Emakumeak borrokan
Kattalin Miner @MKattalin
2017ko abenduaren 24a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.Argazkia: Dani Blanco.

Oraindik BECekoa liseritu baino, irentsi beharrean nago. Zer nolako finala eman digun zortzikoteak! Hasi eta buka. Bejondeizuela eta eskerrik asko, egun paregabea biziarazi diguzue!

Beraz bai, pozik nago, oso pozik txapelketak utzitako gazi-gozoak kendu ditudalako igandearekin; Maialen Lujanbiorenarekin. Zeren, lagunok, bidea ederra izan da, baina urdaila ere uzkurtu izan zaigu batzuoi sarri. Izan ere, ez dakit badakizuen, baina Bertsolari Txapelketa Nagusian, apenas neurtzen ari garen nork egiten duen hobekien bertsotan (bai, barkatu hala, braust botatzea). Beno, hori ere neurtzen omen da, baina beste parametro batez ere ari gara, beste esanahi batzuez. BTNko finalean zehazki gauza asko erabakitzen, kontsentsuatzen eta onartzen ditugu (bertsotan hobekien nork egiten duenaz aparte).

Erabakitzen baitugu, zer den kultura. Erabakitzen baitugu zer den euskaraz egitea edo nola egin behar litzatekeen. Erabakitzen eta finkatzen dugu, zein bertso-joera gailenduko den. Zer den bertsotan egitea. Zer den ederra, eta zer edertasun saiakera. Zein doinu den atsegina, eta beraz, zein doinuk biziraungo duen plazan, eta zeinek ez. Zein mundu ikuskera eskertzen den. Zerk eragiten dion Euskal Herriari eta zerk munduari. Zer moduz datozen neskak aurten. Zein diren egungo gai sozialak. Zer den politikoa eta zer ez. Zer den umorea, zeri egin diezaiokegun barre eta zeri ez (nahiz barreak ihes egin). Zein puntutaraino onartuko dugun feminismoaren hau, edo non jarriko diogun muga. Zer den fikzioa eta zer norbere galbahetik kantatzea. Nork ordezkatzen gaituen kulturalki. Zein anitzak (ote) garen. Euskara zenbat maite (eta erabiltzen) dugun (eta behar genukeen). Transmisioan ondo gabiltzan edo ez. Epaileak objektibo izan daitezkeen edo ez. Zer ekarri erdigunera eta zer utzi atzean.

Gutxi gorabehera.

Eta igandearekin, herri honek erabaki du, berriro (esango nuke urte batzuk kostata) nork ordezkatzea nahi duen. Euskal kulturaren adierazpide gorenetako batean, nork eraman(go) duen gidaritza, eta ondo ez dakigun arren, nora eraman(go) duen bertsolaritza.

Ez, BECen, lau urtetik behin ez dugu erabakitzen nork egiten duen hobekien bertsotan. Lau urtetik behin, paktu sozial bat egiten dugu (adostasun gehiago edo gutxiagokoa), eta erabakitzen dugu, nork hitz egingo duen gutaz, eta nork hitz egingo digun guri eta zertaz.

Beraz, ulertuko didazue, Lujanbiorenagatik pozteaz gain, zer horrekin nagoela txoratzen. Lujanbiori eskertu egiten diodala, erraietatik, egindakoa, baina entzuleok, euskarazko komunitate honek, transgenero, yonki, puta, migrante, arrazializatu baten ahotsa onetsi du paktu kolektibo baten bidez; eta horrek oso harro sentiarazten nau. Izan ere, jakina da, nik maite, bazterrak maite ditudala ezeren gainetik. Milesker beraz, Lujanbiori, eta paktu hori berretsi dugun guztioi. Bejondeizuela.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Bertsolari txapelketa 2017

Bertsolari txapelketa 2017 kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude