lesbianok erabaki genuen Euskal Herrian topaketa batzuk egin behar genituela, erabakitzeko geure burua non kokatu. Zamalbiden [Errenteria] egin genituen Euskadiko feministen lehen topaketak, 1983an. Mugimendu feministan parte hartzen genuen emakume lesbianak izan ginen han, baita EHGAMen parte hartzen zutenak ere. Orduan erabaki genuen mugimendu feministaren barruan lesbianen taldeak sortzea, eta kolektiboak sortu ziren Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan. Elkarrekin lan egiteko koordinakunde bat sortu genuen, eta urte askoan lanak eman genizkien askori.

EHGAMen eta mugimendu feministan militatzen genuen emakumeok ikusten genituen gabeziak bi mugimenduetan, eta aldarrikapenak teorizatzeko helburuarekin erabaki genuen mugimendu feministaren barruan antolatzea. Erabaki hori, batzuetan, ez zen samurra izan. Gogoratu behar dugu orduko mugimendu feminista abortuaren mugimendu feminista zela, eta gu asko estutzen gintuzten. Txantxetan esan izan dugu, beste bizitza batean heterosexual haragitzen bagara, abortu guztiak mugimendu feministak ordainduko dizkigula. Oso zaila zen gure borroka, garai zailak zirelako, baita mugimendu feministak kalean zeukan aldarrikapen nagusia hori zelako: abortua. Zaila izan zen gure aldarrikapenei lekua egitea.

Zeintzuk izan dira LGTBI mugimenduak Donostian izan dituen mugarriak eta aldarrikapenak?

M.M.: Hamarkada hauetan guztietan pertsona askok sortu dituzte taldeak, eta pertsona eta talde horiek euren harri-koskorra ekarri diote LGTBI askapenari. Horietako asko desagertu egin ziren. 1997 urtean Gehitu taldea sortu zen Gipuzkoan. Aurretik beste eragile batzuk urteak generamatzan borrokan, eta hasitako aldarrikapenak lantzen jarraitu genuen. EHGAMek gorabeherak izan ditu militantziaren intentsitateari dagokionez, baina hemen jarraitzen dugu.

Francisco Vadillo Santamaria ‘Francis’ trabestiaren heriotza salatzeko manifestazioa Bulebarrean, 1979an. (Argazkia: EHGAM)

Hemen gaude. Ez nuen espero, egia esan, baina, hemen gaude. Maritxu militantzian 42 urte eman eta gero, hemen jarraitzen dut. Nire militantziaren hasieran oso presente egon ziren hitzak izan ziren ‘Hemen gaude, eta ez gara ezkutatzen’. 42 urte eta gero, leloak gaurkotasuna du.

1977an plataforma aldarrikatzaile bat sortu zen, Euskal Herriko gayen askapenerako taldeek osatutakoa. Plataforma horrek hainbat aldarrikapen zehaztu zituen, eta gaur egun oraindik gaurkotasuneko gaiak dira. Heterosexualitateak esplotazio eta esklabotza kate batez transmititu izan dira historian zehar, eta historia horretatik kanpo utzi dute homosexualitatea, izan gizonen artekoa, eta emakumeen tartekoa; kanpo utzi dituzte baita ere transexualitatea, intersexualitatea eta bisexualitatea.

Betebeharrak dituzten subjektuak gara, baina eskubiderik gabekoak. Ideia horiek heteronormatiboa ez den pertsona oro baztertu egiten dute, eta pentsaera hori transmititzeko moduetako bat hezkuntza da. ‘Heziketa da bidea’ esaldian laburbiltzen genuen gure borroka-ardatz nagusietako bat. Gaur egun, aldarrikapen hori lortzeke dago oraindik.

1987 urtearen inguruan mugimenduaren leherketa gertatu zen. Antolatzen genituen ekitaldi eta jarduera guztiek arrakasta itzela izaten zuten. Oihartzun bat zegoen, jende askorengana iristen zena, eta pertsona horiek bollera eta maritxu horiei entzuteko interes handia zuten. Oroitzen dut Konstituzio plazako liburutegian egin genuen jarduera bat, lekua jendez lepo zegoen.

