Surf park bat Donostian?

  • 2015ean, munduko surflaririk ezagunenetako bat den Kelly Slater-ek gizakiak sortutako lehen olatua aurkeztu zuenetik, olatu artifizialak eraikitzen hasi dira –ez polemikarik gabe– batean eta bestean. Donibane Lohizunen herritarrek halako proiektu bat atzera bota eta hilabete gutxira, Donostian bat egin nahi dutela jakinarazi du Eneko Goiaren udal gobernuak. Kokapena: Martutene langile auzoko Antondegi mendian, itsasotik 4 kilometro eskasera, hirian urbanizatu gabe geratzen den leku gutxi horietako batean.

Donostian egoitza duen Wavegarden enpresak Ingalaterrako Bristol hirian eraiki berri duen olatu artifizialen igerilekua.
Donostian egoitza duen Wavegarden enpresak Ingalaterrako Bristol hirian eraiki berri duen olatu artifizialen igerilekua.

Ingurumenarentzat kaltegarria dela? Kaltegarriagoa litzateke bertan 3.000 etxebizitza egitea”. Hala erantzun die Donostiako alkateorde Nekane Arzallusek (EAJ) EH Bilduko zinegotzi Markel Ormazabal eta Elkarrekin Podemoseko Marta Huarte eta Haizea Garayri urtarrilaren 18an. 2020 urtearen hondarretan, El Diario Vasco egunkariak publikatu zuenetik Udalak Martutene auzoan bederatzi hektareako surf parkea egin nahi duela, lehen aldia da aurrez aurre eztabaida maila politikora iritsi dena. Jende ugarik ez bazuen ere serio hartu, Donostiako Udaleko Pertsonentzako Zerbitzuen Batzordean argi ikusi da gobernu honek asmo irmoa duela proiektua burutzeko. Oposizioak aurkeztutako interpelazio eta galderei esker, proiektuari buruzko informazio gehiago jakin ahal izan da.

“Surfaren aktibitatea bera hobetzen lagunduko du. Surflariek bertan entrenatu ahal izango dute eta ziur gaude honi esker gazte asko hasiko dela kirol honetan”. Hala defendatu du Arzallus alkarteordeak, Goiaren faltan. Bere hitzetan, surfa kirol bezala bultzatzea erabakia dute Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Basque Team Fundazioak, eta Surf City Donostia klusterrean biltzen diren orotariko eragileek nahi dute hirian kirol hau sustatzea –zehazki esan gabe kluster horretan dauden eragileek babesten duten azpiegitura hori–. Turismoa erakartzeko pentsatutako proiektua dela aurpegiratu diotenean, adierazi du ez dela hala, donostiarrei zuzendutako proposamena dela batik bat. Hirian, kirol honen bueltan lan egiten duten enpresa ugari dagoela eta azken batean, surfa bultza nahi dutela: “Urteko edozein egunetan surfeatu ahal izango dute proiektu honi esker”.

Proiektuari buruzko zenbait tekniko ere jakinarazi dituzte batzordean, adibidez, noren jabetzakoa den lursaila. Ondorengo kopuruen baturak ez badu ere %100 ematen, hauek bertan esandakoak: eremuaren %1,08 Donostiako Udalarena litzateke, jabe pribatuena %67,40 eta Eusko Jaurlaritzarena %27,55 –Jaurlaritzari atxikitako Visesa sozietate publikoarena–. Enpresa pribatu batek kudeatuko luke parkea eta kontzetsioa bi urte barru egitea aurreikusten dute. Oposizioak jakin nahi du ea proiektua esku artean duten eta igerilekuaz gain, ea dendatxorik, jatetxerik edo halakorik egingo duten galdetu diote, edo ea  kalkulatu duten zenbat lanpostu sortuko lituzkeen. Lehen galdera oso gainetik pasa du eta lanpostuena ezin dela zehatz jakin adierazi du, proiektuak definitu arte. Atzean geratu da Ernesto Gascok iragarri zuen garaia Antondegin bertan olatu artifiziala eraikitzeak 500 lanposturen sorrera ekarriko zukeela. Hala ere, proiekturen bat egon badago duela urte batzuetatik, Vocento taldeko egunkariak argitaratu zuen albisteak fotomuntaia zehatza baitzekarren, eta atzean ikusten den Txomiñenea auzoan azken bi urteetan eginiko lanak egin gabe ageri ziren.

