"Ustelkeriak jarraituko du De Miguel kasuaren ondoren ere, kudeaketa politikoak ildo berari eutsiko dio"

  • De Miguel auziko sententzia ezagutarazi berri du Arabako Auzitegi Probintzialak. 26 auzipetuetatik hamabiri espetxe zigorrak ezarri dizkio epaitegiak hainbat deliturengatik: eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa eta dokumentuak faltsutzea, besteak beste. 54 espetxe urte orotara. 11 auzipetu errugabetu ditu epaitegiak, epaiketa bitartean auzipetu nagusiei ordainketak egin izana onartu zuten enpresariak tartean. Zigorrik handienak Arabako EAJko zuzendaritzako kide ohiei jarri dizkiete. Gasteizko ADI! Elkarteak ustelkeriaren aurkako kontzentrazioa deitu du Gasteizko EAJren egoitza aurrean, sententzia ezagutu den egun berean. Elkarteko kide Javi Aguillorekin mintzatu gara.


2019ko abenduaren 18an - 01:08
Adi! elkarteko kideek deituta, elkarretaratzea egin zuten asteartean EAJren egoitzaren aurrean De Miguel auziko sententziaren harira (argazkia: Hala Bedi).

Oso balorazio ezkorra egin duzue ADI! Elkartetik: “Gaur ez dugu irabazi, gaur galtzen jarraitzen dugu”. Zergatik?

Uste dugulako ez dela arazoaren muinera jo. De Miguel auzia kasu isolatu bezala aurkeztu digute. Nahiz eta 26 pertsona egon auzipetuta, horietariko asko Arabako erakundeetan botere karguak zituzten. Ez da kasu isolatua, harago joan behar dugu. Ez da usteldutako sagar bat, EAJk saskia betea du Euskal Herri osoan: Marguello, Osakidetza, Epsilon, Hiriko, Purines... Publikoa ulertzeko modu bati erantzuten dio. EAJk instituzio guztietan agintzen du, eta guztion diruarekin nahieran egiteko eta desegiteko boterea duela uste du. Sententziak ez dio horri heldu. Ez da ustelkeria akabatzeko neurriez hitz egiten, instituzioek eta erakundeek hartu beharko lituzketen konpromisoez eta kontrol neurriez. Berdin jarraitzen dugu. Ustelkeriak jarraituko du, kudeaketa politikoak ildo berari eutsiko dio. Horregatik diogu galtzen jarraitzen dugula.

Sententziak mila orritik gora du, ordu batzuk soilik pasa dira ezagutarazi denetik. Aztertu eta balorazio juridiko bat egiteko astirik izan duzue?

Komunikabideetan argitaratu diren gauzak irakurri ditugu, baina sakontasunez aztertu eta eztabaidatzeko denbora beharko dugu. Edonola dela, arlo kuantitatiboa ez da garrantzizkoena. Ez dugu baloratuko zigorrak nahikoak diren edo handiagoak beharko luketen. Gakoa kualitatiboa da. Hau guztia gertatu da ez dagoelako kontrolik, badira zigorgabetasun osoz jarduten duten sare klientelarrak. Instituzioak kudeatzen dituzten alderdi politikoek, eta zehazki EAJk, zeresan asko dute. Ez dugu uste kasualitatea denik kasuari eman zaion trataera mediatikoa, edo auzipetuek euren defentsarako estatu mailako abokatu-bulego onenak izatea.

Esan duzue ez dela aprobetxatu kasua ustelkeria ahalbidetzen duten faktore ekonomiko eta politikoak eraldatzeko.

Itxurakeriazko jarrerek ez dute ezertarako balio, alderdien kode etikoak edo EAJren Gardentasun Ataria kasu. Diru publikoaren kudeaketa jendartearen mesedetan egin behar da. Gardentasun erabatekoa ezinbestekoa da. Itxuraz gardentasunerako bitartekoak onartzen dira, baina informazioa eskatzen dugunean sistematikoki ukatzen digute. Kontu Epaitegiak hainbat aldiz egin dizkio ohartarazpenak EAJri enpresen donazioak publiko ez egiteagatik, esaterako. Bitarteko horiek ez dute baliorik, ez direlako praktikan jartzen. Ez zaio EAJri interesatzen, baina ezta gainontzeko alderdiei ere. Kritikak oso leunak dira, eta ez dago ekarpenik. Bitarteko batzuk egon badaude, baina ez dira garatzen. Beste batzuk sortu zitezkeen, baina ez dago horretarako interesik.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta EAJko presidente Andoni Ortuzar izan dira sententziaren balorazioa egiten lehenetarikoak. Biek barkamena eskatu dute, baina euren alderdiaren edozein erantzukizun ukatu dute aldi berean.

Ohiko taktika da, ez soilik EAJrena, PPk gauza bera egin zuen bere ustelkeria kasuak aireratu zirenean: alderdia errugabetu eta kasu isolatuak direla esan. Errepikatzen dut, kasuen zerrenda luzea dago, modus operandiak errepikatzen dira eta beti daude tartean instituzio publikoetan botere karguetan dauden pertsonak. Ez da kasualitatea, boterea ulertzeko eta praktikatzeko modu jakin baten ondorioa baizik, etekin pribatuak eta alderdiarenak jendartearen gainetik jartzen dituena.

