Oholtzako zirrikituak

  • Susmatzen genuen, baina aurtengo Txapelketa Nagusiak baieztatu digu: bertsoak eztabaidarako ematen du. Irailean banatu genuen pastela, Kattalin Minerrentzat kroniken erdiak, Kepa Matxainentzako beste erdiak. Geroztik bakoitza bere kasa ibili da, eta, orain, finalaren atarian, berriro elkartu gara txapelketaren aitzakian han-hemen atera diren eztabaidagaiez patxadaz solasteko. Segidan daukazue ia ordu beteko hitz-aspertutik berreskuratu duguna.

Iruñeko finalaurrekoaren irudia, abenduaren 2an. Bertan jokatu zen azken finalaurrekoa eta han ezagutu zen BECen abenduaren 17an finala jokatuko duen zortzikotea: Amets Arzallus (laugarren finala izango du), Maialen Lujanbio (seigarren finala), Aitor Mend
Iruñeko finalaurrekoaren irudia, abenduaren 2an. Bertan jokatu zen azken finalaurrekoa eta han ezagutu zen BECen abenduaren 17an finala jokatuko duen zortzikotea: Amets Arzallus (laugarren finala izango du), Maialen Lujanbio (seigarren finala), Aitor Mendiluze (bosgarrena), Igor Elortza (laugarrena), Sustrai Colina (bosgarrena), Aitor Sarriegi (hirugarrena), Beñat Gaztelumendi (bigarrena) eta Unai Agirre (lehen finala). Argazkia: Alberto Elosegi / XDZ

Ze inpresio orokor aurtengo Txapelketaz?

Kepa Matxain: "Gidoiaren puska handi bat aurrez idatzia dago. Horregatik sortzen dira sarri unerik ederrenak bertsolariek kortse horretatik ateratzea lortzen dutenean"

Kepa Matxain: Iruditzen zait aurrez ezarritako kortse handi bat dagoela. Gaietatik hasita, oso markatua dago ariketa bakoitzean nola kantatu behar den: zortziko handian seriotik, txikian arinkeria, puntu erantzunetan ahal duena salba dadila, hamarreko txikian edo seiko motzean ahalik eta arrazoirik potoloenak, eta kartzelan epika barra-barra. Gidoiaren puska handi bat, saio bakoitzaz espero daitekeena, aurrez idatzia dago. Horregatik sortzen dira sarri unerik ederrenak bertsolariek gaiari kontrapuntua bilatzen diotenean, edo kortse horretatik ateratzea lortzen dutenean. Adibidez, Sarriegik Irungo eta Iruñeko kartzelakoetan asmatu zuen. Hiru bertso bikain josi zituen, umoretik, erakutsiz umoreak ere balio duela kartzelakorako, ez duela zertan egon zortziko txikirako erreserbatua.

Kattalin Miner: "Sarri entzulea umore egarriz dago, baina ulertu da ezin dela eskatu txapelketa batean umoretik gehiegi, eta gero, kolpe txikienarekin ere, saioa lehertzen da"

Kattalin Miner: Iruditzen zait, batzuetan oso exijenteak garela eta beste batzuetan gauza gutxi eskatzen dizkiogula txapelketari. Izan ere, umorearekin adibidez, uste dut sarri entzulea umore egarriz dagoela, baina ulertu da ezin dela eskatu txapelketa batean umoretik gehiegi, beste leku batzuk daudela horretarako, eta gero, kolpe txikienarekin ere, saioa lehertzen da. Hori irakurtzen jakin behar genuke.

Zer ariketak behar du berrikuspenen bat?

K. Miner: Puntukakoa, plazan suelto ibili zaitezkeen ariketa bat da. Txapelketan ez dakit zentzu bera daukan, zeren lortu behar da errima ondo sartzen, erantzun pertinentea ematen, eta hala, inoiz gutxi ateratzen dira saio gogoangarriak. Hori bai, onak direnean, oso onak dira.