Kalte ekologikoa kritikaren ardatz

Proiektuaren aurkako argudio nagusiek ingurumena izan dute oinarrian orain arte. Albistea publikatu eta egun gutxira, proiektuaren aurka mintzatu den lehen eragilea Itsas Enara / SEO-Birdlife ornitologia elkartea izan da, salatuz surf parkeak desagertze arriskuan dauden hegazti ugariren habitata hondatuko lukeela. Antondegi mendian 117 hegazti espezie daudela gogoratu dute, eta horietako 29 Eusko Jaurlaritzak duen Mehatxatutako Espezieen Katalogoan daudela. Ondoren, Eguzki talde ekologistak gaitzetsi du proiektua, xake taulan posizioak hartzen doazen eragileak bailiran. Hauek hainbat arrazoi nagusi azpimarratu dituzte: olatu naturalak dituela hiriak, energia xahuketa, gastua, ingurumenaren txikizioa...

Gaur egun Antondegi gainak duen itxura. (Lander Arbelaitz)

Donostiako EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere ingurumena hartu dute kritikarako ardatz nagusi: mendia artifizializatu nahi dutela, errepideak egin beharko dituztela bertara heltzeko, ur eta energia xahutze handia izango dela eta klima larrialdia aldarrikatua duela hiriak. Azken puntu honekin lotuta, alkateordeak erantzun die ez dagoela ingurumenaz kezkatzeko arrazoirik, bai Donostiako Udalak, baita Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ere–Iñaki Arriola buru– beharrezko diren txostenak egin eta neurriak hartuko bailituzkete, kalterik ez eragiteko fauna eta florari. Gainera, udaleko saioan hiru aldiz errepikatu dute ondorengo argudioa: kaltegarriagoa litzateke bertan 3.000 etxebizitza egitea.

Egungo gobernuak proiektu hori defendatzen du 2010eko Lurralde antolaketarako Plan Orokorrean urbanizagarria dela jaso zutelako. Hala ere, lurralde antolaketa egin zenetik hamarkadatik gora igaro den honetan, zenbait gauza dezente aldatu dira, tartean, klima larrialdi betean dagoela mundua, eta norabide horretan, Udal gobernu honek 2020ko martxoaren 17an, larrialdi klimatikoaren adierazpena publiko egin zuen, bere buruari ekintza proposamen ugari eginez, tartean, “2010eko Plan Orokorrean urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoru batzuk egikaritzeari uko egitea” eta plan berria egitea “irizpide klimatikoekin”.

Mendiaren gainaldeko surf parkearen bederatzi hektareez gain, 27 Poligono industriala beste hamar hektarea handituko dute Antondegiren oinean

Mendiaren gainaldeko surf parkearen bederatzi hektareez gain, adierazi dute Antondegiren oinean dagoen 27 Poligono industriala beste hamar hektarea handituko dutela, eta hori bermatuta, Antondegi mendiko gainontzeko 74 hektareak ez-urbanizagarri gisa sailkatuko lituzketela eta uko egiten diotela bertan 3.000 etxebizitza egiteari. Mugimendu politiko hau nahikoa izango al du Goia alkateak klima larrialdia geroz eta serioago hartzen duten herritarren aurrean, hamar igerileku olinpiko adinako azpiegitura klimaren aldeko ekintza gisa saltzeko?

