"Denok probatu nahiko genuke olatu artifiziala, baina merezi du?"

  • Bizitzaren parte oso garrantzitsu bat da surfa Janire Virgala (1990, Andoain), Arkaitz Bardaji (1979, Añorga), June Torrealdai (1984, Antigua) eta Jabi Iraizoz (1978, Iruñea, Nafarroa) surflarientzat, eta Antondegin egin nahi duten olatu artifizialen parkearen aurka posizionatu dira. Diotenez, Wavegarden enpresaren instalazioa eraikiz gero, ondorio kaltegarriak sortuko lituzke komunitatearentzat eta hiriarentzat. Horregatik, ingurumen eta gizarte arloetako hainbat eragilerekin batera, Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan plataforma sortu dute, eta proiektuaren aurkako sinadurak biltzen ari dira, Change.org/antondegiberdea atarian.


2021eko ekainaren 22an - 07:19
Azken eguneraketa: 09:24
Janire Virgala, Jabi Iraizoz, June Torrealdai eta Arkaitz Bardaji surflariak Antondegiko proiektuaren aurka daude. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)

Noiztik egiten duzue surfa Zurriolan?

Janire Virgala (J.V.): Hamar bat urte daramatzat hemen surfean, tartean hainbat geldialdi egin baditut ere. Hasi nintzenetik, Zurriolan egiten dut surfa, baita Zarautzen ere.

Jabi Iraizoz (J.I.): Duela 20-22 urte inguru hasi nintzen.

June Torrealdai (J.T.): Nik hemen eta Zarautzen egiten dut surfa, duela hamasei bat urte.

Arkaitz Bardaji (A.B.): Orain dela hogei bat urte hasi nintzen, eta normalean Zurriolan egiten dut surfa, baina gainontzeko surflariek egiten duten moduan, ahal dudan toki guztietan aritzen naiz, itsasoaren baldintzen arabera: Ipar Euskal Herrian, Zarautzen, eta abar. Zurriola, baina, gure eguneroko hondartza da.

Zerk erakarri zintuzten surfetik?

J. Virgala: Hasieran, kirola ezagutu nahiak erakarri ninduen, baina, ondoren, itsasoarekin sentitzen duzun konexioak, batez ere. Naturarekin eta zeure buruarekin konektatzen zaitu; azken finean, olatua eta zu zaudete aurrez aurre.

J. Iraizoz: Surfarekin izan nuen lehenengo kontaktua 14 urterekin izan zen, BZ markako kortxo batekin, Zurriolako hondartza zaharrean. Ondoren, norbaitek ekarri zituen taula zahar batzuekin ikasi nuen surfean, zerotik hasita. Niretzat, surfa ohitura bat da, ez da soilik kirol bat. Alde fisiko bat dauka, baina askoz harago doa: beti egon da hor, bizitzak sortu dizkidan zailtasun guztien aurrean. Arazoren bat daukazunean, nahiz eta gaizki sentitu, zeure buruari esaten diozu: ‘sartu zaitez uretara, hobeto egongo zara eta’. Ez naiz inoiz uretara sartzeaz damutu, nire ustez hobeto sentiarazten baitzaitu beti.

Jabi Iraizoz surflaria. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)

J. Torrealdai: Txikitatik egin dut kirola, eta urte luzez, Añorgan aritu nintzen futbolean. 18 urte inguru nituenean, ordea, surfa probatzeko aukera izan nuen, eta ikusi nuen naturarekin konexio handia izateaz gain, niretzat terapeutikoa zen kirol bat zela. Momentu txarrak nituenean, nolabait salbatzen ninduen, uretan gauza txar guztietaz ahazten baitzara. Horretaz gain, asko erakarri ninduen surfak naturarekin duen harreman estuak eta surfaren munduko giroak: garai hartan, giro handia zegoen uretan. Surfaren filosofiak berak asko katigatu ninduen, eta izan nituen monitoreek asko lagundu ninduten.

A. Bardaji: Beti gustatu izan zait kirola egitea. Urte asko galdu nituen futbolean, lehenxeago hasi behar nuen surfean [barrez]. Oso ondo dago surfa, bakarrik egin ahal duzulako, lagunekin ere egin dezakezulako, naturarekin harremanetan jartzen zaituelako, eta abar. Bestalde, berdin du zein den zure maila, gozamen bera sentitzen baitu bost metroko olatu bat hartzen duen profesional batek, hiru metrokoa hartzen duen surflari arrunt batek eta metro eta erdikoa hartzen duen batek. Esaterako, nire semeek bost zentimetroko olatu bat hartzen dutenean, aurpegian ikusten zaien zoriontasuna profesional batek hiru metroko tuboa egiten duenean sentitzen duenaren berdina da. Surfaren inguruan gehien gustatzen zaidana zera da: berehalako asebetetzea ematen dizula. Erraz katigatzen zaitu horregatik, hain justu.