Erreakzio eta adierazpen publiko ugari izan dira sententzia ezagutu denetik. Zer edo zer nabarmenduko zenuke?

Alderdi politikoak oro har azalean geratzen dira. EAJ interpelatzen dute, nork bere modura, baina ez doaz zergatietara. Bestetik, gaur egin dugun kontzentrazioan behintzat ikusi dugu herritar gehiago inplikatu dela ustelkeriarekin harremana duten alderdien salaketan eta guztion eskubideen defentsan.

Hamar urte joan dira prozesu hau abiatu zenetik. EAJk hainbat aldiz adierazi du ikerketarekin kolaboratu duela uneoro.

Fiskaltzak ez du bitarteko nahikorik izan kasua ikertzeko. Ertzaintza sakrosantuaren sinesgarritasuna ere auzitan jarri dute frogak manipulatu dituela zabalduz. Ainhoa Alberdi lekuko nagusia presionatu eta hertsatu dute. Boterea kudeatzeko orduan duten zigorgabetasunaren isla da.

Ainhoa Alberdiren salaketak abiatu zuen De Miguel auzia. Haren aurka egin dela aipatu duzu.

Ustelkeria salatzen duten pertsonen babesgabetasuna erabatekoa da. De Miguel kasua eta Ainhoa Alberdi izan dira orain. Osakidetzako iruzurra salatu zuten pertsonek mehatxu eta presio pertsonal eta profesionalak sufritu dituzte. Arabako Aldundian bada beste kasu bat, ezkutuko ehiza salatu duen basozain batena: aldundia bera ari da haren aurka egiten. Horiek denak errepresiorako bitarteko politikoak dira. Ez dugu ulertzen: alde batetik, esaten digute demokrazia eta parte-hartzea direla gure jendartearen sortze-mugarriak; bestetik, guztiz kontrakoa egiten dute.

Guk Ainoha Alberdiren aldeko kontzentrazio bat egin genuen. Ez dakigu orain zein den bere egoera pertsonala, baina bere bizipenen laburpentzat hartu dezakegu epaiketan adierazi zuena: salaketatik aurrera bizitakoak bizi eta gero, gaur egun asko pentsatuko lukeela gauza bera egin aurretik.

Auzipetuek Espainiako Epaitegi Gorenean helegitea aurkezteko aukera dute. Egiten badute, uste duzue sententzia aldatu litekeela?

Esan bezala, alor kuantitatiboa ez da gehien axola diguna. Baina alderdiak zigortuak babesteko aktibatu ditzakeen errekurtsoek zigorrak nabarmen jaistea eragin dezakete.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: De Miguel auzia
2023-07-06 | Ilargi Manzanares
De Miguel eta Otxandiano burukide ohiak Arabako espetxean sartu dira

Otxandiano asteazkenean sartu da, eta De Miguel ostegun goizean. 72 orduko epea eman zien Arabako Probintzia Auzitegiko 2. sekzioak beraien kabuz espetxean sartzeko. Hego Euskal Herrian epaitutako ustelkeria politiko sare handienean parte hartzeagatik zigortu zituzten.


2023-05-30 | ARGIA
De Miguelen espetxeratzea berretsi du epaileak, ez baititu haren alegazioak onartu

Ustelkeria auziagatik kondenatuta dagoen Alfredo de Miguelek kartzela saihesteko alegazioak aurkeztu ditu, baina Arabako Probintzia Auzitegiak ez dizkio onartu, tramaren burua bera zela eta espetxean ez sartzeko aparteko arrazoirik ez dagoela argudiatuta, besteak beste. Erregu... [+]


'De Miguel' auziko bost kondenatu ez dira kartzelan sartuko

Arabako Lurralde Auzitegiak zigorra eten die bost lagunei, bi urte baino gutxiagoko kondenak dituztelako eta ez dutelako aurrekaririk. Ainhoa Bilbao eta Iratxe Gaztelu-Urrutiaren kasuan fiskaltzaren iritziaren kontra hartu du erabakia auzitegiak.


Del Miguel Auziko kondenatuei kartzela zigorra ezarri die Arabako Auzitegiak

Alfredo de Miguel, Koldo Otxandiano, Iñaki Telleria eta Xabier Sanchez EAJko buruzagi ohiei kartzela zigorra ezarri die Arabako Probintziako Auzitegiak. Era berean, 146.230,80 euro itzuli beharko dizkie Autonomia Erkidegoei.


2023-03-16 | ARGIA
Hamar eguneko epea dute "De Miguel" auziko zigortuek espetxean sartzeko

Arabako Probintzia Auzitegiak Espainiako Auzitegi Gorenaren epai ofiziala jaso du. De Miguel eta Koldo Otxandiano burukide ohiak lanpostu publikoetan lanean jarraitu dute orain arte, eta Arantxa Tapiak adierazi du kaleratu egingo dituela.


Eguneraketa berriak daude