K. Matxain: Puntu erantzunena iruditzen zait nabarmenagoa. Begi bistakoa da puntu erantzunen egungo formatuak ez duela funtzionatzen. Balio du plazarako, han bertsolariari jartzen zaizkiolako bere bizitzarekin zerikusi zuzena duten puntuak. Publikoak ezagutzen du bertsolaria, badaki ze mundutatik datorren, kodea ulertzen du, eta ariketak funtzionatzen du. Txapelketan, ordea, ulertzen da afera pertsonalak puntutzat jartzea ez dela justua, desorekak sor daitezkeelako, eta soluzio gisara proposatzen dira gai orokorrei buruzko puntuak, “aberatsak aberats / ta pobreak pobre” tankerako esaldi eginak. Halako puntu bati bizi erantzuteko modu ia bakarra da puntua bera erridikulizatzea. Ez dakit zein den konponbidea. Agian jarri behar dira plazako estiloko puntuak, pertsonalagoak, nahiz eta injustua izan. Edo agian pentsatu behar da ea ariketa horrek baduen txapelketan tokirik, ez dakit. Baina hitz egin behar da auziaz.

Kepa Matxain: "Sarriegik Irungo eta Iruñeko kartzelakoetan asmatu zuen. Hiru bertso bikain josi zituen, umoretik, erakutsiz umoreak ere balio duela kartzelakorako, ez duela zertan egon zortziko txikirako erreserbatua".

Posizio beretik ala desberdinetik abiatutako ofizioak?

K. Miner: Epaileen lana esker txarrekoa dela diogu, eta gai jartzaileentzat ere ez da erraza hainbeste gai pentsatzea, baina komentarioak egoten dira: zortziko handiko gaietan, adibidez, bigarren bueltan hasi dira bi posizio desberdinetan jartzen bertsolariak, eta eskerrak! Zeren aurrekoetan… estimatzen zen bakarra izaten zen hortik zerbait atera ahal izateko bertsolariaren gaitasuna. Aldiz, kartzelako gaiekin gozatzen ari naiz. Amurrion jarri zuten usainarena, adibidez. Pentsatu nuen: nola ez da lehenago gai hau atera? Ze usaina irudi baten bidez eta ahozkotasunaren bidez deskribatzeak joko asko ematen du. Horregatik atera ziren hain bertso onak.

Nola dago diskurtsoaren eta teknikaren arteko tentsioa?

Kattalin Miner: "Txapelketa  gure kultur idiosinkrasiaren adierazpide bada, eta bertsolariei egozten badiegu gure ordezkaritza moduko bat, eskatu behar zaie diskurtsiboki ere ekarpena egitea"

K. Miner: Hemen galdera nagusia zera da: diskurtsoa puntuatzen al da? Oraindik orain, formari puntuazio ona ematen zaio, eta noski, txapelketan gaude, baina badago talka bat, zer esate horretan. Gainera, hartzen badugu txapelketa gure kultur idiosinkrasiaren adierazpide bezala, eta egozten badiegu gure ordezkaritza moduko bat bertsolariei, eskatu behar zaie diskurtsiboki ere ekarpen bat egitea. Horrek zenbateraino balio duen BECen sartzeko? Txapela janzteko dena bete behar ote duen bertsolariak? Beste debate bat da.

K. Matxain: Ezinbestekoa da diskurtsoaren txip hori piztuta edukitzea, konturatzea mikrotik botatzen den mezuak zer indartzen duen, zer jartzen duen zalantzan. Gainera, azkenaldian ahots asko sumatzen ditut bertsolaritzari hortik begira. Baina “fondo-forma” eztabaidak gauza batzuk azaltzeko balio duen arren, zurrunegia iruditzen zait puntu batetik aurrera, zerbait desberdin esaten duena de facto zerbait desberdina esaten ari delako. Adibidez, Mauleko saioa ez zitzaidan gustatu. Diskurtsiboki aztertuta, ez nuen inolako mezu desegokirik edo hanka sartzerik detektatu. Zergatik ez zitzaidan gustatu? Hain justu diskurtso hutsa ez den beste zera horren falta sumatu nuelako. Beste adibide bat: zergatik dira onak Lujanbiok Irungo kartzelakoan bota zituen bertsoak? Transgeneroen gaia mahaigaineratu zuelako? Edo esan zituenak esan zituen bezala esan zituelako? Niretzat fokua hor jartzea da interesgarria, ze bestela ematen du panfleto bat epaitzen ari garela, eta bertsoak, ona izango bada, ezin du panfletoan gelditu.