1985ean eta hurrengo urteetan, hiesak kalte handia egin zigun maritxuei. Zapalgailu bat izan zen, mugimendua zeharo zanpatu zuen. Oso mingarria izan zen.

P.M.: Ordura arte gizarte-borrokaren bitartez erdietsitako lorpenetan atzerapauso izugarria eragin zuen gaixotasunak. Gainera, kalte emozionalak eta komunitateko pertsonen sufrimendua sekulakoak izan ziren. Alboan geunden lesbianek, behintzat, hori ikusi genuen. Hiesak sarraskia eragin zuen arren, mugimenduaren urte gorenak 80ko hamarkadakoak izan zirela uste dut.

M.M.: Bai, oso mingarria izan zen, eta atzera egitera behartu gintuen. Gainera, ordura arte pixkanaka gutxitutako estigma berreskuratu genuen. Hiesa ezaguna egin zen transmisio bidezko gaixotasun gisa, eta zabaldu zen hiru H-ak zituzten pertsonei bakarrik eragiten zielako ustea: heroinomanoei, homosexualei eta hemofilikoei. Horri aurre egitea lortu dugu hemen, baina beste herrialde askotan arazo larria dute oraindik.

Pilar Mendibil ‘Pilon’-ek mugimendu feministako lesbianatza du bere burua. (Argazkia: Joseba Parron)

Pertsona batengan zapalkuntzak eta pribilegioak gurutzatu egiten direla badakigu. Emakume lesbiana izanda, nola bizi izan zenituen urte haiek?

P.M.: Gure armairua izugarria zen. Gu ez ginen existitzen, hori zen gure egoera. Gure behar nagusietako bat zen espazio seguruak lortzea, eta horretarako lan handia egin genuen. Nik 15 urte nituenean lesbianak ezagutzeko anbienteko lekuetara joaten nintzen, baina gaur egun, Donostian, ez nuke jakingo nora joan adin hori izango banu. Toki ugari zeuden orduan: katedrala Marujaren lokala zen, cuesta del culo, Habanera, Alboka, eta abar zeuden. Esan daiteke anbienteko lokalez osatutako mapa bat existitzen zela, eta bagenekien hara joanda ondo egongo ginela. Gainera, leku horietan ligatzeko aukera izaten genuen.

Guk existentziaren alde eta ikusgarritasunaren alde borrokatzen genuen nagusiki. Heterosexualitatearen aurka diskurtsoak ere egiten genituen, noski, baina nire ustez, garai haietan biziraupenerako borroka egiten genuen. Armairua itogarria zen. Esaterako, telebistan manifestazio batean agertzen bazinen, hurrengo egunean lanik gabe gelditzeko arriskua zeneukan.

Gaur egun badago jende asko ez duena esaten lesbiana dena, baina era berean, oso armairu zabala lortu dugu haientzat.

Mugimenduak erabiltzen duen terminologian ere aldaketa nabarmena izan da.

M.M.: Garai hartan gay izena erabiltzen genuen EHGAMen, adiera inklusibo batekin. Gay ez genuen erabiltzen soilik izendatzeko gizonak atsegin dituzten gizonak; gay erabiltzen genuen sexu askapenerako mugimendu politikoa izendatzeko, izan emakume lesbianak, izan trabestiak, transexualak, transgeneroak, eta abar. Finean, heteronormatiboak ez ginen pertsonak definitzeko. Aldaketa handia eman da terminologian. Gaur egun, kolektiboa izendatzeko adiera findu da, eta LGTBIQ izenari ‘+’ zeinua gehitu zaio, aniztasunaren erakusle.

P.M.: Gu militatzen hasi ginenean horietako termino asko ezezagunak ziren. Nik oroitzen dut EHGAMek hasieran esaten zuela ez zegoela homosexualik, praktika homosexualak baizik. Eta gure lelo nagusietako bat zen Lesbianak existitzen gara. Egun oinarrizkoak diren gai horiek zeuden borrokaren erdigunean.

Cuesta del culo-n Malmaison lokala zegoen, eta hango trabestiak manifestazioetara jaisten ziren, gurekin borrokatzera. Ikaragarria zen manifestazio horietan bizi behar izaten genuena. Hala ere, nik uste dut Medeak talde transfeminista oso talde garrantzitsua izan dela Donostian eta Euskal Herrian, LGTBI borrokan eta mugimendu feministan gauzak ulertzeko beste modu bat eskaini duelako.

M.M.: Mugimendu transarekin egin ditugun harremanek, gauza asko erakutsi dizkigute: Euskal Herrikoak, Bartzelonakoak, Madrilgoak… Ahalbidetu dute azken hamar edo hamaika urteetan elementu eta aldarrikapen askori dimentsio politikoa ematea.

Mikel Martin EHGAM-eko kidea. (Argazkia: Joseba Parron)

Zigor soziala eta errepresioa gertutik bizi izan du LGTBI komunitateak. Nola izan ziren lehen mobilizazioak Donostian?

P.M.: Nire inguruan, adibidez, oso gutxik mantentzen dugu eskolako kuadrilla. Bidean beste tribu bat osatu behar izan dugu, babestu egin gaituena. Hain zuzen, egokitutako tribu horrek ez gaituelako babestu eta ase. Manifestazioetara beldurrez joaten ginen, ezagunen batek ikusiko ote gintuen. Jende pila elkartzen zen guri begira, bost ilara ere osatzen zituzten gure inguruan, Bulebarreko manifestazioetan. Jendeak seinalatu egiten gintuen kalean, eta oso manifestazio azkarrak ziren, espazio publikoan ikusgarri jartzea oso gogorra zelako. Jakina, hori polizia atzetik ez genuenetan.

M.M.: Donostian egin genuen lehen manifestazioak jakin-min handia sortu zuen. Gu ikustera jende ugari etorri zen, eta Bulebarra horren betea zegoen, ezin genuela pankarta zabaldu. Morbo handia eragiten zuten gure mobilizazioek. Zaila zen kalera ateratzea, jendeak gu identifikatzeko arriskua zegoelako, eta horrek zigorra zekarrelako: lanik gabe gelditzea, zure aurka oldartzea, eta abar.

Zeintzuk dira LGTBI mugimenduaren egungo erronkak?

M.M.:?Nik uste dut gauzak asko aldatu direla 70eko hamarkadatik hona. Iazko ekainaren 28ko manifestazioan, esaterako, jende andana atera zen kalera. Oso pertsona gazteak ziren, eta neska asko zeuden. Horrek mugimendu feministaren lelo bat ekartzen dit gogora: ‘Hasi ginenean baino askoz gehiago gara’. Espero dut energia hori denbora luzez mantentzea. Borrokan jarraitu behar dugu egunero, gure eskubideen alde borrokatzen ez duguna ez duelako inork borrokatuko.

P.M.:?Ikusgarritasunaren aldetik lorpenak egin ditugu, baina oraindik asko dago lortzeko. Nire ustez berdintasunaren gezurrezko patina bat sortu dute.

Lesbiana feministen kolektiboak beti joan gara gizartearen sistemaren kontra, piramidea iraultzera, baina egon da jendea piramide horretan gora egin nahi izan duena. Esaterako, ezkontza homosexualen legalizazioaren gaia sekulako buruhaustea izan zen gure mugimenduarentzat. Ez genuen jo eta ke horren alde egin, baina, noski, alde agertu ginen, ezin dugulako onartu pertsona batek, lesbiana izateagatik, besteek baino eskubide gutxiago izatea. Antzekoa da, adibidez, maritxu batek armadan sartzeko eskubiderik ez izatea. Ez zait justua iruditzen, baina nik armada deuseztatu nahi dut. Horrelako egoeretan oso oreka zailak lortu behar izan ditugu, eta etengabe izan ditugu inguruan pertsonak gure hanka-sartze baten esperoan.