Uhin artifizialarekin bueltaka

Jende asko sorpresan harrapatu badu ere, badira zenbait urte baga artifiziala eraikitzeko asmoak publikoki aipatu izan dituztela hiriko agintariek.

2007ko proiektua, Zurriolan olatu erraldoi artifiziala, Diario Vascok argitaratu zuen fotomuntaia.

Historiarako geratu da Odon Elorza alkate zen garaian, 2007an, aurkeztu zuten olatu artifizialaren proiektua. Zurriolako hondartzan bertan, itsaso barrenean, 230 metro luzeko, 40 metro zabaleko eta Kursaal eraikinaren altuerako uhin mekaniko erraldoia egiteko asmoa adierazi zuten. Ander Usabiagak berreskuratu du sare sozialetan El Diario Vasco egunkarian Mitxel Ezquiagak orduan idatziriko artikulua, non asmakizuna aurkezten zuen “Gipuzkoa berritzailearen irudi” gisa. Hura ere ez zen turismoa erakartzeko proiektua izango, “energia berriztagarriak bultzatzea” zen asmoa, nahiz eta turismo zinegotziak aurkeztu ideia. Olatuaren proiektua inauguratzeko, zer eta energia berriztagarriei buruzko nazioarteko jardunaldiak antolatuko zituztela jakinarazi zuten, hirira etortzeko Al Gore edo Bono abeslaria gisako pertsonaia ezagunen izenak hasieratik aipatuz. Ez zen sekula egin eta proiektuak historiaren zabortegian amaitu zuen.

Hamarkada bat beranduago, 2017an, Ernesto Gasco Donostiako alkateordeak –gaur egun Espainiako Gobernuko haurren pobreziaren aurkako goi mandataria– adierazi zuen olatu artifiziala egiteko asmoa, oraingoan hiriaren periferian: Altzan edo Zubietan. 2018an surfari buruzko nazioarteko jardunaldi batzuetan berriz aipatu zuen ideia, baina oraingoan esan zuen Espainiako militarren kuartel berria Martuteneko Antondegin egiten ez bazen, bertan egitea proposatuko zutela. Uda sasoian “hondartzetako pilaketak saihesten lagunduko” zukeela esan zuen, baita 500 lanpostu sortuko zituzkeela ere, aurrez aipatu dugunez.

Zer diote surflariek?

Donostiako Udaleko batzordean azalpenak ematean, Nekane Arzallusek adierazi du hiriko surfaren eragile nagusiak biltzen dituen Donostia City Surf klusterrak hirian surfa bultzatzea nahi duela. Susma daiteke bertan biltzen diren eragile batzuek begi onez ikusten dutela proiektua, adibidez, hauek egiten dituen WaveGarden enpresak; ez da aztia izan behar jakiteko hainbat milioi euroko proiektua gauzatzeko boleto gehien dituen enpresa dela hau. Hala ere, klusterrean orotariko elkarteak daude, izan surf eskolak, Groseko Indarra gisako surflarien elkartea, arropa dendak, Euskal Herriko Surf Federazioa, hotelak, taulak konpontzeko dendak, Gipuzkoako Piraguismo Federazioa, Fortuna kirol elkartea, Mondragon Unibertsitatea eta arropa marka ugari. Galdera da ea guztiak dauden Martuteneko naturgune honetan halako azpiegitura bat eraikitzearen alde.

Ikusteko dago nola kokatuko diren oraindik posiziorik hartu ez duten eragileak, Martutene eta inguruetako auzo elkarteak edo Donostiako surflariak beraiek

Ikusteko dago nola kokatuko diren oraindik posiziorik hartu ez duten eragileak, Martutene eta inguruetako auzo elkarteak edo Donostiako surflariak beraiek, batzuk aipatzearren. Bitartean, nazioartean 50.000 bazkide dituen SurfRider’s fundazioak orain hilabete gutxi publikoki adierazi du Fake Wave –Olatu Faltsua– deitzen dien azpiegitura hauen aurka dagoela, surfari egiten dioten balizko ekarpena baino askoz handiagoa delako ingurumenean eragiten duten kaltea.