"Aukera ona dugu komunitatea batzeko, olatu artifizialen proiektuaren harira"

Nolakoa da Zurriolako hondartzako surf komunitatea?

A. Bardaji: Existitzen da surf komunitate bat, eta, hain zuzen, denok ditugu surfaren harira egin ditugun lagunak; guk laurok, esaterako, surfarengatik ezagutu genuen elkar. Hala ere, ez da garai bateko komunitate itxia, oso aldakorra da. Taldetxoak sortzen dira, askotan, dutxatzeko duten lokalaren edo izan dituzten monitoreen araberakoak. Alde on asko dauzka horrek, baina baditu bere alde txarrak ere, surfa oso kirol berekoia baita zentzu askotan.

J. Iraizoz: Hala ere, niretzat, orain aukera ona dugu komunitatea batzeko, olatu artifizialen proiektuaren harira. Hau da, komunitate baten parte sentitzen ez diren pertsona horiek nolabait esnatzeko eta kontzientzia hartzeko aukera ona da, baita gure artean eztabaidatzeko ere. Horrela, konturatuko gara ez garela egun osoa uretan pasatzen dugun txoriburu batzuk, eta elkarrekin gauza asko egin ditzakegula.

Janire Virgala surflaria. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)

Kontzientziazioa areagotzen ari da Antondegiko proiektuaren harira?

J. Virgala: Bai, surfak hori ematen dizulako. Hau da, itsasoari ematen dizuna zor diozu; nik, behintzat, hala bizi dut. Horregatik, lehen ingurumenaren inguruan kontzientziatuta banengoen ere, surfarekin are gehiago kontzientziatu naiz, gozatzen dudan ingurunea zaindu nahi dudalako. Esaterako, uretatik ateratzen naizenean bidean aurkitzen ditudan plastiko guztiak jasotzen ditut, eta halako gauza txikiak egiten ditut. Eta, Antondegikoaren moduko proiektu bat horren guztiaren aurka doa, hain justu. Izan ere, suntsiketa batetik eta interes ekonomiko eta partikular batzuetatik dator.

J. Torrealdai: Nik Emakumea Surflari proiektuaren sorreran parte hartu nuen, hain justu, arrazoi hauengatik. Emakume surflarion egoera hobetzeko, saretzeko beharra ikusi genuen, eta ikusgarriago egitea lortu genuen. Saretze hori garatzeko, nire kide Lo Eizagirrek eta biok emakume surflariekin partekatzen genuen guretzako surfa zer zen eta nola bizi genuen itsasoak ematen zigun hori. Olatu artifizialen proiektuak ez dizu halakorik emango, eragingo duen suntsiketa guztiaz gain, filosofia hori guztia hausten baitu. Nire ustez, soilik lehiara bideratutako proiektu bat da, umeak surflari profesionalak bihurtzeko helburu bakarra baitu. Surfa, ordea, lehia baino askoz gehiago da.

"[Olatu artifizialena] soilik lehiara bideratutako proiektua da"

Zer iritzi dago Donostiako surf komunitatean Antondegiko proiektuaren inguruan?

A. Bardaji: Kontraesan asko daude. Denetarik dago, baina nik uste dut gure argumentuak oso argiak direla: txikizio ekologiko izugarria egingo dute itsasotik lau kilometrora, behar ez den olatu artifizial bat egiteko. Planteatuko balute Uliako zati bat suntsitzea mendiaren puntan zezen plaza bat egiteko, jendeak esango luke, ‘erotuta gaude!’.

Ordea, zer gertatzen da olatu artifizialarekin? Nik uste dut munduko surflari guztiok nahiko genukeela olatu horretan surf egin, oso tentagarria delako: olatua berdina da denbora guztian, eta primerakoa da mugimenduak eta teknika lantzeko. Horregatik diot kontraesan asko daudela komunitatean, segur aski askok nire iritzi bera dutelako, baina olatu horretan surfean aritzeko nahiak itsutu egiten ditu. Ez dauka zentzurik olatu artifizial bat itsasotik lau kilometrora eta lursail publiko batean egiteak, eta, gainera, suposatzen da enpresak [Wavegardenek] 60 proiektu dituela irekita mundu osoan, eta beraz, ez dauka halako proiektu bat hemen garatzeko beharrik. Horrez gain, Donostiako masifikazioa areagotuko luke, eta hiriak ez du ezer gehiago behar turistak erakartzeko, baduelako horretarako xarma nahikoa.

Enpresak olatu artifizialen parkeak eraiki dituen gainontzeko herrialdeetan, Hego Korean eta Australian esaterako, ur parke gisa saldu dituzte instalazioak. Hemengoa ez da gauza bera izango? Izango da, noski! Karamelu bat da, eta jende asko olatu artifizialaren aitzakiarekin etorriko da Donostiara, baina hondartzetara ere joango da, eta are gehiago masifikatuko dira.

Arkaitz Bardaji surflaria. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)

J. Iraizoz: Herritarrek ez daukate informazio nahikoa, eta gu informazio hori eskaintzen ari gara, jendeak hondartzan hitz egin dezan. Antondegin animalia asko bizi dira, eta eremu bereziki garrantzitsua da hegaztientzat: Aranzadi, SEO-Birdlife eta Itsas Enara elkarteen arabera, 15-18 ugaztun espezie daude, eta 109 hegazti espezie behatu dira han bizitzen, atseden hartzen edo habiak egiten. Gainera, hiriko korridore ekologikoaren sareko funtsezko eremua da. Argumentuak oso logikoak dira, baina karamelu bisualarekin engainatzen gaituzte, eta ez digute uzten azpitik dagoen guztia ikusten. Hau da, zer akordio daude honen atzean? Zergatik adjudikatzen zaio lursail publiko bateko proiektua enpresa bakar bati zuzenean? Udalbatzarrean pausoak ematen ari gara zentzu horretan, eta uretara sartzen naizenean ikusten dut jendea eskertuta dagoela egiten ari garen lanarekin.

Leku batzuetan gelditu dituzte halako proiektuak.

J. Virgala: Punta-puntako proiektu baten moduan saltzen digute, hiri guztiek halako bat izan nahiko balute bezala, baina ez da hain polita. Katalunian, Malagan eta Donibane Lohitzunen antzeko proiektuak gelditu dituzte.

"Zergatik adjudikatzen zaio lursail publiko bateko proiektua enpresa bakar bati zuzenean?"

J. Iraizoz: Bestalde, gaur egun Aizarnazabalen dago enpresaren instalazio nagusia, hemendik 25 kilometrora. Ordea, Wavegardenek erabiltzen duen beste argudioetako bat da hara iristeko sarbide gutxi daudela. Google Earth bidez ingurua begiratzen baduzu, ikusiko duzu sarbideak egon badaudela, eta dagoeneko eremu horretan degradatu dutenarekin, olatu artifizialen hiru igerileku egiteko lekua dagoela. Antondegin ez dago halakorik. Bestalde, esango nuke Wavegardenen instalazioa Aizarnazabalen dagoenetik ez dutela gipuzkoarrentzako ate irekien jardunaldirik antolatu. Aldiz, surflari profesional eta influencer ugari gonbidatu dituzte. Horrek enpresaren modus operandi-a ezagutzen laguntzen dizu. Horretaz gain, Gipuzkoako elkarte kontserbazionista guztiek esaten badizute Antondegiko proiektua ingurumenaren aurkako aberrazio bat dela, zer ingurumen ikerketa aterako duzu argudiatzeko jasangarria dela? Zuriketa berdearen garaian bizi gara, eta hori oso arriskutsua da.

J. Torrealdai: Gainera, gaur egungo egoeran, pandemiak jendea utzi duen egoeran utzi ondoren, diru publikoa horrelako proiektu batean gastatuko dugu? Agian, ez legoke gaizki Donostiako aterpetxeetatik buelta bat ematea. Zenbat pertsona daude kale egoeran hirian? Lehentasunak jarri behar ditugu, baina badakigu nortzuk diren udalean agintzen dutenak, eta olatu artifizialen proiektuak euren burua goraipatzeko balioko die. Bakoitzak bere domina jarri nahi du.

June Torrealdai surflaria. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)

Udala harremanetan jarri da surf komunitatearekin?

J. Virgala: Ez, eta Wavegarden ere ez. Kolektiboko norbanako batzuekin harremanetan jarri da enpresa, baina besterik ez.

A. Bardaji: Udalak ez gaitu inoiz kontuan izan ezertarako, esaterako, ez da inoiz gurekin harremanetan jarri surf eskoletan ratioen inguruko neurriak hartzeko. Beste datu bat: Zurriolan kabina kolektibo batzuk daude, baina udan soilik irekitzen dituzte. Horregatik, neguan beste udalerri batzuetatik hona surf egitera datozenak kalean aldatzen dira, zero gradutan. Kontxan, aldiz, kabinak irekita daude urte osoan, egunero bainatzen diren pertsonentzako.

