Dardararen teoria baterako

  • Azaroaren 1ean Irunen jokatutako finalaurrekoaren kronika. Hau da sailkapen taulak esan zuena: Maialen Lujanbio (750 puntu), Aitor Sarriegi (705), Unai Agirre (667,5), Alaia Martin (651), Maddalen Arzallus (634,5) eta Aimar Karrika (605).


2017ko azaroaren 03an - 06:57

Abandonatu egin nau Inesek. Ez aurre abisurik, ez ganorazko azalpenik. Soilik notatxo bat, letra traketsez, ate azpitik: “Ahaztu nitaz, ahal baduk”. Eta Gabriel Arestiren aipu bat, adenda gisara:

Bertsoaren funtzioa ez da barre edo negar eragitea, dar-dar eragitea baizik.

Ez nuen uste, min eman dit. Kondizio humanoa da: ustez jasaten ez duzunak ere sortzen dizun menpekotasuna, elkarrekin une batzuk bizi izate hutsagatik. Ines gabe, birjinago joan naiz Irungo saiora, marko teoriko sendorik gabe. Orduan otu zait: “ze kristo, Arestiri egingo zioat kasu. Behingoz, irrazionalki biziko diat saioa”. Eta erabaki dut soilik bi galdera erantzuten saiatuko naizela:

  1. Noiz egin dut dar-dar, eta zergatik?
  2. Noiz ez dut dar-dar egin, eta zergatik?

Eskuei erreparatzen hasi naiz zortziko handia aurreratu ahala, baina, lanaldi txukunak izan diren arren, ez zuten mugimendu arrarorik. Alboko adiskideei galdetu diet, “mugitzen al dira?”, baina haizea hartzera bidali naute. Arestiren teoria merkea baztertzera nindoala iritsi dira zortziko txikiko ariketak, eta hara, eskuetan ez baina urdailetik gora euforiatxoa etorri zait Aimar Karrikaren eta Unai Agirreren lehenbiziko lanaldian, eta pentsatu dut, “honek izan behar dik Arestiren dardara”. Teoria baieztatu zait ariketa horretan bertan Maialen Lujanbiok eta Aitor Sarriegik egindako lanaldiarekin. Biak bizilagunak, Sarriegi beti Lujanbiorenera joaten da eskean: oraingoan, han doa inpresorako tinta amaitu zaiola eta ea dokumentu batzuk inprimatuko dizkion galdezka. Oso indartsu eta maliziatsu aritu dira, final laurdenetan zortziko txikian egin diren ariketetatik koska bat gorago. Dardara –edo urdailetik gorako asunto hori– sumatu dut berriro, Lujanbioren aurrenekoan batez ere (ez zaizu asko gustatzen / zuri Mercadona / hementxe daukazu ta / merkea ta ona). Orduan –norbere dogmak beti zurrun– martxan hasi zait makinaria teoriagilea: “banekian nik, ateraldi espontaneoa duk benetan dardara eragiten duena”. Eta hortik tiraka, hastera nindoan betikoak esaten, nola hain altu puntuatzen den bertsokera ustez poetiko baten aldean estilo biziago, erremate indartsuko, kolpe sendoko bat aldarrikatu beharra dagoen, eta abar, baina garaiz sartu dut atzera martxa. “Fuera eskemak. Gaur irrazionalki, esan diagu”. Eta dardararen zain gelditu naiz berriz ere.

Puntu erantzunetan eta seiko motzean behintzat ez da iritsi. “Zergatik?”, galdetuz segi dut Arestiren bidean. Puntu erantzunetan, garbi dago zergatik. Inori ez zaio interesatzen bertsolariek zer pentsatzen duten kotxearen gehiegizko erabileraz, loteria erosteaz, segurtasun kamerez, medikamentuen gaindosiaz… Klaudio Landaren magazineko gaiak puntutzat jartzen diren bitartean, ez da atarramenturik, orokorkeria eta hustasuna besterik. Soluzioa? Behintzat galdera zuzenagoak egitea, bizi erantzuteko modukoak –horixe baita puntu erantzunaren ezaugarri nagusia–. Seiko motzean, ostera, iruditu zait gaiak trakets samarrak zirela –Arzallusena eta Lujanbiorena, batik bat–, eta gizarteari buruzko onkeriazko gogoetak egitera bultzatzen zituztela bertsolariak, oro har.

Dardarari buruzko teoria osatuta neukalarik iritsi da kartzela. Gaia: dena ondo zihoan argia piztu duten arte. Transexual baten ahotik kantari osatu du Lujanbiok (idatzi hemen nahi duzun denbora unitatea) =>__________-ko bertsoaldia, kronika hau argitaratzerako zeru lurretan zabaldu dena –beste gauza asko ez bezala, merezimenduz–. Esperientziak diost bertsoekin euforia bereziki neurtzea komeni dela, unean iruditutakoaren hamarrena ere ez direlako izaten biharamunean. Lujanbiorenek aise gainditzen dute denboraren higadura makurra, baina Irungo Artaleku kiroldegian, 19.30ak gertu zirela, orduan eginarazi dute dar-dar. Sarriegik, kartzelan hurrenak, ez zekien ondo nora atera behar zuen, eta halere, ohi duen estilo lurtarrez, hitzik soberan ez duten esaldi indartsuz, hiru bertso puska josi ditu, irribarre eginaraziz, gainera –kartzelak derrigor hunkigarrista behar duela gezurtatuz–. Beste era batera, dar-dar, hark ere. Eta izorratu zaizkit eskema guztiak, ze, asko jota, dardara zerk ez didan sortzen geratu zait argi. Hortik aurrerakorik, apenas.

Horregatik, saio osteko sukar gozoan, otu zait epai irizpideak ezabatuko nituzkeela, eta puntuak banatzen dituztenei esango niekela: ahaztu potoak, esaldi joskurak, doinu aukeraketak, errimak eta oinak. Egin kasu Gabriel zaharrari. Epaitu dardara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari txapelketa 2017
Beltza nagusi

Begirazun zorrotzez ebaki zuen hitz bakoitza Maialen Lujanbiok, eta larrurik beltzenei jarri zien ahotsa euskal plaza entzutetsuenean: amabakarra, prostituta, yonkia izatea hautatu zuen eta subjektu hauen bizitzetara eraman gintuen, erru, erruki zein epai moraletatik urrun... [+]


2017-12-24 | Kattalin Miner
Bazterren aroa, behingoz

Oraindik BECekoa liseritu baino, irentsi beharrean nago. Zer nolako finala eman digun zortzikoteak! Hasi eta buka. Bejondeizuela eta eskerrik asko, egun paregabea biziarazi diguzue!

Beraz bai, pozik nago, oso pozik txapelketak utzitako gazi-gozoak kendu ditudalako... [+]


2017-12-18 | Dani Blanco
Finaleko argazki galeria

Abenduaren 17an Barakaldoko BECen jokatu zen finala, Dani Blancoren iruditan.


Eguneraketa berriak daude