Gaur egun erronka argi bat daukagu: disidentziak ez badira politikoki armatzen, kaka hutsa dira. Argi ikusten da hori amatasunaren eta aitatasunaren kontuarekin. LGTBI komunitateko zati bat haurdunaldi subrogatuen aldekoa da, eta homosexual dirudun asko ari dira jo eta su umeak erosten.

Pilar Mendibil ‘Pilon’ mugimendu feministako kidea ezkerrean, eta Mikel Martin EHGAMeko kidea eskuinean. (Argazkia: Joseba Parron)

Sistemak gure mugimendua eta aldarrikapenak zurrupatzeko eta asimilatzeko arrisku handia dago, eta horregatik, gai batzuen mugak ondo zehaztu behar ditugu. Gure mugimendua ez da han eta hemen kolore polit batzuk jartzeko. Guk eskubide indibidualak nahi ditugu, eta pertsona guztientzat bizigarriak diren bizitzak nahi ditugu. Une honetako erronka nagusia hau dela uste dut:?aldamio ideologikoa jarri behar zaio ikusgarri bilakatu den indar guzti horri.

M.M.: Nik egunero atera nahi dut kalera nire lumekin, purpurinekin eta pinturekin, eta ez bakarrik ekainaren 28an. Horretarako eta zoriontasuna guztioi modu berean iristeko, sistema bitarraren egiturak irauli behar ditugu. Sistema horrek gure mugimenduaren aldarrikapen batzuk hartzen ditu, bere irudi eta antzera moldatzen ditu, eta kitto. Agintari asko pankarta baten alboan jartzen dira urtean behin, eta gauero lasai asko egiten dute lo. Baina horrek ez digu balio.

Ilun ikusten duzue etorkizuna…

P.M.: Euskal Herrian zortea dugu, gure herriaren errealitatearengatik eta herri mugimenduen izaera antifaxista dela eta, hein batean, mugimenduaren merkantilizazioa saihestea lortu dugulako, baina, hala ere, joera hori existitzen da. Madrilen esaterako, oso nabarmena da, eta horren aurrean ‘harrotasun kritikoa’ delakoa sortzen ari dira. Azpimarratuko nuke, hein handi batean, Euskal Herrian mugimendu feministaren lanari esker lortu dela oinarri politiko egokiak jartzea, eta gaur egun ere, diskurtsoak oso modu egokian josten ari garela.

M.M.: Ni baikorra naiz. Azken bi urteetan sortzen ari da mugimendu gazte bat, argi daukana aipatu dugun mugimendu LGTBI normalizatzaile eta asimilatzaile hori ez dela bide egokia. Ikuspegi kritiko hori niretzat oso itxaropentsua da. Ilusionatuta nago Harro! plataformaren sorrerarekin, ideologikoki kontu guzti horiek mahai gainean jartzen ari direlako. Hain zuzen, asimilazionismo kapitalista arrosa horri aurre egiten ari direlako.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGTB mugimendua
Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza onartu du Greziak

Berdinen arteko ezkontza legeztatzen duen lehenengo herrialde kristau ortodoxoa da.


2024-02-13 | Leire Artola Arin
Trans legea onartu eta urtebetera, 227 pertsonak egin dute aldaketa EAEko erregistroan

Polemika artean atera zen aurrera Espainiako Estatuko Trans Legea, 2023ko otsailean. Erregistro Zibilean izena eta sexua aldatzeko prozesua erraztea zen helburuetako bat. Urtebetean 227 pertsonaren aldaketa burutu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.


Tefia, homosexualak zigortzeko eremua

Fuerteventura (Kanariar Uharteak), 1954ko otsailaren 11. Tefiako Nekazaritza Kolonia abian jarri zuten uharteko aireportu abandonatuan, basamortuaren erdian. Nekazaritza kolonia eufemismoaren atzean, praktikan, kontzentrazio eremua izan zen Tefia, nagusiki LGBTI komunitateko... [+]


Eguneraketa berriak daude