J. Iraizoz: Soroslerik ere ez daukagu urtean zehar.

A. Bardaji: Udalak surf komunitatea aintzat izango balu horrelako proiektu baten aurrean, gauzak beste modu batera planteatu zitezkeen. Ez da posible politikarien eta enpresaren artean hau adostea, eta gero publiko egitea.

J. Iraizoz: Gure argudioak eta informazio guztia plazaratu genuenean, enpresa sumindu egin zen, eta orain ematen du enpresaren eta gure arteko eztabaida bat dela. Baina inondik inora, azken hitza udalak dauka, eta azalpenak eman beharko lituzke. Hondartza honetan bertan lan asko dago egiteke, Europako hondartzarik masifikatuena baita. Jakin badakit surf eskola batzuk saiatu direla udalarekin harremanetan jartzen, masifikazioa eta bainularien eta surflarien arteko elkarbizitza kudeatzeko planak aurkezteko. Sorospenaren arloan ere lan asko egin behar da hemen, surflariok jende asko ateratzen baitugu uretatik neguan.

J. Torrealdai: Inbertitu hemen eta hemengoentzat. Ahoa betetzen zaigu donostiarrak garela esanez, baina dirua kanpokoentzat inbertitzen dugu.

Harreman faltaren sentsazioa orokortuta dago komunitatean?

"Udalak Donostia Surf city gisa saldu izan du, eta komunitatea nahiko batuta egon da horren aurka"

A. Bardaji: Udalak Donostia Surf city gisa saldu izan du, eta komunitatea nahiko batuta egon da horren aurka. Ezin dut komunitate osoaren izenean hitz egin, noski, baina sentsazioa hori da. Beti esan izan dugu ez dela posible hondartza surfa egitera datozen turistez betetzea, eta hiru metroko olatuak egonda ere, inoiz surf egin ez duen pertsona batek taula bat alokatu ahal izatea. Ez dago araututa.

Horregatik, ezin digute Antondegiko proiektua hiriarentzat onuragarria izango den zerbaiten moduan saldu. Onuragarria Wavegardenentzat izango da. Enpresa hain kaudimenduna bada, erosi dezala dagoeneko degradatuta dagoen lursail bat, eta eraiki dezala hor nahi duena, baina ez eman lursail publiko natural bat horretarako. Udalak azalpenak eman behar ditu zentzu horretan. Antondegi Berdea-Olatuak Itsasoan plataforma sortu izan ez balitz, proiektua aurrera eramango zuten, eta hemen inork ez zuen ezer jakingo. Orain, behintzat, hondartzan eztabaida sortu da.

J. Iraizoz: Hausnartzeko unea da, nire ustez. Surflariak nortzuk garen eta zer nahi dugun aztertu behar dugu, baita udalaren asmoak zeintzuk diren aztertu eta arduradunei azalpenak emateko aukera eman ere. Horregatik, uste dut surf komunitatearen eta udalaren asmoen diagnostiko sakon bat egiteko balioko duela honek guztiak.

Surfaren ikuspegi teknikotik, baliagarria da olatu artifizialen parke bat?

A. Bardaji: Ukaezina da teknikoki baliagarria dela, zeren denbora guztian olatu berdina jartzen badizute mugimendu jakin bat entrenatzeko, argi dago mugimendu hori hobetuko duzula. Ordea, ez da erreala, itsasoan ez baitaude bi olatu berdin. Teknikoki hobetzeko ona da, baina txarra da hor hasten denarentzat. Izan ere, hor hasten denak ez daki zer den korronte bat, zeinek duen lehentasuna olatu batean, ezta zer den uretan gaizki pasatzea ere. Surfaren printzipio guztiak ezerezean gelditzen dira.

"Surfaren printzipio guztiak ezerezean gelditzen dira"

J. Iraizoz: Masifikazioarekin lotuta doa hori. Dirua duen jende askok bere seme-alabak olatu artifizialen parkera bidaliko ditu ikastera, seguruago sentituko direlako. Azken finean, arazoren bat baldin baduzu, botoi bati eman, eta olatuak geldituko dizkizute. Oso azkar ikasiko dute surfean, baina itsasoa irakurtzen jakin gabe etorriko dira gero hondartzara, eta are gehiago masifikatuko da gunea.