K. Miner: Hor gainera falazia handi bat dago, eta da pentsatzea gizartean “modan” dagoen gai bati kantatze hutsagatik txaloak irabazten direna. Hori ez da horrela. Arrazakeriaren gaia atera dezakezu, eta ez inorengana iritsi, ez duzulako sinesgarri egin, ez duzulako enpatiarik sorrarazi, ez duzulako entzulea bere eserlekutik mugitu, eta horregatik ez ditu puntu gehiago irabaziko. Arriskatze bat egon behar du, ez panfleto hutsa bota. Hartzailea bestela posizionatuko ez den leku batera eraman behar duzu. Lujanbiok transgeneroen gaiarekin beste gauza bat egin zuen: pertsonaien bidez entzulea bera harritu zuen. “Uste nuena ez bada, zer da aurrean dudan hori?”. Saioko irudietan ikusten da hiru bertsoetan zehar nola entzuleari burua lehertzen ari zaion. Ez du hitz egin soilik transgenero horren bizipenetatik lehen pertsonan, bere trauma guztiez, baizik eta jarri dio aukera bat entzuleari jolasteko. Eta horrela, diskurtsiboki eratu du gauza oso kañero bat. Horrek puntuak merezi ditu? Bai, baina horrela egiteagatik, ez gai hori ateratzeagatik bakarrik.

K. Matxain: Oso erraz irudika dezaket transgeneroei buruzko bertso progre bezain kaskar bat. Lujanbioren meritua izan zen ertza topatu ziola gaiari, baina hurrengoan agian topatuko dio harrerako umeez kantatzen, edo Vatikanoko kardinalez, edo Autogobernu Ponentziaz.

Kattalin Miner: "Sinesgarritasunarekin erabat lotuta dago arriskatzea. Nerea Ibarzabalek bezala, haur baten azalean sartu eta argumentazioa jaistea minimora, esanez “Pika-pika gehiegi jan dituzu-eta”; hori arriskatzea da".

Epai irizpideren bat aldatu behar al litzateke?

K. Matxain: Iruditzen zait egokitasuna altu puntuatzen dela. Irristadarik gabeko bertso egoki josi, baina, era berean, distira gutxikoak puntuak lortzen ditu. Aldiz, norbait saia daiteke bertso batean ebidentetik haragoko zerbait esaten, erabat borobildu gabe. Gehiago puntuatzen da lehenbizikoa bigarrena baino. Uste dut arriskua hartzen duenari zor zaiola eskuzabaltasun pixka bat. Ez erortzea saritu beharrean, asmatzen saiatzea saritu behar litzateke, ze, bestela, mediokritateak irabazten du.

Pertsonaia sinesgarriak eraikitzen al dira?

K. Miner: Sinesgarritasunarekin erabat lotuta dago arriskatzea. Nerea Ibarzabalek bezala, haur baten azalean sartu eta argumentazioa jaistea minimora, esanez “Pika-pika gehiegi jan dituzu-eta”; hori arriskatzea da. Errazagoa da ume baten paperean jarri eta geuk esango genukeena esatea. Kontrapuntuan jarriko nituzke Beñat Gaztelumendiren Amurrioko bertsoak, dudarik gabe oso onak izan zirenak, baina 7 urteko ume baten pentsamenduak ez ziren horiek. Bertsoak izugarriak ziren, egoera oso ondo deskribatua zegoen, baina ez ote zen pixka bat izan geuk esan nahi dugun hori beste baten ahotan jartzea. Zilegi da, eta ahal dena egiten da, baina sinesgarritasun kontu bat da. Eta Labururen kamiseta ditxosozkoarekin beste horrenbeste, zenbateraino eraiki zuen hori esateko pertsonaia sinesgarria edo ez…

Kepa Matxain: "Entzulearen erreakzioak bertsolaria interpelatzen du, eta, orduan, entzulea bihurtzen da igorle, bere txalo, txistu, barre eta abarrak dira mezua, eta bertsolaria da hartzailea. Bi norabideko komunikazioa da, gainera bat-batean ematen dena. Baldintza horietan, fikzio purua egitea oso zaila da"

K. Matxain: Askorako eman zuen debate horrek. Niri zalantza piztu zidan, zenbateraino den posible fikzioa bertsotan. Batzuek azpimarratu zuten pintorearena rol bat zela, eta, hortaz, fikziotik ari zela Laburu. Argumentu horrek ez nau konbentzitzen. Entzuleen gehiengo handi batek ulertu bazuen une horretan Laburu ari zela kantari –eta ez pintorea–, nahiko froga iruditzen zait esateko bertsotan fikzioaren argumentuak ez duela hainbeste balio. Ze, bertsotan, entzulea ezinbesteko pieza da. Bertsoari ezin zaio aitortu pelikula, nobela edo munduko denbora guztiarekin ondu daitekeen zerbaiti adinako autonomia. Komunikazioaren oinarrizko eskemak dio: “igorlea – mezua – hartzailea”. Bertsolaria da igorlea, bertsoa da mezua eta entzulea da hartzailea. Baina, era berean, entzulearen erreakzioak bertsolaria interpelatzen du, eta, orduan, entzulea bihurtzen da igorle, bere txalo, txistu, barre eta abarrak dira mezua, eta bertsolaria da hartzailea. Bi norabideko komunikazioa da, gainera bat-batean ematen dena. Baldintza horietan, fikzio purua egitea oso zaila da.

K. Miner: Askotan ematen du hori kritikatzea dela umorearen kontra egitea. Eta ez, niri umorea izugarri gustatzen zait, baina uste dut, hain justu, umore

Kattalin Miner: "Umore ona egiteko, etikoa, politikoa, izan behar du berdinen artean adostua, edo behetik gorakoa. Alderantziz eginez, jada badauden botere harremanak ari gara indartzen"

ona egiteko, edo etikoa, edo politikoa, behar duela izan edo berdinen artean adostua, edo behetik gorakoa. Alegia, homosexual batek barre egin diezaioke hetero bati edo homofobo bati, baina alderantziz eginez, jada badauden botere harremanak ari gara indartzen. Umorea egin behar da kontzientzia eta ardura politiko batekin.

Zenbateko garrantzia eman behar zaie puntuei?

K. Matxain: Bada han-hemen entzuten den iritzi bat, dioena “tira, bai, hau txapelketa da, baina lehiarena bigarren mailako kontua da. Begira diezaiogun honek uzten duen kultur sorkuntzari”. Txapelketari txapelketa izaera kendu nahi horrek kirrinka egiten dit, arrazoi askogatik. Zer esanik ez postu onetan ibili ohi den norbaitek badio. Dena dela, puntuez hitz egitea ezin da ulertu kirol

Kepa Matxain: "Garai bateko kanonaren erakusgarri dira puntuak. Nola ez da interesgarria izango horretaz hitz egitea? Hori saihestu nahia iruditzen zait beharrezko eztabaida bat saihestu nahia"

logika hutsean. Puntuek ematen dute mila irakurketa egiteko bidea. Zer puntuatzen da altu? Zer baxu? Zergatik? Garai bateko kanonaren erakusgarri dira puntuak. Hor daude zazpi epaile, bertsolaritzaz luze gogoetatu duten zazpi buru, bertso bati zenbaki bat jartzen. Nola ez da interesgarria izango horretaz hitz egitea? Hori saihestu nahia iruditzen zait beharrezko eztabaida bat saihestu nahia.

K. Miner: Erabateko karga ideologikoa daukan balorazio bat da, gainera. Denok onartzen dugu objektibo izatea ezinezkoa dela… ba hitz egin dezagun subjektibitate horretaz! Eta ikus dezagun zer ari den baloratzen. Eta, berme bat izateko, jar ditzagun subjektibitate desberdinetako epaileak bertan. Jar dezagun, hasteko, emakume eta gizon, erdi eta erdi. Edo adin desberdinetako jendea… horrela izango dute oreka subjektibitateek, eta

Kattalin Miner: "Denok onartzen dugu epaitzerakoan objektibo izatea ezinezkoa dela… ba hitz egin dezagun subjektibitate horretaz! Eta, berme bat izateko, jar ditzagun subjektibitate desberdinetako epaileak"

egongo da berme bat bertsokera ezberdinak puntuetan jasota gelditzeko. Ze orain subjektibitatea onartzen dugu, baina subjektibitate batek irabazten die beste guztiei. Oso arriskutsua da hori, beti geratuko baita norbait ez duena kanon hori betetzen.

Nolakoa izan da kronikari izatea?

K. Miner: Niretzat ariketa berria zen eta gustura hasi nintzen, baina onartzen dut azkenekoetan neure burua harrapatuta, kateatuta ikusi dudala, zaila egin zaidalako hainbat gauza kritikatu, esan edo azpimarratzea. Uste nuen kritikatzeko zailtasunak izatea euskal literaturan bakarrik gertatzen zela, baina ohartu naiz bertsotan are zailagoa dela, eta horrek kronika txarragoak eginarazi dizkidala. Mundu txikia da, estima handia diozu jendeari, eta askotan gauza bat esan nahi eta ezinean gelditzen zara. Ez zait gustatzen egurra egurra emateagatik, baina banaiz eztabaidak mahai gainera ateratzearen aldekoa, eta ikusi dut neure burua lotuta kritika egiterakoan, konturatzen nintzelako esaten nuen edozer irakurriko zela luparekin. Ez ote naizen ni neu ere, bertsolariak txapelketan nola, enkortsetatuta ibili.

K. Matxain: Ni saiatzen naiz irakurri nahi nukeena egiten. Irakurle gisara, kronika bat irakurtzeko bost minutu hartu behar baditut, gustatzen zait kazetariak bere arrastoa uzten duenean. Noski, bustitzen bazara, beti dago arriskua jendeari ez gustatzeko, edo norbait mintzeko. Hori jakinik ere, iruditzen zait geure buruarekin zintzoak izan behar dugula, eta saiatu behar dugula pentsatzen duguna esaten.

K. Miner: Kritika eta komentarioak leku denetan daude. Txapelketa nagusia, polemika da bere horretan, baina espazio publikora salto egiten duenean, itsusi bihurtzen da. Nola sortuko dugu diskurtso kritiko bat, edozer esanda beldurrez bagaude pertsonalki hartuko den edo ez? Batzuetan pasa gaitezke eta min egin, egia da, pertsonak gaude denaren atzean, baina neurri honetako kultur ekitaldi bati buruz izango ahal da eztabaidatzerik?

K. Matxain: Egia da kritika positiboak ikaragarri zabaltzen direla, eta hain positiboak ez direnek isiltasuna ekartzen dutela. Ematen du normalena litzatekela denok elkarri losintxaka aritzea, eta norbaitek zerbait seinalatzen badu, kasu, edo bere burua debalde nabarmendu nahian dabil, edo seinalatu duenarekin afera pertsonalen bat dauka. Sintoma horiek hor diraute. Egia da kritikoari eska dakiokeen gutxienekoa dela errespetuz aritzea. Baina hori hala den unetik, kiroltasun pixka batez hartu behar lirateke. Dena dela, niri inguratu zaizkidanak modu onean etorri zaizkit, eta alde horretatik gustura nago.


 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolari txapelketa 2017
2017-12-24 | Kattalin Miner
Bazterren aroa, behingoz

Oraindik BECekoa liseritu baino, irentsi beharrean nago. Zer nolako finala eman digun zortzikoteak! Hasi eta buka. Bejondeizuela eta eskerrik asko, egun paregabea biziarazi diguzue!

Beraz bai, pozik nago, oso pozik txapelketak utzitako gazi-gozoak kendu ditudalako... [+]


Beltza nagusi

Begirazun zorrotzez ebaki zuen hitz bakoitza Maialen Lujanbiok, eta larrurik beltzenei jarri zien ahotsa euskal plaza entzutetsuenean: amabakarra, prostituta, yonkia izatea hautatu zuen eta subjektu hauen bizitzetara eraman gintuen, erru, erruki zein epai moraletatik urrun... [+]


2017-12-18 | Dani Blanco
Finaleko argazki galeria

Abenduaren 17an Barakaldoko BECen jokatu zen finala, Dani Blancoren iruditan.


Eguneraketa berriak daude