Azpiegitura berri honen aurkakoak Donibane Lohizuneko esperientziari begira daude, orain gutxi geratu baitizkiote hankak Udalari, QuickSilverri eta Wavegardeni. Zenbait hilabetetan ia 70.000 sinadura bildu zituzten aurka eta era guztietako surflariek adierazi zuten beren izenean ez zutela naturaren aurkako halako proiekturik onartuko. Borroka sozialek, ordea, tokian tokiko ezaugarriak dituzte eta ikusteko dago Gipuzkoan gai izango diren herri mugimenduak eta oposizio politikoa EAJ-PSE-ren udalaren norabide neoliberala geratzeko. Azken urteetako aurrekariak ikusita –hiriaren erdigunea hankaz gora jarri duen metroan milioika euro xahutzen ari direla, hirian AHTarentzat lurpeko geltokia, dozenaka hotel gehiago ireki, uhartean 4 milioi euroko eskultura ordaindu, aldirietan erraustegi bat abian jarri, Garbera merkatalgunea bikoiztu, ondare arkitektonikoa zaborraren pare zaindu, eta abar–, talka iragartzeak ez dirudi erokeria. Nola amaituko den? Hori ikusteke dago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Surf parke artifizialak
2023-04-03 | Jon Torner Zabala
Surf parke bat atzera bota dute Landetan, pozik dira ekologistak

Frantziako Estatuan eraikitzekoak ziren hainbat surf parkeren proiektuak bota dituzte jada atzera. Castets Landes-ekoa izan da azkena, La Rèleve agerkarian irakurri dugunez. Egitasmoak aurreikusten zuen ur eta energia xahuketa salatu duten gizarte mugimenduak pozik agertu... [+]


2022-06-13 | Jon Torner Zabala
Donostiako olatu artifizialen parkeak ingurunean eragingo lukeen kalteaz ohartarazi du hainbat adituk

Donostiako Antondegin surf parke arifiziala eraikitzeko proiektuaz txosten teknikoa egin du ingurumen aholkulari Javier Ferreresek, Antondegi Berdea taldeak eskatuta. Instalazioak eragingo lituzkeen kalteak aztertu ditu txostenean, zeina sinatu duten kontserbazioaren eta... [+]


Olatu artifizialen Surfcity proiektuaren aurka antolatzen hasi dira herritarrak Sabadellen

Surfa egiteko olatu artifizialen 140 metro luzeko igerileku bat, bigarren igerileku bat, jatetxe bat, bi taberna, skatepark bat eta aparkalekua. Horixe da Sabadell Surfcity izenburupean udalak eta enpresa pribatu batek aurkeztu duten proiektua. Hamalau milioi euroko inbertsioa... [+]


"Denok probatu nahiko genuke olatu artifiziala, baina merezi du?"

Bizitzaren parte oso garrantzitsu bat da surfa Janire Virgala (1990, Andoain), Arkaitz Bardaji (1979, Añorga), June Torrealdai (1984, Antigua) eta Jabi Iraizoz (1978, Iruñea, Nafarroa) surflarientzat, eta Antondegin egin nahi duten olatu artifizialen parkearen... [+]


2021-06-21 | ARGIA
Frantzian bi surf parke egitasmo bertan behera geratu dira ekologisten borrokei esker

Loira Atlantikoan dagoen Saint-Père-en-Retz udalerrian olatu artifiziala ezartzeko egitasmoa atzera botatzea lortu dute. Itsasotik hamar kilometrora zortzi hektareako nekazaritza lurrak erabiltzeko asmoa zuten. Bestalde, Sevran udalerrian, Seine-Saint-Denis... [+]


Eguneraketa berriak daude