J. Torrealdai: Balioak ere galtzen dira. Surfean hasten zarenean, pixkanaka joaten zara ikasten surfaren filosofia, baina olatu artifizialean nahi duzuna egiten duzu, ez dago hezkuntzarik.

J. Virgala: Elitistagoa ere bada, zeren ikusi beharko dugu zenbatek ahalko duten ordaindu olatu artifizialen parkean ikasi eta entrenatu ahal izateko. Surflari askok esan dute astean behin entrenatzera joango liratekeela. Eta nire galdera da, astean behin entrenatzera joateagatik prest zaude halako suntsiketa bat egiteko? Denok probatu nahiko genuke olatu artifiziala, baina merezi du? Eta denontzako lekua egongo litzateke?

Janire Virgala, Arkaitz Bardaji, June Torrealdai eta Jabi Iraizoz surflariek Zurriolan egiten dute surf. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)

Donostiako surfaren masifikazioak goia jo du?

A. Bardaji: Ez, gora egiten ari da. Pandemiarekin, kalean egiteko kirolek gora egin dute, eta inoiz baino jende gehiago dabil uretan. Eskolek eta gure seme-alabei irakasten diegunok horren erruaren parte izan dezakegu, baina olatu artifizialen instalazio bat egiten baduzu, masifikazioak bider hamar egingo du gora.

J. Virgala: Gainera, surfak bere hautespen naturala dauka: jende asko hasten da surfean, baina ez dute denek jarraitzen. Olatu artifizialekin, ordea, han hasten diren gehien-gehienek jarraituko dute, azkar eskuratuko baitute maila tekniko txukun bat.

Borrokatzen jarraituko duzue?

J. Iraizoz: Proiektuaren aurkako sinadurak biltzen ari gara, eta horrekin jarraituko dugu momentuz, gizartean eztabaida sortu nahi baitugu. Bestalde, aurrera begira, mobilizazioren bat egitea aurreikusten dugu.

J. Torrealdai: Mobilizatzea ezinbestekoa da, jendeak jakin dezan zer gertatzen ari den.

J. Virgala: Jendeak argi izan dezala proiektua gelditu daitekeela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Surf parke artifizialak
2023-04-03 | Jon Torner Zabala
Surf parke bat atzera bota dute Landetan, pozik dira ekologistak

Frantziako Estatuan eraikitzekoak ziren hainbat surf parkeren proiektuak bota dituzte jada atzera. Castets Landes-ekoa izan da azkena, La Rèleve agerkarian irakurri dugunez. Egitasmoak aurreikusten zuen ur eta energia xahuketa salatu duten gizarte mugimenduak pozik agertu... [+]


2022-06-13 | Jon Torner Zabala
Donostiako olatu artifizialen parkeak ingurunean eragingo lukeen kalteaz ohartarazi du hainbat adituk

Donostiako Antondegin surf parke arifiziala eraikitzeko proiektuaz txosten teknikoa egin du ingurumen aholkulari Javier Ferreresek, Antondegi Berdea taldeak eskatuta. Instalazioak eragingo lituzkeen kalteak aztertu ditu txostenean, zeina sinatu duten kontserbazioaren eta... [+]


Olatu artifizialen Surfcity proiektuaren aurka antolatzen hasi dira herritarrak Sabadellen

Surfa egiteko olatu artifizialen 140 metro luzeko igerileku bat, bigarren igerileku bat, jatetxe bat, bi taberna, skatepark bat eta aparkalekua. Horixe da Sabadell Surfcity izenburupean udalak eta enpresa pribatu batek aurkeztu duten proiektua. Hamalau milioi euroko inbertsioa... [+]


2021-06-21 | ARGIA
Frantzian bi surf parke egitasmo bertan behera geratu dira ekologisten borrokei esker

Loira Atlantikoan dagoen Saint-Père-en-Retz udalerrian olatu artifiziala ezartzeko egitasmoa atzera botatzea lortu dute. Itsasotik hamar kilometrora zortzi hektareako nekazaritza lurrak erabiltzeko asmoa zuten. Bestalde, Sevran udalerrian, Seine-Saint-Denis... [+]


2021-05-27 | ARGIA
Sinadura bilketa abian Donostiako surf parkearen aurka

Olatu artifizialak sortzeko azpiegitura Donostiako Antondegi mendian jartzearen aurkako sinadura bilketa abiatu dute sarean. Antondegi Berdea, olatuak itsasoan izeneko kanpaina abiatu dute orain zenbait aste hainbat eragilek.


Eguneraketa berriak daude